Hernaniko Lanbide Heziketak duen helburu nagusia da ikasleak lanbide ezberdinetan jarduteko gaitasunetan trebatzea, «gizartean eta enpresetan eskaerarik haundiena eta etorkizunik hoberena duten lanpostuetarako prestatzea, beti ere ezaguera tekniko eta praktikoetan oinarrituta».
Lanbide Heziketan, hainbat ziklo ezberdin lantzeko aukera dago, eta batzuetan gertatu ohi da, ikasleek Oinarrizko Lanbide Heziketa egin ostean, erdi mailako graduarekin amaitzen dutela ibilbidea, goi mailakorik egin gabe. Hala ere, gaur egun, Roman Besne eta Luis Gerardo gazteak, eredu gisa hartu ditu Hernaniko Lanbide Heziketak. Izan ere, ziklo guztiak egin dituzte, hau da, Oinarrizko Lanbide Heziketa, Erdi Mailako Gradua eta azkenik Goi Mailakoa. Momentu honetan praktiketan daude, eta orain arte ikasitakoaz gain, etorkizunerako planen berri eman diote Kronikari.
Derrigorrezko Lehen Hezkuntzatik, Lanbide Heziketara
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzara igarotzean, batzuetan agertzen dira deserosotasunak, arreta falta, eta honelako egoerak. Badirudi, alternatibarik ez dagoela, baina badago. Hernaniren kasuan, Lanbide Heziketa, eta hautu hori egin zuten duela urte batzuk, Roman Besnek eta Luis Gerardok. Aurten, gainera, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko goi mailako teknikari gisa titulatuko dira.
Besnek azaldu du Fabrikazio mekanikoan sartu zela, eskolan ez zegoelako gustura: «ez nengoen eroso. Hortaz, irtenbide bat ikusi nuen, eta Oinarrizko Lanbide Heziketara sartzea erabaki nuen. Mekanizazio mundua gustuko nuen, eta ibilbide horretan zentratzea otu zitzaidan. Horregatik, apuntatu nintzen CIPera». Gerardok dio asko kostatzen zitzaiola ikastea: «nire kasua ere Romanen antzekoa da, ez naiz ikasle ona izan sekula. Asko kostatzen zitzaidan eserita egotea, irakasleari arreta jartzea… Beraz, Romanekin batera Mekanizaziora apuntatu nintzen, eta hor esan nuen, zergatik ez dut probatzen diseinutik joatea? Nire bidea hortik joan zitekeela planteatu nuen. Eta begira, gaur egun arte, hemen jarraitzen dugu, gustura».
Hernaniko bi gazteek, lehenik, Elementu Metalikoen Fabrikaziorako Oinarrizko Lanbide Heziketa egin zuten; ondoren, Mekanizazioko Erdi Maila; eta amaitzeko, Fabrikazio Mekanikoko Diseinuko Goi Maila. Abenduan amaituko dute, praktikak bukatu ostean. Momentu honetan, Roman Besne Metal Global Solutions enpresan dago praktiketan; eta Luis Gerardo, berriz, Eralki Engineering SL enpresan.
Hiru ziklo egin dituzte guztira, eta jakinarazi dute saltoa nabaritzen dela, baina ez dela zailtasun haundikoa. Hala ere, Besnek, gradu batetik besterako saltoa edo aldaketa nabaritu du: «beharbada, esan dezaket, niretzat behintzat, erdi mailatik goi mailara nabaritu dudala gehienbat. Erdi mailako zikloan, azkenean teoria gehiago ematen da, basikoagoak. Eta ez zaio horrenbesteko garrantzia ematen mekanizazioari. Aldiz goi mailan, bai ematen zaio garrantzia, praktikoagoa da, ordenagailuarekin, proiektuak egiten, piezak…». Aldiz, Gerardorentzat ez da horrenbesteko saltoa izan; «ez da salto haundia, gauza da, ohitzen zarela kurtso batean egiten duzun horretara. Esaterako erdi mailan, tailerrean mugimenduan zaude, eta goi mailara pasatzen zarenean, ordenagailuan igarotzen ditugu ordu asko. Kontzeptu berriak agertzen dira, eta hor badirudi mundu berri bat deskubritzen duzula, baina errealitatean ez da hain aldaketa haundia. Ez dago salto haundirik erdi mailatik goi mailara, gertatzen da ezberdinak direla».
Bi ikasleek, diseinuarekin lotutako zikloak egin dituzte eta argi utzi dute «asko ikasi dutela». Arrazoi hau eta beste hainbat tarteko, bai Besnek zein Gerardok, Lanbide Heziketa gomendatuko luketela azaldu dute. Besnek dio, aldaketaren bat egingo lukeela; «hobetzeko beti dago zerbait, baina tira, orokorrean, gomendatuko nuke, asko ikasten baita, bai teorikoki zein praktikoki. Oinarrizko heziketan, mekanizazioa bakarrik dago, baina benetan diseinua interesatzen bazaizu, goi maila egitea ederra da, diseinuko alor asko ukitzen baitira. Gradu sendoa da, bere osotasunean». Gerardorentzat garrantzitsuena, zikloak eskaintzen duen lan munduan sartzeko aukera da: «CIPak ona daukana da, lan mundura irteerak dauzkala. Zuk ikasten baduzu beste nonbait, gero ez daukazu irteerarik. Baina Oinarrizko Lanbide HeziketaK, gehienetan lan mundura irteerak eskaintzen ditu, eta behintzat hau lotzen du».
Horrez gain, praktikotasunari ematen zaio garrantzi haundia Hernaniko Lanbide Heziketan, eta hori goraipatu dute gazteek; «azkenean, zu zatoz motibaziorik gabe eskolatik, eta askotan pentsatzen duzu ez duzula balio ikasteko. Baina ez da hori, zerbaitetan destakatuko duzu, hori seguru, non destakatuko duzun aurkitzea da gakoa. Nire kasuan, klaseetan ez nuen arretarik jartzen, eta etorri nintzenean Lanbide Heziketara, arreta haundia jartzen nuen, gaiak interesa zuelako niretzat», jakinarazi du Besnek. Gerardo, berriz, ados dago klasekide eta lagunak esan duenarekin, eta honakoa gehitu du; «praktikotasunari ematen diote garrantzia hemen, eta ez hainbeste teoriari; eta nik horri balioa ematen diot. Hor ikasten baita benetan, eskuekin praktikatzen, eta ez teoria soila ikasten. Gainera, esan beharra dut, adin tarte guztietako jendea igaro dela Oinarrizko Lanbide Heziketatik, edozein adinetarako baitago egokituta».
Praktiken garrantzia
Lanbide Heziketan ikasitakoa praktikan jartzeko garaia heldu zaie bi gazteei, eta azpimarratu dute, klasean ikasitako ezagutza batzuk, enpresan erabili behar dituztela: «eskolan ematen diren gauza batzuk, errealitatean ez dira beharrezkoak, azkenean enpresa bakoitza mundu bat da. Baina egia da eskolan ikasitakoa praktikan jartzeko aukera badagoela. Nire enpresaren kasuan, guk eskolan erabiltzen ditugun programak ez dituzte erabiltzen, eta azkenean ikasi egiten duzu. Zentzu horretan, Lanbide Heziketak egokitu egin beharko luke, esan nahi dut, enpresek erabiltzen dituzten programak erabili beharko lituzke, baina esan bezala, enpresaren araberakoa da», azaldu du Besnek. Gerardoren kasuan, klasean ikasitako guztia jartzen du praktikan: «marrazten pasatzen ditut orduak, hemen ikasitakoa praktikan jartzen, eta diseinuari dagokionez asko ari naiz ikasten. Nik esan beharra dut, Lanbide Heziketan ikasitakoa praktikan jartzen ari naizela eta oso-oso pozik nagoela».
Gogoan gelditutako proiektuak
Zikloetan, hainbat proiektu lantzen dira, eta haietako batzuk aipagarriak direla azaldu dute Roman Besnek zein Luis Gerardok. Azken honek dio, berarentzat proiektu ikusgarria izan zela Kanoiarena; «irakasle batek proposatutako proiektu bat izan zen. Momentu hartan, piezak egin eta egin ari ginen, eta ikasleok aspertuta geunden, zerbait berria nahi genuen. Momentu horretan, irakasle bati, otu zitzaion kanoi bat egitea. Hala ere, honek atzean istorio bat zuen, ‘aitonaren kanoia’ esaten genion. Hortik, hasi ginen proiektua egiten; marraztu genuen kanoia, eta hau erreferentzia hartuz egin behar genuen proiektua. Bi hiru aste eman genituen kanoia egiten, hain justu, kurtsoa amaitu zen arte. Eta izugarrizko lana izan zen». Luisen proiektuari arreta jarri dio Besnek, eta berak egindako proiektu bat etorri zaio burura: patinetearen llantak. «Soldatzeko klasean, beste proiektu haundi bat ere egin genuen. Zerbait soldatzekoa eta logikoa izan behar zuen, ezin da edozein gauza egin, beti zentzuarekin eta gero funtzioa edukiko duen zerbait sortu behar da. Nik patinetearen llanta bat egitea aukeratu nuen. Neurri maximo batzuk zituen, angelu batzuk… Hasiera batean, iruditu zitzaidan oso proiektu konplikatua, eta uste nuen ez zela ondo aterako, baina emaitza ikusi nuenenean, pozez lehertzear nengoen, ez nuen sinesten hau guztia nik egin nuenik». Klasekideari loreak bota dizkio Gerardok jarraian: «ikusten duzu prozesu guztia, zerotik hasten zara, soldatzen duzun arte, eta amaitzean, diozu: begira zer egin dudan, ikasi dut eta kapaza naiz!»
ETHAZI metodologia
Oinarrizko Lanbide Heziketan, ETHAZI metodologia erabiltzen da (erronketan oinarritutako ikaskuntza kolaboratiboa). Laburbilduta, honakoa dela azaldu du Ana Mendiluce irakasleak: «egoera problematiko bat planteatzen da, hau erronka bihurtuz. Ikasleen helburua erronka honi emaitza ematea da. Horretarako, ziklo bakoitzeko konpetentzia tekniko eta espezifikoak lantzen dira, baita zeharkako konpetentziak ere; hala nola: autonomia ikaskuntzan, talde-lana, aparteko emaitzetarako orientazioa, etabar».
Hau kontutan izanik, Lanbide Heziketan oinarrizkoa da talde lana, hori lantzen da proiektuetan, klasekidearekin lan bat aurrera eramaten jakitea, etorkizunean eta lan industrian, gehientsuenetan baitzaude jendez inguratuta eta hauekin lanean. Besneren kasuan, bakarrik lan egitetik, talde lanean aritzeko ezagutzak barneratu ditu Lanbide Heziketan: «zentzu horretan asko ikasi dut. Nire kasuan, hobeto egiten dut lana bakarrik, eta hemen taldean lan egiten ikasi dut». Eta Gerardok aipatu du, indibidualki lan egiteak, alde positibo eta negatiboak dauzkala: «merituak zuretzat dira, baina arazo guztiak ere. Lan munduan gertatu daiteke zeuk bakarrik egitea lan, edo taldean. Beraz, taldean lan egiten ikasi behar da. Orokorrean, ikasten duzu taldean lan egiten, gero lan munduan errealitatea hori delako».
Prozesu guztia egin duten ikasle «eredugarriak»
Aipatu moduan, Lanbide Heziketan gertatu ohi da, ikasleek ez dutela ziklo osoa amaitzen, eta horregatik Roman Besne eta Luis Gerardo «eredugarriak» dira. Izendapen horrekin pozik agertu dira bi ikasleak. «Pozgarria da jakitea eredugarriak garela, egia esan. Nire kasuan, ezagun batzuek nitaz barre egiten zuten, DBH ez nuelako amaitu. Baina ikusi dut, hau amaituta, askok baino gehiago ikasi dudala, prestatuago nagoela, eta horrek nolabait poza ematen dit, ez baitzeukaten arrazoia. Nik nire bidea egin dut, eta oraingoz bide onetik noa», azpimarratu du Besnek. Gerardok, alai, honakoa azaldu du; «nire kasuan, nik pentsatu nuen, Oinarrizko Lanbide Heziketan izena ematea, eta hortik joatea. Hiru zikloak egin ostean, oso pozik nago, eta harro nitaz».
Eredugarriak izateaz gain, langileak dira Roman Besne eta Luis Gerardo, eta momentu honetan, praktikak gauzatzen ari dira, bakoitza enpresa batean; «orain nagoen enpresan, marrazketari dagokionez, Lanbide Heziketan ikasi dudanak asko balio izan dit. Esan didate 'hau' egiteko, jakin dut egiten eta ondo gainera. Beraz, alde horretatik oso eskertuta nago. Orain ditut ezagutza batzuk, duela bi edo hiru urte ez nituenak, eta hemen ikasitakoak hain justu», dio Besnek. Gerardok, marrazten pasatzen ditu orduak: «enpresan egoten naizen zazpi orduak marrazten. Hemen ikasitako guztia jartzen dut praktikan: marraztu, planoak egin… Gauza berriak badaude noski, beti ikasten da zerbait berria gainera, baina orokorrean hemen ikasitakoa jartzen dut praktikan, eta oso gustura nago».
Hemendik aurrerakoak
Oinarrizko Lanbide Heziketako bi ikasle eredugarriek, oraindik ez dakite zer dakarkien etorkizunak, baina argi dute ikasten eta lanean jarraituko dutela.
Besnek dio, bera praktiketan dagoen enpresak, momentuz ez duela jende gehiagorik behar. Hala ere, «esan didate, datuak hartuko dizkidatela behar dutenerako, baina momentuz jendea badutela aipatu didate. Beraz, lana bilatzen hasiko naiz, edo beste goi maila bat ateratzeko gogoa ere badut, formatzen jarraitzeko gogoa». Gerardoren kasuan, dio oraindik ez duela galdetu berarekin zer gertatuko den; «aurrerago galdetuko diet zein den enpresaren asmoa nirekin. Hartzen banaute pozik, eta bestela Romanek esan bezala, formatzen jarraituko dut. Planteatu dut unibertsitatera joatea, ingenieritza graduren bat aterako dut beharbada…Batek daki!».