Oso azkar ari da gora egiten Urumea ibaiaren maila, eta dagoeneko hasi da ura ateratzen

Kronika - Erredakzioa 2021ko abe. 9a, 17:41
Mahaietara iristear dago ura, Andre Gobadarien ibai parkean.

Arratsaldeko 18:40etarako, 1,958 metrora igo da ibaiaren maila Ereñotzun; 1,528 metrora zegoen 15:30etan. Dagoeneko ur asko sartu da Landareko zelaian, eta hasi da sartzen Andre Gobadarien ibai parkean ere. Goizuetan, gainezka egin du ibaiak, Olatxoko zubian.

Beste bailara batzuetan baino lasaiagoa zen egoera gaur goizean eta eguerdian, Urumean, ibaiaren maila ez zegoelako hain altu. Baina gogotik eta etengabe egin du euria, eta arratsaldean oso azkar egin du gora ibaiaren mailak: 1,528 metrora zegoen 15:30etan, Ereñotzuko estazioan; eta 1,81 metroko altuera markatu du 17:30etan. Ia 30 zentimetro egin du gora, beraz, bi orduko tartean. Ordubete beranduago, 18:40etan, 1,958 metrora iritsi da ibaiaren maila.

Landareko errugbi zelaia, urak hartuta gaur arratsaldean.


Hori horrela, eta prezipitazioek oraindik etenik izango ez dutela aurreikusita, kezkagarria da egoera Urumea bailaran. Dagoeneko hasi da ura ateratzen, kritikoenak izan ohi diren tokietan. Ur asko sartu da Landareko errugbi zelaian, eta Andre Gobadarien ibai parkean ere, aisialdi guneko mahaietara iristear dago ura. Erriberako baratzetara, itxuraz, oraindik ez da atera ibaia, nahiz eta putzu haundiak dauzkaten, euritearengatik. Baina muga-mugan dago ibaiaren maila, eta ez dute luzaroan salbu eutsiko, baratza batzuek.

Errepidean ere, putzu haundiak eragin ditu euriak. Esate baterako, Martindegin A-15 errepidea hartzeko errotondan, sekulako putzua dago irteera hartzeko momentuan.

Ahate ugari uretan, ibai parkeko mahaien inguruan.


Añarbe itxita, gaur eguerditik

Añarbek jakinarazi duenez, bestalde, presa itxita dago Urumea ibaia maila horira iritsi denetik; 13:40etatik, hain justu. Asteartetik, 15 metro kubiko ur ari ziren hustutzen segunduko, eta 7,5era murriztu dute 12:15etan, hustubide guztiak itxi aurretik, emari ekologikoarena izan ezik. Añarbek berak azaldu du, azken 15 egunetan 500 litro euri baino gehiago jaso dituela urtegiak metro karratuko; «hau da, urte osoko prezipitazioen laurdena, 2.062 litro metro karratuko».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!