Erreportajeak

«Jendeak behar ditu horrelako biltegiak; dena ez zaie etxean kabitzen»

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 27a, 00:00

Jose Luis Iturbe eta Arantza Iturbe, biltegien pasilloetako batean.

Estatu Batuetako telebista programa batek eta bezeroen eskariek interesa piztu, eta Barne jarri zuen martxan Jose Luis Iturbek, duela sei urte.

Telebistan ikusi zuten Jose Luis Iturbek eta Arantza Iturbek aurrenekoz, beste askok bezala, gauzak etxetik kanpo trasteleku eta biltegietan gordetzeko ohitura. «Estatu Batuetatik datorren kontua da, eta han, aspalditik, jendeak alokatutako trasteleku­etan gordetzen ditu etxean kabitzen ez zaizkion gauzak. Bada telebista programa bat, oraindik ere ematen dutena, horiei buruzkoa. Trastelekuaren alokairua or­daintzen ez dutenen gauzak, biltegiaren jabearentzat geratzen dira; eta horiek enkantean jartzen dituzte», kontatu du Jose Luisek.

Programa horri, ez zion arreta gehiegi jartzen hasieran; baina gerora interesa piztu zion. Bereziki, Urnietan daukaten Itur­­be altzari dendan bezero batek baino gehiagok galdetu zionean, tokirik ote zeukaten beraien altzariak gordetzeko. Hari bat bestearekin lotu, eta gaiaren inguruan informazioa biltzen hasi zen Jose Luis: «bururatu zitzaidan begiratzea hemen nola zegoen trastelekuen eta biltegi­en alokairuaren kontu hori, zabalduta ote zegoen. Eta ikusi nuen bakarra zegoela hemen inguruan, Lasarten. Guk bageneuzkan lokal batzuk, horretarako erabili genitzakeenak. Eta 2015ean, erabaki nuen trastelekuak egitea, tamaina ezberdinetakoak. 5 eta 11 metro karratu artekoak izango dira».

Barne izeneko trasteleku eta biltegi enpresa jarri zuen mar­­­txan horrela. Portu auzotik Ur­ni­etara doan bidegorriaren bu­kaeran, ezkerreko aldean aurreneko biltegiak dira horiek. Baina ordutik, bigarren biltegi bloke bat ere prestatu du Jose Luis Iturbek; hain justu, Iturbe altzari dendaren gaineko alde­an. «Aurrenekoak berehala hasi ziren betetzen, eta une honetan, %80a inguru dago hartuta. Baina biltegi haundienak alokatzen kosta egiten da. 100 lokal dauzkagu hasierakoan, haundiagoak, trastelekuak bakarrik Eta ho­rregatik, 2019an, pentsatu nuen txikiagoak egitea hemen, altzari dendaren gainean», kontatu du.

 

Autokarabanak, bizikletak, artxiboa, altzariak...

«Dibertsifikatzeko» jarri zuten martxan bigarren espazio hori: «aukera berrietara zabaltzeko». Tamaina eta mota ezberdinetako biltegiak eta gordelekuak daude bertan. Begibistakoa da hori, iritsi eta berehala: autokarabanentzako aparkalekua to­patuko du aurrez aurre, joaten denak. «Sekulako eskaria daukagu autokarabanak gordetzeko, eta itxaron-zerrenda dago», nabarmendu du Arantzak.

Lokalaren barruan, berriz, beste hainbat biltegi mota daude aukeran. Altzarien gordelekua da horietako bat: «etxean erreformak egiten dituztenerako izaten da, normalean. Altzariak bertan gordetzen dituzte erreformak egin bitartean, eta bukatzean, bila etortzen dira. Oso ondo funtzionatzen ari da», nabarmendu du Jose Luisek.

Gordelekuan sartzeko, arduradunei jakinarazi behar diete, eta beraiek irekitzen diete atea.Ez, ordea, biltegi txikiagoen kasuan: bakoitzak dauka bere biltegiko giltza, eta nahi duenean sartu eta atera daiteke, gauzak utzi edo hartzera, ia egun osoan zehar: goizeko 06:00etatik, gau­e­ko 00:00etara. Biltegi horiek txikiagoak dira, 3 metro karratukoak; eta haundiagoak egingo dituzte laster, 5 metro karratukoak. Denetik gordetzeko erabiltzen dituzte horiek.

Bi pasillo luzetan daude biltegiak, eta horien bukaeran ageri dira, beste bi aukera: bizikletentzako aparkalekua, eta artxiboa. «Enpresei zuzenduta dago artxiboa. Enpresa bakoitzak dauka bere artxiboa, giltza propioarekin. Bost urtez gorde behar dituzte fakturak eta horrelakoak, eta enpresa batzuei paper asko pilatzen zaizkie. Horrek espazioa behar du, eta enpresan ez daukate hainbesteko tokirik. Horretarako balio dute artxibo hauek, paper pila horiek arintzeko», dio Arantzak.

Lokal berriko biltegiak ez dira zaharrekoak bezain azkar bete, «baina hartuko dute indarra. Horrelako zerbait martxan jartzen duzuenean, kosta egiten da erritmoa hartzen».

«Estatu Batuetatik datorren kontua da trasteleku eta biltegien alokairuarena; baina dagoeneko oso zabalduta dago Europa mailan ere»

 

Altzarien gordelekuak dauka arrakasta haundia, Jose Luis Iturbek nabarmendu duenez.

 

«Europa mailan oso zabalduta dago, eta gero eta gehiago dira horrelako biltegiak»

Estatu Batuetatik datorren kontua izan arren, Europa mailan «dagoeneko oso zabalduta» dago trastelekuen eta biltegien alokairua, «oso normalizatuta». Eta horren adibide da, «gero eta en­presa gehiago» daudela, horretan ari direnak: «hemen inguruan ere, guk zabaldu genuenetik, jarri dute batenbat gehiago. Eta Espainian, Madrilen, Bartzelonan... pila bat daude».

Izan ere, jendeak «behar ditu horrelako biltegiak, dena ez za­ielako etxean kabitzen», Jose Luisek nabarmendu duenez. Baina biltegiak bezala, askotarikoak dira erabiltzaileak eta beraien beharrak ere.

Autokarabanentzako aparkalekua ere badaukate Barneren pabiloi berrian:  «sekulako eskaria dago autokarabanak gordetzeko. Itxaron zerrenda daukagu»

 

Etxean kabitzen ez diren gauzak, herentzian jasotakoak, negozio txikiak...

Biltegien erabiltzaileen artean, arruntenak dira, seguruenik, etxe­­an kabitzen ez zaizkien gau­­zak gordetzeko alokatzen dituztenak. Haurren bizikletak, elurretarako trineoak, eskiak, Gabonetako pinua eta argiak, mozorroak, erremintak... Egunerokoan erabiltzen ez dituzten horiek, hain justu. «Toki falta daukate etxean, gauzak gordetzeko; eta biltegi hauetako bat alokatzen dute. Badirudi ez dela toki haundia, baina betetzen hasita, gauza asko kabitzen dira barruan», diote.

Herentzian jasotako gauzak gordetzeko ere alokatzen dituzte biltegiak zenbaitek, ondo gordeta mantentzeko, edo saldu bitartean. Eta badira, baita ere, etxez aldatzeko asmoa dutenak; «eta aldaketa egin bitartean, zenbait gauza biltegietako batean gordetzen dituztenak», kontatu du Jose Luis Iturbek.

Baina bada beste erabiltzaile mota bat ere, Barne biltegietan: langileak, edo negozio txiki bat daukatenak. Batzuek, lanerako materiala gordetzen dute biltegian. Eta beste batzuek, aldiz, beraien produktuak gordetzen dituzte bertan: «beraien lanetik kanpo, negozio txiki bat daukate, hobby modura edo, gustatzen zaielako. Produkturen bat egin eta saldu egiten dute, adibidez. Hori gordetzeko etxean ez daukate tokirik, baina horretarako lokal haundi bat ere ezin dute hartu. Eta horrelako biltegi bat alokatzea, primeran datorkie».

Inguruko herritarrak ez ezik, urrutiagokoak ere etorri zaizkie, biltegiak alokatzera; «Tolosatik edota Beasaindik, adibidez, han ez dagoelako horrelakorik», kontatu du Jose Luisek.

«Altzarien gordelekuak oso ondo funtzionatzen du. Etxean erreformak egiten dituztenerako izaten da, normalean; obrak egin bitartean gordeta edukitzeko»

 

Jose Luis Iturbe, Arantza alabari biltegietako bat erakusten. Gauza askotarako baliatzen dute espazioa, erabiltzaileek.

 

Asegurua, eta kamerekin zaindutako biltegiak

Iturbe altzari dendan dauzkate Barneren bulegoak, eta bertatik kudeatzen dute administrazioa: sarrera-irteerak, laguntza, kontsultak, kon­tratuak... Esate baterako, gauzak biltegian gordetzeko ma­teriala ere badaukate bertan (zeloa, kajak...), erabiltzaileek behar izanez gero.

Jose Luisek nabarmendu du, «kontsulta egiten duten erabiltzaile gehienek» hartzen dutela biltegiren bat. «Horrek erakusten du, guk eskaintzen dugun prezioa ona dela, eta biltegiak oso txukun daudela».

Erosotasuna eta segurtasu­na ere badira Barneko indargune. Batetik, gauzak biltegi­ra eraman ahal izateko, ata­rira bertara iritsi daiteke kotxearekin; eta bestela, igogailua ere badago, behetik igo nahi izanez gero. Eta bestetik, hainbat kameraren bitartez zainduta dauzkate biltegiak, egunean 24 orduz; eta asegurua ere badauka erabiltzaile bakoitzak: metro karratu bakoitzeko, 250 eurora artekoa, arrisku anitzetarako; eta nahi duenak, kopuru hori haunditzeko aukera era badauka, azaldu dutenez.

Guztira, 1.468 metro karratu dauzka Barnek, bi pabiloietan; eta 350 trasteleku eta biltegi dira, bakoitza bere tamaina eta ezaugarriekin, «bakoitzaren be­harretara egokituta».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!