Azaroaren 25ean hasi zen eguraldia kaxkartzen, eta euri dexente egin du. Horrek «kaosa» piztu du Urumea bailarako hainbat eremutan; beste txoko batzuetan, berriz, ez du inolako kalterik sortu. Horregatik, galdetu dugu Hernanin, Astigarragan, Aranon, Goizuetan eta Ereñotzun, nola eragin duten euriteek baratzetan, errepidetan edo herriko ibai ertzetan.
«Arranbideko eremu horretan, zuhaitzak errepidea moztu zuen euriagatik»
«Goizuetan urak hartzen duen lehen puntua Olatxon izaten da. Ibaia ateratzen bada, Alduntzingo jauregiaren parean izanen da. Egia da, hor inguruan ez dela baratzik. Baina errepidea ibaitik oso gertu dago, ura irteten bada, NA-450 itxi egiten da. Beste eremu bat izaten da Arranbideko zubia. Hala ere, normalean, Arranbideko zubian ura aterata balego, dagoeneko, urak hartuko luke Olatxoko eremua. Azken uholde indartsuak duela ia 10 urte izan ziren. Egia da aurten izan diren euriteek eragina izan dutela, baina ez dute kalte haundirik sortu; Goizuetan ez behintzat. Gu, gainera, suhiltzaileok, alertan egonen gara, baina urte honetan, euriteengatik, gutxiago. Baina esan bezala, pasa den asteko eta asteburuko euriteek ez dute eragin haundirik izan Goizuetan. Arranbideko eremu horretan izan genuen gertaera euriteagatik, enborrak Goizueta eta Hernani arteko errepidea moztu zuen. Zuhaitza erori zen euriarengatik, izan ere, lursaila zabaldu egiten da. Ondorioz, errepide nagusia moztu zuen zuhaitzak, eta justu astelehenean, Agoñoko eremuan ere beste zuhaitz bat erori zen. Horretarako gaude, guk pasabidea irekitzen dugu. Baina aurtengo euriteek Goizuetan ez dute uholderik ekarri».
«Euria eginez gero, beti alertan gaude»
«Zubipen, beldurrez baino, etsituta gaude. Guk ikusten dugu arazo haundiena Zubiperen kokalekua dela, alegia, ibaiaren ondo-ondoan gaudela. Ibaiaren beste aldean, enpresa eremua dago, eta hor badaukate horma txiki bat eremua babesteko, guk ez daukaguna. Ez dakit zein neurrikoa den. Hala ere, gurea baino altuagoa da eta gehiago babesten du. Azkenean, Zubipeko ibai ertzean dagoen hormak oso gutxi neurtzen du eta euria egiten duenean, oso erraz sartzen da ibaia zelaira. Hortaz gain, Landare ondoan daukagu, eta hau maila baxuago batean dagoenez, bertatik ur asko sartzen zaigu. Ibai ertzeko hormaren luzera igotzea irtenbide bat izango litzateke, zentimetro gutxi batzuk luzatuta. Uste dut uholde gehienak saihestuko litezkeela. Saiatu gara proposamen hori aurrera eramaten, baina ur agentziak ezezkoa ematen du. Beraz, bi urtetik behin edo, atera egiten da ibaia, eta aurten, gainera, bi egunetan atera da, jarraian. Horregatik, beti alertan gaude, eta beti antolatzen ibiltzen gara, entrenamenduen kokalekua zehazten. Azkenean, ez dira partiduak bakarrik, entrenamenduak ere hor daude eta garrantzitsuak dira».
«Egia esan, larrituta egon gara»
«Baratzak bi tokitan dauzkagu: Karabelen erreka ondoan daukagu bat, eta Osiñaga auzoan bestea. Egia esan, larrituta egon gara, euria hasten den bakoitzean beti gaude alertan nolabait. Azkenean, ibaia ateratzen bada, kalte haundiak ekartzen ditu, baina tira, aurten, gure kasuan, lurra lehorra zegoen eta ura xurgatzeko gaitasuna eduki du. Hala ere, ezin izan dugu baratzetara sartu ezer biltzera. Lurra orain buztintsua dago, eta horrela ezin da ondo bildu. Gure baratzetatik zuzenean Arriatzura eramaten ditugu produktuak, eta euriak dena hartzen badu…
Orain baratzetan daukaguna udaberrian jasoko duguna da, eta erreka ateratzen bada, hor dauden landareek eta barazkiek usteltzeko arriskua izan dezakete prozesuko fase delikatu batean baldin badaude. Horrek eragingo du biltzeko garaian ezer ez egotea, edo dena kalitate txarrekoa izatea. Egia esan, euriteek eragin kaltegarria dakarte, hala ere, zortea izan dugu. Beti gaude alertan, horrelako denboraldiak beti egoten dira Euskal Herrian, azkenean, guretzat toki ederra eta ona da, baina, aldi berean, badu bere arriskua, euriteengatik».
«Egindako euriak eragin du errepidea oso zikina egotea, Aranon behintzat»
«Euri asko egin du, hori egia da, baina orokorrean ez du kalte haundirik sortu. Ibai ertzetan eta hainbat eremutan zikinkeria egon dela, hori bai. Tximistak jota, kalte batzuk izan dira etxeetan. Erre dira etxeetako gailu batzuk, eta Aranoko baserri batzuetan telebista ez da ikusten, tximistaren eraginagatik. Momenturen batean gelditu ginen argirik gabe, telefonorik gabe, baina konpontzen gabiltza. Ikertzen ari gara nongo repetidorea erre den. Gainera, Nafarroatik etortzen den seinalea da. Horretan gabiltza, arazoak konpondu nahian. Baina Aranoren kasuan, euriteek baino, arazo gehiago eman dute tximistek. Ez da inon urik atera, eta momentuz, ez da zuhaitzen erorketarik egon. Agoñon ez da urik atera, eta Arranbiden ere ez. Aranon izan dugu euri asko, eta horrek eragin du errepidea oso zikina egotea, baina aipatu moduan, erortzerik ez da egon. Haizea hasten denean, zuhaitzen kontua etorriko da, baina oraingoz, ezer larririk ez da gertatu Arano inguruetan».
«Landareak behar dituzte eguzki izpiak, eta azkenaldian eguraldia ilun dago»
«Gure kasuan, euriaren eragina izan da landareetan. Guk deitzen diogu asfixia radicular, eta horrek landarea hiltzen du. Denbora luze batean landarearen oinetan, alegia, zainetan, ur gehiegi badago, landarea hil egiten da, itota. Oraingoz, hori ez zaigu gertatu, baina bizi garen eremua kontutan hartuz, eta iragarri dituzten alerta horiak direla eta, arriskua dago. Epe laburrean etengabeko euriteak iragarri dituzte, eta adi-adi gaude. Ergobin, gertatzen da ibaiaren aurka dauzkagula baratzak, Urumearen aurka. Aurreko asteburuan egia da ibaia kanpora atera zela, baina berehala berriro bere lekura itzuli zen, eta orduan ez dugu izugarrizko eragin kaltegarririk eduki. Guretzat arriskutsua da gure negozioa Urumea bailarara banatzen dugulako, eta, euriteekin, landareen kalitatea galdu daiteke. Hala ere, oraingoz ez da gertatu.
Orain dena geldirik daukagu, izan ere, eguzkiaren eragina garrantzitsua da baratza munduan, eta ez du eguzki izpirik jo azken aldian. Egunak ilunak dira, eta oso izpi gutxi sartzen dira. Momentu honetan daukagu euria barra-barra eta eguzki izpi gutxi. Ea zer gertatzen den».
«Hemen egoera kontrolatuta mantendu da»
«Fagollagan ikusten genuen euri indartsuak hasi aurretik egoera kontrolatua zegoela. Ibaiaren ur emaria haundia zen, baina kontrolatua zegoela ohartuta geunden. Ibaiak gorakada izan zuen bere momentuan, baina hortxe mantendu da, eta eragin kaltegarririk ez du izan. Ez da errepidera atera, ez da uholderik egon... Hainbat tokitan badakigu atera dela, eta egia da pena dela. Esan moduan, hemen egoera kontrolatua mantendu da; ibaiaren ur emariak gora egin du, baina ez da atera eta ez du kalterik sortu. Beraz, gure kasuan behintzat, zortea izan dugu».
«Urak, hiru egunetan, egin du igo, jaitsi, igo eta jaitsi»
«Guretzat izugarrizko kaosa da, tristea gainera. Alde batetik, entrenamenduak egiteko ezintasuna, izan ere, euriteak landare hartzen duenenean ezin dira gauzak behar bezala egin. Entrenamenduen kasuan, saiatzen gara beste gauza batzuk egiten; korrika kanpoan egiten, pistaren bat lortzen dugu batzuetan... Gune publikoak erabiltzen ditugu horrelako kasuetan, baina zementozkoak dira bertako lurrak. Egin daitezke entrenamenduak leku horietan, noski, baina arriskutsua ere bada, zementua gogorra da eta erorketa batzuk egon dira. Guk, beraz, beharrezkoa dugu belarra edo, gutxienez, zelai artifiziala. Hernaniren kasuan, ez daukagu, eta edukitzekotan Zubipe dago. Baina jende askok erabiltzen du, eta 200 bat lagun gara gu, non kokatuko gara? Azken urteetan Aieterekin geneukan hitzarmena eta bertan egin izan ditugu entrenamendu batzuk, horrelako egoerak izan ditugunean. Baina, kasualitatez, orain obretan dago. Eurite gehienak azaroan izan ohi dira, gehienak behintzat. Ia urtero gertatzen dira, eta urtero daukagu panorama bera Landaren. Aurten gertatu da euriteak egon direla eta Añarbek askatu beharreko ura berandu askatu duela. Denak bat egin du, eta urak gainezka egin du. Ez naiz aditua, baina ez da ohikoa izan; ostegunean igo zen ibaia, gero jaitsi zen, baina larunbatean berriro igo eta atera egin zen... hor kontrola behar da. Gertatu da hiru egunetan egin dela ura igo, jaitsi, igo eta jaitsi. Horrelako zerbait ikusten dudan lehenengo aldia da.
Eta entrenamenduez gain, partiduak daude. Hauek atzeratzea da irtenbidea, baina ez da guretzako egokiena, atzeratzeak gero denak pilatzea dakar. Orduan izugarrizko kaosa sortzen da».