Ezin uka daiteke ariketa fisikoa eta osasuna eskutik lotuta doazela. Edonola ere, beste zenbait arlotan gertatzen den moduan, ariketa fisikoa era osasuntsuan egiteko, hainbat alderdi izan behar dira kontuan. Hain justu, beste guztiari bezala, garrantzisua da honi ere neurria hartzea.
Azken urte honetan, gainera, pandemia medio, jendeak ariketa fisiko gehiago egiten duela entzun da. Konfinamendu garaian, kirol-dendatako materialak berehala agortu ziren eta, hilabete gutxitan, etxeak tramankuluz josi ziren: bizikleta estatikoak, sokak, koltxonetak, mankuernak, eta beste asko. YouTubeko bideoen laguntzaz, pantaila aurrean jarri eta herritarren egunerokoan egon ziren gimnasia birtuala, yoga, edota ariketa fisikoko errutinak.
Gero, itxialdia amaitu zenean, bailarako mendiak eta pasealekuak jendez josi ziren. Lanetik edo eskolatik ateratzean, plan perfektua zen mendira joatea edo inguruetatik paseatzea. Horrekin batera, pixkanaka-pixkana, talde kirolak ere martxan jarri ziren, gimnasioak ireki ziren, eta ohiko errutina berreskuratu zen ariketa fisikoaren entrenamenduetan. Horregatik, pandemiak ona den zerbait utzi badu, ariketa fisikoa areagotzea izan da. Izan ere, zentzuz jokatuta, noski, osasunarentzat beti izango da onuragarria gorputza martxan jartzea.
Ariketa fisikoaren onurak
Osasuntsu egoteko oinarrizko gakoa da, beraz, jarduera fisikoa egitea. Baina, zer esan nahi dugu horrekin?
Bada, labur-labur esanda, ariketa fisikoa esaten diogu energia kontsumitzen duen gorputzeko borondatezko mugimendu guztiari. Zehazki, bi multzotan banatu dezakegu. Batetik, ariketa fisiko programatua, hau da, kirola esaten diogun hori: futbola, saskibaloia, errugbia, boleibola edo beste zenbait jarduera; hala nola, aerobica, yoga, tai-chia eta abar. Bestetik, jarduera fisikoaren barruan sartzen dira gorputza mugiarazten duten ariketak; alegia, jolasean, lanean, garraio-modu aktiboetan, etxeko lanetan eta aisialdiko jardueretan egiten direnak.
Horrenbestez, ez da ezinbestekoa gimnasiora joatea edo talde kirola egitea aktibo egoteko. Izan ere, egunero-egunero egiten ditugun jarduerek onura berak eragiten dituzte. Horien barruan, zerrenda luzea aipa genezake. Gurera etorrita, hementxe adibide batzuk: herri erdigunetik Erriberara oinez joatea; trenbideko eskailerak erabiltzea, Karabeleko igogailuaren ordez; edota, Zubipera edo Landarera kotxean gerturatu beharrean, oinez edo bizikletan joatea.
Aldez aurretik aipatutako guztiek, makina bat abantaila eta onura dituzte, eta guztiek eragiten dute gure ongizatean eta, era berean, osasun mentalean zein fisikoan. Are gehiago, frogatuta dago jarduera fisikoa maiztasunez egiteak hainbat gaixotasun izateko arriskua gutxitu dezakeela: kardiopatia koronarioak eta istripu zerebrobaskularrak, II motako diabetesa, hipertentsioa, koloneko minbizia, bularreko minbizia eta depresioa.
Horrekin batera, ariketa fisikoa faktore erabakigarria da energia kontsumitzeko, eta, ondorioz, ezinbestekoa, energia orekatzeko. Baina, guztiaren gainetik, argi izan behar dena da jarduera fisikoak gozamena eta ongizatea eragin behar dituela. Beraz, nork bere ariketa edo kirola topatu behar du eta egokien datorkion errutina zehaztu.
Jarduera fisikoa zentzuz, hainbat gomendio jarraituta
Beste hainbat arlotan bezala, ariketa fisikoa ere neurtu egin behar da. Agian, pertsona batek, osasuntsu egoteko, beharrezkoa izango du astean lautan 50 minutuz paseatzea. Baina, beste batek, berriz, nahikoa izango du 30 minuturekin. Alegia, funtsezkoa da maiztasun egokia zehatzea eta, halaber, dosia neurtzen jakitea. Hori ez ezik, jarduera fisikoan jarraikortasuna izaten ere lagunduko digu helburuak zehazteak. Txikiak edo haundiak izan daitezke, guztiak izango baitira baliagarriak: adibidez, korrika egiten hasten bagara, Sansilbestrean, Goizuetako mendi lasterketan edota beste edozein lasterketetan izena ematea. Gomendio horiek guztiak jarraitzeak finkatuko du, hain justu, osasuntsu egotearen lorpena.