Erreportajeak

«Askorentzat, natura izan da igande arratsaldetako tertulietako gaia; beraien nortasunaren parte da»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 16a, 00:00

Eñaut Agirre Goia eta Iñaki Sanz-Azkue hernaniarrak, 'Gure faunari eta florari begira' liburua eskutan dutela, kontu-kontari.

'Gure faunari eta florari begira' liburua argitaratu berri dute Eñaut Agirre Goiak eta Iñaki Sanz-Azkuek. Naturari lotutako ahozko ondarea biltzen du liburuak: «bertan ikusten da, Urumeako bizilagunek nola begiratu dioten naturari, eta zein  harreman izan duten naturarekin».

Begibistakoa da, biak elkartu eta berehala, beraien arteko konplizitatea: «sekulako harremana egin dugu; eta konturatu gara, batak bestea gabe ezin genuela lanik egin, proiektu honetan». Eta begibistakoa da, era berean, barru-barrutik hitz egiten dutela, Hernaniko naturari lotutako ahozko ondareari buruz ari direnean, eta urte guzti hauetako ibilbideari errepasoa egiten diotenean: «ikaragarri gozatu dugu egindako bideaz, eta ateak zabalik hartu gaituzte etxeetan; sartu gaituzte barrura, eta bat gehiago bezala hartu gaituzte».


Gure faunari eta florari begira liburua argitaratu berri dute Iñaki Sanz-Az­kue eta Eñaut Agirre Goia hernaniarrek; duela 10 urte hasi zuten ibilbidearen bigarren geltokia, 2015ean Burbunak eta Etsayak dokumentala kaleratu ondoren. «Guk nahi genuen bezala argitaratu dugu liburua, eta hori oso garrantzitsua da», diote. Eta gustura hartu dute irakurleek ere, dago­eneko jaso baitituzte esker oneko hitzak: «hunkituta gerturatu zaizkigu batzuk, eta esan digute, norbaitek kaso egin izana gauza haundia dela beraientzat». Jasotako erantzun onaren pozarekin, gustura aritu dira Kronikarekin solasean.

Zer aurkituko du irakurleak, 'Gure faunari eta florari begira' liburuan?
Iñaki Sanz-Azkue: Orokorrean, naturari lotutako ahozko ondareari buruzko liburua da, oinarria Urumea bailaran daukana, baina Euskal Herri mailara zabaltzen dena aipamen ezberdinekin. Erakusten du euskal gizarteak, eta batez ere Urumea bailarakoak, naturarekin izan duen harremana, eta horrek utzi dituen arrasto guztiak euskeran, ezagutzan eta ahozko ondare horretan.


Eñaut Agirre: Liburuan ikusten da, Urumeako bizilagunek nola begiratu dioten naturari, eta zein harreman izan duten naturarekin. Naturari buruzko liburu zientifiko batean ez dagoen horixe da, liburu honek biltzen duena.

Emaitzarekin pozik agertu dira Eñaut Agirre Goia eta Iñaki Sanz-Azkue: «liburua irekitzen duena, zuzenean erakarriko du».
 

150 animalia dira, bere fitxarekin. Baina ez dira ohiko fitxak, gida zientifikoetakoak...
Iñaki: Badago oinarri zientifiko txiki bat, zuzenketen aldetik, eta biologiari eta habitatari buruzko aipamenekin. Baina ez da liburu zientifiko bat. Azalduko dira gauza asko, behatzeko modu horren bitartez jaso direnak, eta belaunaldiz belaunaldi pasa direnak. Esate baterako, kabia nola egiten duen txoriak, non jartzen duen, zein txorik zeinekin migratzen duen... Gauza horiek eskapatu egiten zaizkigu gida zientifikoetatik, eta dira gizartean dagoen ezagutza bat. Hori jaso nahi izan dugu.


Eñaut: Eskolan asko aritua denak estudiatu izan du, baina eskolan hainbeste aritu ez denak ere, ikasi egin izan du. Baina nola izan da ikasteko ohitura edo tradizioa? Ba lehengoei entzunda eta norberak esperimentatuta. Hori da ikasteko prozesu naturala. Eta prozesu horretan, ezagutza bat pilatu da, eta horretarako daude kontatzeko moduak, begiratzeko moduak... Hori guztia, kontatu nahi izan dugu, beti kontatu izan den bezala. Guri esan diguten bezala kontatu dugu. Eta beraz, irakurleak aurkituko du pertsona bakoitzari esanguratsuena iruditu zaiona, animalia bati buruz. Hori oso baliagarria da ikasten ari denarentzako, normalean atentzioa emateko gauzak esaten dizkizutelako. Adibidez, kax­kabeltzak txintxilik jaten due­la; edo txortintxak milaka pasatzen direla, eta behatzen jarriz gero konturatzen zara. Begiratzeko eta ikasteko modu hori islatzen saiatu gara.

Begiratzeko modu bat, beharbada galtzen ari dena...
Iñaki: Eta seguruenik, horrega­tik hasiko ginen gu ere, berreskuratu nahian. Ni kaleko umea naiz, eta bertako espezie asko ezagutzen nituen; baina aurkitu dut nire herrian bertan mundu bat, ezagutzen ez nuena. Hori ez zen iritsiko niregana, ez transmisio bidez eta ez behaketa bidez, kalean bizi bainaiz. Badago begiratzeko modu hori oraindik, guk jaso dugulako. Orain beste iturri batzuk dauzkagu, bideoak, liburuak... Eta belaunaldi berriek gutxiago jasotzen dute horretatik. Badago kontatzeko modu bat, ez dena berdina. Badago begiratzeko modu bat ere, berdina ez dena. Eta badago horren atzean pasio bat ere, gaur egun ez dagoena, beste mila gauza dauzkagulako buruan. Konturatu behar dugu, landare eta animalia horiek izan direla aisialdia, ofizioa batzuentzat; eta igande arratsaldetako tertulietako gaia. Beraien bizimoduaren parte da, eta beraien nortasunaren parte. Beraien egunerokoa ulertzen dute euskeraz, natura behatzen, eta naturari buruzko hizketaldi horiekin.

Eñaut Agirre Goia: «Naturaren ezagutzan zerotik abiatu nintzen; usoa, birigarroa eta zozoa bereiziko nituen. Eta orain, liburuko espezie guztiak identifikatuko nituzke hortxe-hortxe. Hori niretzat sekulakoa da»


Eñaut: Egia da, askotan hitz egiten dugula belaunaldiei buruz. Eta neurri batean bada horrela, eta bada galtzen ari den zerbait. Baina ezin dugu esan galdutako mundu bat denik. Ikusi dugu jende gaztea, ikaragarri dakiena, transmisio hori jaso duena, eta transmisio hori egiten ari dena oraindik. Eta badago jende pila bat, ikasi nahi duena ere. Interesgarria da, baita ere, beraiek diotena: begiradak nolako garrantzia daukan. Nahiz eta naturan bizi eta naturan lan egin, denek ez dakite hainbeste. Zein pasiorekin begiratzen zaion, horrek zerikusi haundia dauka. Batzuk belarra moztu­tzen aritu dira bere bizitza oso­an, eta kapaz dira belar metro koadro batean 50 belar ezberdin bereizteko. Jende batek, bere pa­sioa horixe izan du, eta pasa izan ditu arratsaldeak txoriei buruz hizketan, adibidez. Bazkalondoa luzatu, eta neguan bereziki, berriketa gai izaten ziren fauna eta flora. Batzuk apasionatuak dira txorietan, besteak belarretan... Eta gozamen bat bada beraientzako, zergatik ez da gozamena izango, liburu hau hartu eta irakurtzen duenarentzat? Azken batean, jarri ditugu beraiek kontatu dizkigutenak, arratsalde batean kontatuko lituzketen bezala. Horretan saiatu gara, izan dadila gozamena irakurtzen duenarentzat. Erraz barneratzen den mamia dauka, eta gauza benetan kuriosoak eta interesgarriak daude.

Liburuak balioko du, naturari lotutako ahozko ondarea biltzeko, gordetzeko eta transmisioan laguntzeko. 
Zein da irakurle potentziala?
Iñaki: Oso abaniko zabala ari naiz ikusten, argitaratu dugunetik. Naturzale batentzako izan daiteke, aurkituko dituelako gida zientifiko batean agertzen ez diren gauzak. Naturzalea eta euskaltzalea bada, are eta gehiago. Euskaltzalea bakarrik izanda ere, piztuko du bere interesa. Eta ari zaizkit bidaltzen, 8-9 urteko haurren argazkiak liburua irakurtzen; baina beraien gurasoak ere irakurtzen ari dira. Jendeak pentsatu dezake, adineko jendearentzako liburua dela, hau bizi izan duenarentzako. Eta nik esango nuke ezetz, jende horrek gozatuko duela, baina benetan txundituta geratuko dena beste hori dela, ezagutzen ez duena.

Eñaut Agirre eta Iñaki Sanz-Azkue (erdian), Antonio Santa Kruzekin eta Joxe Susperregirekin egin zuten elkarrizketan.


Eta horrez gain, gertatu zaigu beste gauza bat. Iritsi zaio liburua Unai Pascuali, BC3 zentroko ikertzaileari. Nazioarte mailan ari da argitaratzen, nazioarteko zientzialariekin. Aste honetan iritsi zaio gure liburua, eta une honetan, berarentzako da ikerketa lan baterako oinarri bat. Naturari begiratzeko moduan, orain arte bi adar egon dira: bata oso kontserbazionista, naturak gizakiarentzako dituen balioak errespetatu behar direla dioena; eta bestea, natura baliabide moduan erabiltzen duena, egurra atera, turismoa erakarri... Baina hirugarren adar bat proposatzen ari dira ikertzaileak: zein harreman izan duen gizarteak naturarekin. Eta Unairentzat, gurea izan da argitaratu den aurreneko lana, adar horretatik.

Oso modu atseginean dago idatzita, eta bertako hizkerak presentzia nabarmena izatea ere ez da kasualitatea.
Iñaki: Horretan Eñautek egin du sekulako esfortzua. Bera da aurretik esperientzia daukana, eta manejatzen duena idazteko modu hori. Eta uste dut erabat asmatu duela. Egin ditu testu frexkoak, irakurterrazak, badaukatenak pikante puntu bat momentu batzuetan, engantxatu dezaketenak. Testu motzak dira, fitxa moduan, eta errespetatuz beraien esateko moduak. Konbinazio hori ez da arrunta. Lizentziak hartzen ditugu. Izan ere, ez badituzu lizentziak hartzen, beti bide beretik zoaz, eta dena da berdina. Kasu honetan, lizentzia txiki batzuk hartu ditugu, aberastu egiten dutenak testua.

Iñaki Sanz-Azkue: «elkarrizketetara, hasieran, joaten nintzen nire zientifiko ikuspegitik, datuak biltzera. Eta ikasi dut elkarrizketak gozatzen, eta kontatzen uzten dakiten guztia»


Eñaut: Ni saiatu naiz ahozko hizkeratik ahalik eta gertuen egiten testuak. Hitzaldietan, azpimarratu izan dugunean zein diren honen balioak, hori azpimarratu izan dut, ahozkotasunetik gertu egotea; kontu kontari ariko bagina esango genukeen moduan. Ez dijoa hainbeste dialektoarekin lotuta, kontatzeko moduarekin baizik. Nire narrazioa euskera batuan dago, baina beraiek esaten dutenetik ahalik eta gertuen. Eta horrez gain, beraien esanak hernaniarrez joatea, intentzioz egindako gauza bat da, hernaniarrei begira batez ere, beraien ahozko hizketa zein den eduki dezaten idatzita nonbait. Hitanoa erabiltzea eta hernaniarrez idatzita egotea, nahita egindako zerbait da; eta zerbait aportatu badiezaioke hizkuntza erabilerari, hor geratuko da. Askotan esan da, hizkuntza informala da falta zaiena gaur egungo gazteei; beraien artean hitz egiteko hizkuntza informal hori landu beharko litzatekeela gehixeago. Ba hemen daukagu adibide bat, hau izan da gure arteko hizkuntza informala. Eta horrez gain, hernaniarrena hernaniarrez idatzi dugun bezala, keinu bat egin nahi izan diegu gainerako euskalkiei ere. Era honetako bilketak egin dituzten lekuetan eta egin dituzten garaian, dauden aipamen ia denak euskalkian daude, bizkaieraz, lapurteraz... Eta bakoitza bere moduan eman dugu. Hori oso ensalada polita da.

Elkarrizketa pila bat egin dituzue, proiektu honetan. Nola hartu zaituztete?
Iñaki: Orokorrean, zoragarri, oso ondo. Ateak zabalik hartu gai­­tuzte. Beraiek ere orientatzen gin­­tuzten. Halakok ikaragarri da­kiela, eta berak deituko diola esa­teko. Niretzako izan da esperientzia bat zoragarria, etxeetan sartu, sukaldean edo egongelan eseri, grabadora mahai gainean jarri, eta patxadaz hitz egitea. Hori egiten ere ikasi behar da. Deskubritu dut mundu bat, etxetik bost minutura neukana baina eskapatu egiten zitzaidana. Eta ederra izan da mundu horretan murgiltzea, eta urtetan zehar egitea elkarrizketak, ikaragarri erakutsi digun jendeari; ez begiratzeko moduaz bakarrik, baita hitz egiteko eta gauzak kontatzeko moduaz ere. Nik ikaragarri ikasi dut, zentzu askotan, ez bakarrik naturari buruz.


Eñaut: Beraiek ere oso gustura hartu gaituzte. Haientzat izan da lan atsegin bat, gustura egin dutena. Askotan, oso ondo jakin gabe gu zertara gindoazen ere. Baina ireki dizkigute beraien etxeetako ateak, sartu gaituzte barrura, eta bat gehiago bezala hartu gaituzte. Beraiek ere gozatu dute; guk jakin dugula beraiek eroso egoten. Hori izan da gure lana, beraiek eroso egotea eta emaitzarekin gustura sentitzea. Ez dakit liburua zer irudituko zaien, baina 'Burbunak eta etsayak' dokumentala asko gustatu zitzaien. Horrekin, gu ere gustura gaude, izan delako hartu-eman bat. Ikusi dute guk ere ez dugula ezer aterako hemendik, gure borondatez ari ginela. Eta beraiek lagundu digute erabat, baldintzarik gabe.


Iñaki: Orduan ezagutu genituen askorekin, harremana mantentzen dugu oraindik ere. 


Eñaut: Baina kontua da presaka bizi garela. Badago jendea, seguru dakiguna beraiengana joanez gero, bi ordu pasako genituzkeela berriketan.


Iñaki: Pena hori daukagu. Gustatuko litzaiguke berriro errondatxo bat egin eta beraiengana joatea etxez etxe, pare bat ordu beraiekin egon, liburua erakutsi...


Eñaut: Sekulako harremana egin dugu, eta ezin diegu bost minuturako bakarrik deitu. Garbi daukat, berriro beraiengana joango bagina, pasako genituzkeela pare bat ordu erraz, eta oso gustura.

Gizartetik jasotakoa gizartera bueltatzea zen zuen asmoa. Zaila izan da, jasotako hori guztia liburu batean laburbiltzea?
Eñaut: Hori izan da gure lana, esanguratsuena biltzea. Liburu honetatik kanpo ere, badago zer bildua. Eta euskeraren aldetik ikerketak egin nahi dituenak, edo gizarteak naturarekin zer harreman izan duen ikertu nahi duenak, adibidez, hor dauzka grabaketa guztiak. Baina perla haundienak liburuan daude. Kontuan hartu behar da, baita ere, Iñakik egin duen lana. Gauza bat da beraiek esaten dutena, eta beste bat dagoeneko badakiguna benetan nola den. Adibidez, badakigu benenoa ez daukatela espezie batzuek, nahiz eta beraiek kontatzen duten baietz. Toxiko puntu bat badaukate, baina benenorik ez. Eta ikuspuntu hori guztia ere, txertatu egin behar zen. Balio zezakeen horrelaxe uzteak ere, baina ez genuen hori nahi. Nahi genuen kontraste zientifikoa egin. Eta hori Iñakik egin du erabat. Fitxa guztien zuzenketak, zalantza guztiak argitu...


Iñaki: Ez da erraza, baina horixe dauka ahozko ondareak. Ez dakigu zenbat daukan egitik, transmisiotik edo haunditu izanetik. Gertatu daiteke uste bat nonbaitetik iritsi izana, baina urteekin haunditu izana. Sekretua horretan dago. Eñautek eta biok, bakoitzak txertatu dugu gure ikuspuntua liburuan. Eta konturatu gara, batak bestea gabe ezin genuela lanik egin proiektu honetan. Eñautek bada­ki, ni gabe egin zituen pare bat elkarrizketatan asko izerditu zu­ela, espezieak identifikatzeko zailtasunagatik; eta nik ere asko izer­ditzen nuen, uste nuenean elkarrizketa oso ondo joan zela, baina konturatzen nintzenean, nik apuntatu nuenetik grabaketara oso desberdinak zirela gauzak. Lepatxuriya, lepazuria edo lepotxuriya, oso gauza desberdinak dira filologo batentzat. Uste dut konbinazio horretan asmatu dugula. Ez da konbinazio normal bat, ez da asko egin orain arte. Biok begi eta belarri desberdinekin joan gara elkarrizketetara.

Askotan, emaitzak baino satisfakzio haundiagoa ematen du prozesuak. Gozatu duzue bideaz?
Eñaut: Ikaragarri. Ni, naturaren ezagutzan, zerotik abiatu nintzen. Nik usoa, zozoa eta birigarroa bereiziko nituen, etxean natura bizitu dugun arren. Eta iritsi naiz, hau dena barneratzera. Gutxi gorabehera, liburu honetan dauden espezie guztiak identifikatuko nituzke, hortxe-hortxe. Hori niretzako seku­lakoa da. Baina ez ezagutza bakarrik; gozamena ere bai, beraiekin pasatako ordu guztietan. Eta baita gure artean ere, sekulako harremana egin dugu biok.


Iñaki: Ordu asko sartu ditugu, gai berdinari buruz hizketan, hitz bati buruz mila buelta ematen, astetan asmatu nahian zeini deituko ote dioten horrela... Lan asko dago atzean, baina nik ikaragarri gozatu dut, eta asko ikasi dut. Aurreneko elkarrizketetara, ni joan nintzen nire zientifikotasunarekin. Nindoan datuak ateratzera, izenak biltzera. Niretzako zen, argazkia erakutsi, beraiek izena esan, eta nik kalibratzea espezie horrena izan zitekeen, zenbateraino asmatzen ari zen. Eta ikasi dut Eñauten eskutik, bera ohituago zegoelako Kronikan lan egitetik, elkarrizketatik patxadaz hartzen, gozatzen, pertsona horiek entzuten, beraien kontatzeko modua apreziatzen, beraien hitz egiteko modua, pasio hori... Eta kontatzen uzten, momentu batzuetan, benetan dakiten guztia. Hasieran informazio bila nindoan, eta konturatu nintzen zerbait gehiago zegoela hor. Eta horri esker atera ditugu hainbeste gauza. Ni neure buruarekin joan banintz, aterako genituen izenak bakarrik. Emaitzarekin oso gustura gaude. Denbora asko pa­sa dugu liburu hau argitaratzeko, baina atera dugu nahi ge­nuen bezala, eta hori oso garrantzitsua da.

Eta gustura hartu dute herritarrak ere. Esker oneko hitz asko jaso zenituzten, adibidez, Ereñotzuko aurkezpenean.
Iñaki: Ereñotzukoa beti izaten da berezia. Han elkartu ginen jende asko, proiektua oso gertutik bizi izan duena, eta elkarrizketatu askoren etxekoak ere bai. Hunkituta etorri zaizkigu batzuk. Liburuan agertzen dira beraien etxekoen hitzak, beraiek entzundakoa eta jasotakoa. Eta esan digute, norbaitek kaso egin izana, eta argitaratu izana, gauza haundia dela beraientzat. Hitzaldia bukatzean, esker oneko hitz asko jaso genituen, eta oso pozik atera ginen handik. 

«Elkarrizketekin ezagutu ditugun askorekin, harremana mantentzen dugu oraindik ere. Kontua da presaka bizi garela. Badago jendea, seguru dakiguna beraiengana joanez gero, bi ordu pasako genituzkeela»


Jendeari, ga­ia ikusten duene­an, interesgarria egiten zaio; bai­­­na liburua irekitzean, erakarri egiten du zuzenean, Mikel Ramirez de Aldak egin duen maketazio lana ikaragarria delako.


Eñaut: Gu gustura gaude emaitzarekin, eta hori da beraiengandik jaso duguna ere. Iñakik esan duen bezala, nahi genuen bezala egin dugu, eta horrek izan du bere eragina irakurri dutenengan. Orain beste bide bat hasten da, liburua promozionatzea eta honi bere balioa ematea. Horretan asmatzea to­katzen zaigu, bestela geratu dai­tekeelako liburua horrelaxe, eta pena litzateke. Badago honi zukua ateratzeko modua, eta eskoletan badaukala bere lekua eta bere erabilera.

«Liburutik kanpo ere, badago zer bildua; eta euskeraren aldetik, edo naturarekin zer harreman izan den ikertu nahi duenak, hor dauzka grabaketak. Baina perla haundienak liburuan daude». 


Iñaki: Hernanitik kanpo ere saldu da dagoeneko, eta beste herri batzuetatik jaso ditugu deiak, hitzaldiak emateko. Uste dugu dela gai bat, Euskal Herri osoan egon dena eta dagoena. Guk hemengo ikuspuntutik bideratu dugu, baina oso gai orokorra da. Aurreko batean esan ziguten, mundu mailan beste toki askotan gertatzen ari dela hau. Eta gu prest gaude, beste herri batzuetara joan eta erakusteko hemengo eredua.

Liburuak eta biltzen duen aberastasun guztiak, zein ibilbide egitea gustatuko litzaizueke?
Iñaki: Hasteko, gustatuko litzaidake Hernanin iristea espero ez nuen jende askori. Euskerarekin edo naturarekin interes berezi hori ez daukana; baina hernaniar bezala liburua hartu eta esango duena, 'ostras, hau hemen badago?'. Bide horretan, Hernaniko eskolen edo elkarteen bidez iristea polita izango litzateke. Eta bestetik, polita izango litzateke beste herri batzuetan norbaitzuk prest azaltzea antzeko zerbait egiteko beraienean. Guk informazio guztia emango diegu horretarako.


Eñaut: Niri ere poza emango lidake, batez ere hernaniarrengana iritsiko balitz. Hau bada edozein hernaniarrek bere etxean eduki beharreko liburu bat. Bere herrian mendeetan pilatu den jakintza bat da jasotzen duena. Idazteko garaian, askotan esaten da, zein daukazun buruan idazten duzunean. Eta nik, kasu honetan, bi eduki ditut buruan. Aurrenekoa, nik 14 urte nitueneko egoeran egon daitekeen Hernaniko gazte bat, natura gustatzen zaiona baina ez zuena aukera izan horrelako liburu bat eskutan edukitzeko. Eta bigarrena, pertsona heldu bat, lehenago aditu izan dituen kontu horiek, ezagunak egingo zaizkionak, berritzeko aukera izango duena. Niri poza emango lidake, hori­en­gana iritsiko balitz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!