OLASAGASTI PENTSUAK
«Ezin diogu aurre egin egoerari, prezioak igotzen ez baditugu»
«Guri asko eragin digu egoera honek. Pentsuak asko igo dira, butanoa eta gasaren prezioak ere igo egin dira. Argindarraren igoerak, orokorrean, asko eragin digu. Guzti honen ondorioa izan da guk ere gure pentsuen prezioak igotzea. Guk gehiena pentsua saltzen dugu, eta pentsuko tarifak, hilabeteko pasatzen dizkigute. Herritarren artean, orokorrean badago kexa bat, eta egia esan kexa horrek egon behar du, ez baita egoera xamurra. Prezioak igotzen doaz, soldatak izoztuta dauden bitartean, horrela bizitzea, zaila da. Prezio igoera ez da gure sektorean bakarrik izan, hainbat sektoretan izan da. Gure sektorea oso kaltetuta dago, eta egoera honi ezin diogu aurre egin, gure prezioak igotzen ez baditugu».
HERRIKO GAZTEAK
«Gazteok etorkizun iluna dugu aurretik»
«Gaur egungo egoera kontutan hartzen bada, nabarmentzekoa da, gehiegizkoa ari dela izaten prezioen igoera, eta gazteotan izugarrizko eragina du. Gazteek lana bilatzeko arazoak izateaz gain, lehenengo mailako beharren prezioak igotzen doaz eta hauek ordaintzeko zailtasunak ditugu. Gainera, uste dugu independizatzeko traba ugari dauzkagula eta ekonomikoki oinarri bat edukitzea garai honetan, ez dela batere erraza. Guk asko nabaritu dugu adibidez, gasoilaren igoera, lanera edo ikastera joateko kotxea erabiltzen dugu, eta soldataren laurden bat horretan xahutzen dugu, ez da juxtua. Etorkizun oso iluna dugu aurretik».
PINEDA HARATEGIA
«Egoerak behartzen gaituenean, prezioak igo beharko ditugu»
«Guk oraingoz ez ditugu prezioak igo, egoeraren arabera erabakiko dugu, baina oraingoz berdin jarraitzen dugu. Txerri iberikoa badakit igo egiten dela, baina txekorra, baserritik ekartzen dugu eta beraz, oraingoz ez daukagu berririk. Argindarra igotzeak noski izan du gure negozioan eta bizitzetan eragina, eta ez positibora. Baina oraingoz, horrela jarraituko dugu, esan bezala egoerak bultzatzen badigu, igoko ditugu bai, baina beti behartuta. Generoaren prezioa igotzen digutenean, besterik ez dugu edukiko: egoera horretan prezioak igo egin beharko ditugu. Oraingoz behintzat, baserriko produktuak berdin jarraitzen dutenez, guk ere hala jarraituko dugu».
IRUBIDE JATETXEA
«Dena igo da eta ezin dugu astero menuaren prezioa igo»
«Jatetxeen kasuan, asko eragiten du. Guk hozkailuak eta honelako elektrogailuak aldi oro dauzkagu piztuta, eta martxan. Argindarraz gain, generoa ere igotzen ari da apurka-apurka, eta ezin dugu menua astero prezioz igo. Guk menuak urte luzeetan mantendu ditugu prezio berdinarekin. Hernaniko hainbat jatetxeetan 14 bat eurotan daude menuak, hau ez dakit eremu edo auzoaren araberakoa izango den. Guk menua 11,50 eurotan daukagu, urteetan berdina mantentzen saiatzen gara, nahiz eta ogiaren eta argindarraren prezioak igo. Baina egoera honek ezin du honela jarraitu, prezioak igotzen doaz eta ezin daiteke izan».
EREÑOTZUKO DENDA
«Barazki eta fruten prezioak igo ditut, gainontzekoak ez»
«Gure dendaren kasuan barazkietan eta frutan nabaritzen da igoera. Gainontzeko produktuetan ez zait kostua igo, beraz nik ez dut preziorik igo, bai ordea barazki eta frutetan. Produktu hauen igoera izaten da freskoak direnean. Fruta eta barazkiekin gertatzen dena da, momentukoa denean prezioa jaitsi egiten dela. Momentu honetan adibidez, aguakatea euro bat merkeago daukagu, normalean baino, eta platanoa ere antzeko. Barazkien prezioa garaiaren araberakoa izaten da. Nik beraz, prezioak igo ditut barazki eta frutetan, eta honez gain, freskagarrietan bai igo dudala prezioa, BEZA igo zutelako. Argindarrari dagokionez, niri ez dit hainbeste eragiten, izan ere, dendaren alokairua Ereñotzuko Auzo Udalarena da, eta berak ordaintzen du, beraz hor margen asko daukat argindarra eta honelako fakturak ordaintzeko, alokairurik ez dudalako ordaintzen. Hala ere, kostuak igotzen bazaizkit eta prezioak igotzen jarraitzen badute, ez dut beste aukerarik edukiko eta nik ere prezioak igo egin beharko ditut».
GASOLINDEGIA
«Nik ez dut inoiz horrelako preziorik ezagutu eta 28 bat urte daramatzat gasolindegian»
«Prezioen igoerak, gasolindegietan izugarrizko eragina izan du, eta nabarmendu da bezeroen beherakadan batez ere, jaitsi egin dira. Ikusten da gainera 'low cost' gasolindegietara joaten direla. Jendea larri dabil, eta beraz, gasolindegi merkeagoetara joaten da, egoera ere ez baita erraza, eta normala da noski. Guk asko nabarmendu dugu beherakada egia esan. Prezioaren igoera ikaragarria izan da, zehazki, aurten %10 bat igo da, gasoila. Hau ez da gasolinerek jartzen duten prezioa, azkenean dena igo da, eta aurrera jarraitzeko, zuk ere prezioak igo behar dituzu, gastuak igo egiten dizkizulako eta bestela ez zara heltzen, prezio-kostea igo da orokorrean. Nik ez dut inoiz horrelako preziorik ezagutu. 28 urte daramatzat gasolindegian lanean eta ez dut sekula horrelako preziorik ezagutu. Momentu honetan, gasoilaren prezioa litroko, 1,4 eurokoa da, eta hori gehiegi da. Bizi dugun egoera oso gogorra da eta aurrera begira oso etorkizun iluna ikusten dugu, prezioak gora doaz, eta hauek ez dira gelditzen».
DORRONSORO OKINDEGIA
«Orain arte ez ditugu inoiz igo prezioak hilabete honetan»
«Argindarraren prezioa igotzeak, beste hainbat sektoretako prezioak igotzea eragin du, bai partikularrak eta enpresak. Momentu honetan, sinatu ditugun prezioak, pasa den urtekoen %90 gainetik daude, eta gainera igotzen jarraitzeko joera dagoela uste dugu. Bestalde, esan beharra dut, argindarra denek erabiltzen dugula etxean, baina okindegien kasuan eta gu enpresa moduan, aldi oro erabiltzen dugu labea, eta beraz, aldi oro behar dugu argindarra. Orduan gero eta gehiago erabiliz, eragina da gero eta gehiago gastatzen dugula. Guri zuzenean argindarraren igoerak asko eragin digu. Eta hortaz gain, gariaren prezioa, bikoizten ari dela ere esan beharra dut, aurreko urteekin alderatuta behintzat. Zerealen prezioa orokorrean igotzen ari da, kantitatez gutxiago dago eta demanda haundiagoa izaten ari da. Orain adibidez, lehen garia erabiltzen ez zutenek, orain erabiltzen dute, adibidez pentsuetarako. Beraz gariaren prezioa ere asko igo da. Beraz, egungo egoerak, okin gehienoi eragingo digu. Egia esan prezioak igo egin ditugu eta ez genuen espero, ez zen gure asmoa prezioa igotzea, baina egoerak hala behartu gaitu, eta ogiaren prezioa igo dugu. Prezioak ez ditugu inoiz hilabete hauetan igo, beti urtarrilean izan ohi da, eta 2021ean, ez genuen igo, pandemiak ekarritako egoeragatik. Aurrera begira ere, egoerak hala jarraitzen badu, prezioak igotzen jarraitu beharko dugu. Egoera oso kritiko ikusten dugu».