Euriak ez du etenik izan, Urumea bailaran

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 29a, 09:29

Fagollagan, ibaiaren emaria oso altua da momentu honetan.  Hortaz gain, Zubipe eta Landareko egoerak ere, berriro okerrera egin dute.

Euriak ez du etenik izan Urumea bailaran. Ostegunean hasi ziren euriteak, eta asteburu osoan jarraitu dute. Atzo arratsaldeko euriteengatik, Gipuzkoako ibaien emariek gora egin dute, tartean Urumea ibaiak. 

Hernaniko hainbat txoko hartu zituen ibaiak ostegun eta ostiralean, haien artean, Zubipe eta Landare. Zubiperen egoera asteburuan hobetu bazuen ere, gaur goizean berriro gainezka egin du, eta Zubipe lokatzez bete da. Hori horrela, entrenamenduak bertan behera gelditu dira. Landareko egoera ere hobetu egin zen asteburuan, baina gaur okerrera egin du. Izan ere, 1,2 metro inguru estali du urak errugbiko zelaia. 

Astigarragan, Ibai Parkean ere ibaiak gainezka egin zuen pasa den astean, eta une honetako egoera antzerakoa dela azaldu du Astigarragako Udaltzaingoak: «Beste eremuak kontrolatuagoak daude, baina oraindik jakiteke». 

Aipatu moduan, goizeko prezipitazioek hainbat eremuetako ur emariak haunditu ditu, eta haien artean dago Fagollaga. Urumea ibaiaren emaria asko haunditu da, beraz, gainezka egiteko arriskua egon liteke. 

 

Berriro gainezka egin du Urumea ibaiak. 
 
 
Zubipeko hainbat eremu lokatzez bete dira. 
 
 
Egoera kontutan izanik, entrenamenduak bertan behera gelditu dira. 
 
 
1,2 metro inguru estali du urak Landare.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!