Udara amaitu ostean, ikasturte berria dator eta, horrekin batera, errutina berria. Askok, udazkena urte berri baten hasiera gisa ikusten dute, hor hasten baita jendea berriro lanean, haurrak ikastolan... Eta, martxa horretan, kurtso eta errutina berriarekin batera, itxura aldaketak ere izaten dira. Orain arte aipatu moduan, ile mozketak edo bestelako estetika tratamenduak tarteko. Baina, askorentzat, berria eta zirraragarria izaten da soinean duten arropa. Eta armairua betetzeko, Hernanin, herritik mugitu gabe, badira makina bat aukera Mahukan, Ibaimendin eta Kera arropa dendetan.
Apalak eta pertxeroak produktuz beteta ikusi ditugu komertzioetara sartu garenean. «Kuxkuxeatu eta ikusi nahi duzuena, zuen etxean zaudete!», aipatu digu dendarietako batek. Gertuko harrera egiten diete bezero guztiei, eta horrelaxe hartu gaituzte guri ere. Esaterako, Ibaimendiko Koldo, guri kasu egin aurretik, bi herritarrekin ari zen hizketan. Erosketak egiten laguntzearekin batera, ea zer moduz dabiltzan galdetu diote elkarri, eta kontu-kontari aritu dira. Horrelako keinuekin, nabaria da Urumea bailarako dendariek herritarrekin duten gertutasuna.
«Bertakoa erosteko tendentzia areagotu da»
Ibaimendikoen esanetan, pandemiak kolpe latza eman bazuen ere, alde onak ere ekarri ditu. «Jendeak bertakoaren aldeko apustua egin du, eta orain gehiago erosten dute herriko dendetan. Komertzioek lan haundia egin dugu horren alde eta eskertzekoa da herritarren erantzuna».
Horrekin batera, Koldok dio korrika egiteko oinetakoen eskaria, mendiko botena, treckingekoena, kamiseta termikoena eta mota horretakoena asko igo dela pandemia hasi zenetik. «Argi ikusi dugu, izurritea medio, jendeak kirol gehiago egiten duela; edo hori sumatu dugu, behintzat, gure salmentan. Izan ere, hori guztia zenetik, aldaketa haundia izan dugu dendan: kalekorako baino, kirolerako arropa gehiago saltzen dugu. Are gehiago, adibide bat jartzearren, lehen poloak saltzen genituen eta orain, berriz, oso gutxi eskatzen dizkigute». Horrenbestez, kirolari dagokionez, aukera gehiago dago orain dendan. «Eskaria haunditu zela ikustean, eskaintza zabalagoa izatea erabaki genuen, noski; horregatik, laster helduko zaizkigu material berriak dendara».
Gizonezkoentzako arropa gehiago, aurrerantzean
Mahukara joan garenean ere, hortxe zebilen Nagore, bezero bati azalpenak ematen. Fin-fin aipatu dizkigu guri ere datozen hilabeteotarako aurreikuspenak: «artile ugari dugu, asko gustatzen zaio jendeari eta oso ondo saltzen da». Jertse marradunak, estanpatuarekin edo lisoak, denetarik dago dendan. Gainera, aurten «apustu berria» egin dutela aipatu du: «lehen, dendan genuen arropa gehiena emakumeentzat zen; baina, orain, gizonezkoei leku haundiagoa egingo diegu». Hori ez ezik, marka berri bat ere jarri dutela aipatu du: Indicode. Horrekin, eskaintza zabala osatu dute aurten ere.
Apaingarri ugari, udazkenerako eta negurako
Udara atzean utzita, udazkenerako eta negurako arropa berria jaso du Kerako Karmenek dendan. Gainera, apaingarri ugari ere baditu, guztiak punta-puntakoak, datozen hilabeteetan egunerokotasunerako aukeratutako lookak osatzeko. Iritsi berri direla kontatu digu Karmenek eta, beraz, aukera berria topa daitezke saltokian. Jertseak, soinekoak, blusak, kamisetak, galtzak... denetarik dago Keran. Ezker zein eskuin, makina bat aukera dago, nork bere gustukoena aukeratzeko prest.