Zure burua zaindu, maitatu eta gozatu

Zure burua zaindu, maitatu eta gozatu

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 16a, 00:00

Ongizate mentala zein fisikoa lortzeko, garrantzitsua da osasunari erreparatzea eta gure egunerokoan ohitura osasungarriei lekua egitea. Gehigarri berezi honetan, osasuna zaintzeko hainbat gomendio eta argibide topatuko duzue.   

Zein garrantzia du elikadura osasuntsua izateak? Zergatik da garrantzitsua hortzak egunero-egunero garbitzea? Nola garbitu behar ditugu? Zerikusirik al dute elikadurak eta ikusmenak osasuntsu egoteko? Kirola  edo ariketa fisikoa egitea al da osasuntsu egotea? Nola entrenatu behar dugu osasuna zaintzeko? 


Horrelako tankerako makina bat galdera proposatu genitzake orrialde osoa bete arte. Hain justu, osasunaren bueltan, hamaika adar daude ezagutzeko eta lantzeko. Guk, gure inguruan jarriko dugu fokua: Urumea bailaran. Osasunaren bueltan, adituak direnei galdetu diegu, eta, horien gomendioak jarraituta, datozen orrialdeetan hau guztia landuko dugu. Besteak beste, topatuko ditugu podologoak, hortz-klinikak, fisioterapeutak, osteopatak, dietetika eta nutrizio aholkuak, optikakoak, eta beste asko.  Baina, zer da osasuntsu egotea? 
Bada,  osasuntsu egotea ez da soilik, adibidez, errugbian jokatzea edo astean hirutan korrika egitea. Hori bai, baina oinez ibiltzea, erratza pasatzea, edota etxeko eskailerak oinez igotzea, igogailuan igo beharrean, ariketa fisikoa egitea da; eta, hori, osasuna zaintzeko gomendioetako bat da. 


Galdera horiei guztiei erantzuna topatu nahi badiezue, osasunari buruzko gehigarri honetan aurrera eginez gero, aukera izango duzue bailarako zentroen eta denden berri izateko eta gaian gehiago murgiltzeko. Gainera, txoko berezi batzuk prestatu ditugu. Bertan, espezialisten hitzak bilduko dira. Nork bere arloan, hainbat argibide eman nahi izan dizkie herritarrei, osasuna ahalik eta gehien zaindu dezaten. 


Horietan, Eider Balerdi nutrizionista eta dietistak, esaterako, argituko du zer den elikadura osasuntsua izatea, eta zer behar den hori lortzeko. Horrez gain, Urbieta kaleko U10 hortz-klinikako kideek azalduko dute maskarillaren erabilerak hortzen osasunean izan duen eragina, eta, horrekin batera, hainbat aholku emango dituzte. Eta, azkenik, Jose Manuel Gorostegi Olaizola podologoak kontatuko du udaratik bueltan, sandaliak armairuan gorde ondoren eta zapatak berriro ere jantzi behar izaten ditugunean, oinek zein zaintza behar duten osasuntsu egoteko eta gure burua zaintzeko.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!