Ibai parkea, Landare eta erriberako baratzak, urak hartuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 29a, 11:49

Andre Gobadarien ibai parkeko mahaiak, urez inguratuta.

Etengabe euri zaparraden ondorioz, Urumea ibaia atera da berriro, gaur goizaldean, bailarako hainbat tokitan. Une honetan, ibaiaren emaria oso altua da, eta Andre Gobadarien ibai parkea eta Landare daude urak hartuta.

Asteburuko etengabeko euri zaparraden ondorioz, atzo arratsaldean nabarmen egin zuen gora Urumea ibaiaren emariak, eta alerta horia aktibatuta, gaur goizalderako zegoen aurreikusita unerik kritikoena. Eta hala gertatu da: ibaia atera egin da bailarako hainbat puntutan; besteak beste, Andre Gobadarien ibai parkean, Landaren, Zubipen eta erriberako baratzetan.

Egunak argitu duenerako, pixka bat beherago zegoen ibaiaren emaria, eta ez zen iristen Zubiperen mailara, ordurako kaltea egina zegoen arren. Andre Gobadarien ibai parkea, Landare eta erriberako baratzak, ordea, urak hartuta daude oraindik, eta luze joko dute horrela. Izan ere, ostegun goizean baino ur gehiago sartu da horietan.

Ereñotzuko zubiaren parean, bestalde, ibai bazterreko zuhaitzak hartu ditu urak. Fagollagan ere, urak gainezka egin ez duen arren, oso altua da emaria. Eta berdin Latsen edota Ugaldetxon: aisialdi guneetako mahaiak ozta-ozta libratzen dira. Errepidean, gainera, makina bat ur-jauzi sortu dira, baina oraingoz ez dute arazo berezirik eragin.



Euri gutxi, gaur goizean

Lasaiagoa ari da izaten gaurko goiza, eguraldiari eta euri zaparradei dagokienean. Euri gutxi egin du, eta egin duenean ere ez dira zaparrada haundiak izan. Arratsalderako espero da euria berriro, baina ez aurreko egunetan bezainbeste. Gainera, biharko iragarpena ere hobea da, Urumea bailaran: ateri eutsiko dio, eguneko ordu gehienetan.


Añarbeko presa, «erabat itxita» atzo gauetik

Añarbek jakinarazi berri du, presako «hustubide-organo guztiak erabat itxita» egon direla atzo gaueko 23:30etatik, eta ez dutela «inolako hustuketarik» egin ibaian, nahitaezko emari ekologikoa izan ezik. Azaldu dutenez, azkeneko orduetan erregistratu diren prezipitazioen arabera, Urumea ibaiaren mailak behera egin du, «oso poliki bada ere». Horregatik, diote «uholde-arriskua gutxitzen» ari dela. Ereñotzuko estazioan, 2,03 metroko altuera maximoa izan du ibaiak, goizaldeko 05:50ak aldera, alerta laranja gaindituz.

Gaur goizean hasi du hustuketa Añarbek berriro, «Urumearen mailak uzten duela baieztatu ondoren». 11:15etan ekin diote, 10 metro kubiko segunduko hustuketa kontrolatuarekin. Jakinarazi dutenez, hustuketaren emaria haunditu egingo dute, ibaiaren maila jaitsi ahala, «hurrengo prezipitazioetarako behar den babes prebentiboa sortzeko».

 

Erlazionatuak

Urak aterata, Urumeako hainbat tokitan

Kronika - Erredakzioa 2021 aza 29 Urumea

Euriak ez du etenik izan, Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2021 aza 29 Urumea

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!