Zein izan zen egitasmo honen abiapuntua?
Euskarazko produktuen katalogoa lehen aldiz argitaratu genuenean euskarazko produktuak, hein handi batean, ezezagunak ziren, eta gurasoek ez zuten euskarririk Eguberrietako erosketetan euskarazko kalitatezko produktuak erosteko. Nafarroan sortu zen egitasmoa izan zen, eta ondoren hedatu zen beste lurraldeetara. Hasiera batean paperezko katalogoa zen soilik, Eguberrien bueltan banatzen zena, baina gaur egun webgunea ere bada, buletinetara harpidetzeko aukera ematen duena.
Nola egiten duzue produktuen hautaketa? Zeintzuk dira irizpideak?
Garai batean —liburuetan izan ezik eskaintza handiagoa zelako— zegoen guztia plazaratzen genuen katalogoan, betiere kalitatezkoa baldin bazen. Gaur egun, zorionez, ekoizpena askoz ere handiagoa da, eta hautaketa bi lagunek egiten dute: diskoak Badokeko arduraduna den Jon Eskisabelek egiten du eta liburuena, berriz, Migel Angel Asiain “Osio”-k Galtzagorriko lehendakaria izan zenak eta Haur eta Gazte Literaturan aditua denak.
Zer hedapen du egun egitasmoak?
Urte batzuetan Euskal Herri osoan banatzen zen katalogoa, baina Iparraldean zailtasunak zituzten produktuak eskuratzeko, eta haien katalogoa egiten hasi ziren. Egun Nafarroan zein EAEn banatzen da eta Iparraldean ez da katalogorik banatzen. Gure nahia litzateke berriz ere Iparraldean zabaldu ahal izatea, egun askoz errazagoa baita produktuak eskuratzea. Aurten 70.000 ale inguru banatu dira, eta 100 toki-entitate baino gehiago dira egitasmoan parte hartu dutenak.
23. ediziora heldu den egitasmoko mugarri nabarmenetako bi, digitalizazioa eta eskaintzaren handitzea izan dira ezta?
Eskaintza horren handia denez, motz geratzen gara paperezko katalogoarekin. Gainera, beti dira paperezko euskarria banatu eta gero plazaratzen diren produktuak. Horiek horrela, buletinak banatzen dizkiegu harpidedunei azken nobedadeen berri emateko. Hortaz, esan liteke osagarriak direla paperezko katalogoa eta webgunea.
Zer eragin izan du katalogoak produktuon salerosketetan eta euskararen ikusgarritasunean?
Jakin badakigu katalogoan agertzen diren produktuak gehiago saltzen direla. Nolanahi ere, arazo handi bat dugu ikusgarritasunari dagokionez: azalera handiak. Maiz saltoki horietan eskaintza urria da euskaraz, eta, gainera, ez dira oso agerian egoten diren produktuak. Liburu denda txikietan asko hobetu da egoera azkeneko urteetan aldez aurretik badutelako katalogoa eta haien stocka osatu dezaketelako, eta, gainera, eskaerak gaur egun oso epe motzean jasotzen dituzte logistika gune handi bat dagoelako Euskal Herriaren erdialdean.
Aurrera begira zer nolako bidea aurreikusten diozue katalogoari?
Urtero gure zalantza izaten da ea paperezko edizioarekin jarraitu behar dugun ala ez, baina egia da familiek estimatzen dutela euskarria, baita dendek ere. Errazagoa egiten da hautaketa. Nolanahi ere, webgunea izugarrizko tresna da, 8.000 produktu inguru biltzen dituena. Gure etorkizunerako erronketako bat da webgunearen berri ematea, erreferentziako tokia izan dadin.
Halako baliabideen beharra izaten segituko dugu? Zergatik?
Garai bateko arazoa produktuen ezagutza falta zen, baina azkeneko urteotan eskaintza olatu batek hartzen gaitu, batik bat urte bukaeran eta Liburuaren Egunaren bueltan. Beti beharko da kalitatezko produktuak aholkatuko dizkiguna, izan digitala edo analogikoa.
Beste ezer aipatu nahiko zenukete?
Uste dut azpimarratu behar dugula gurekin aritzen diren enpresetako langileek egiten duten lana. Garai batean teknikariek egiten genuen dena (produktuen bila joan, hautatu, diseinatzaileari eraman eskanea zitzan…) baina gaur egun ezinbestekoak dira Ttipi-ttapa fundazioko langileak, Biak inprimategikoak eta Iametzakoak.
Aisialdia euskaraz bizitzeko gida lagungarria
Ate joka dugu urte amaiera, garai ezin aproposagoa etxe askotan opariak elkarbanatzeko eta oparien bidez, aisialdi tarte ederra bizitzeko. Euskaraz bada ezinhobeto noski. Eremu honetan, irakurri, musika entzun, jolastu, film ederrez gozatu nahiz aplikazio anitzetan murgiltzeko parada dugu, eta euskaraz. Geure hizkuntzan zer nolako eskaintza aberatsa dugun jabetzen laguntzen digu urtero, milaka produktu eskueran jartzen dizkigun Euskarazko Produktuen Katalogoak. 23.ediziora heldu da egitasmoa, irudiz aldatuta. “Bai web-orriak zein papereko edizioak, biek ere itxura berriak estreinatu dituzte”.
Eskuratu beharreko gida, euskara oparitu eta aisialdi tartea hizkuntza berean bizitzeko baliabideak geureganatu nahi baditugu. Milaka produkturen erreferentziak biltzen dituzte proiektu honetan batuak dauden Euskal Herriko udal eta mankomunitateetako 100 Euskara Zerbitzuk baino gehiagok.
70.000 ale
Katalogoaren hedapena nabarmentzeko modukoa beraz; papereko edizioko 70.000 ale banatuko dituzte asteotan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan; tartean noski, Buruntzaldeko udal zerbitzuetan edota ikastetxeetan. Ohi bezala, bi atal izango ditu sustatzaileen esanetan; 12-16 urte artekoei zuzenduriko eskaintza batetik, eta 0-12 urte arteko haurren eta haien gurasoei begirakoa atala bestalde. “Musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala”. Adin tartearen arabera, edota aipatu produktu motaren araberako bilaketa egin daiteke katalogoan.
Webgune bizia
Papereko edizioa online bidezkoaren erakusleiho bat da; baina ez eskaintza osoarena, “atalka antolatutako hautaketa bat baizik”. Sarean aldiz, 8.000 produkturen erreferentziak aurki ditzakegu, katalogoa.eus helbidean hain zuzen. Webgune dinamikoa da, bizia, sustatzaileen esanetan, “maiztasunez eguneratzen den web-orria da, argitaratzen diren produktu berriak sartuz, deskatalogatu direnak kenduz”. Papereko edizioan bezala, eskaintza 0-12 eta 12-16 urte tarteetan bereizia dute. “Eta ez hori bakarrik, atal bakoitzak bere direktorioa du eta, hartara, tipologia bakoitzeko produktuen bilaketa nabarmen erraztu eta hobetzen da produktuak tituluaren, argitaletxearen, autorearen, adin-tartearen edota prezioaren arabera bistara daitezkeelako. Azkenean, erabiltzaileak produkturen bat begiz joz gero, argitaletxearen denda birtualera sartzeko manera izango du non eskuratu botoian klikatuta”.
Webgune bizia da aipatu moduan; berritzen doaz urtean zehar. Nobedadeen berri izan dezakegu Euskarazko Produktuen Katalogoa egitasmoko buletin elektronikora harpidetzen bagara. “Harpidedunek urtearen buruan 10 buletin jasotzen dituzte, argitaratu berri diren produktuen erreferentziekin. Izan ere, horixe baita katalogoa.eus atariaren helburua: merkatuan aurki daitezkeen euskarazko azken nobedadeak ere erabiltzaileen eskura modu erraz batean jartzea”.
Opariak egiteko egun seinalatuak ate joka ditugun honetan, aisialdirako euskarazko produktuak elkarbanatzeko gida ezin lagungarriagoa.