Erreportajeak

«Oso aldaketa haundia izan dugu taldean, baina berrien ilusioak berpiztu egin gaitu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 3a, 00:00

Laiotz taldea, Tilosetan eskainitako kontzertu batean, dantzarako eta 'katxondeorako' aukera zegoenean.

Urte eta erdi daramaki Laiotz taldeak, kontzerturik eman gabe: «gurea dantza eta katxondeo kontua da, eta ez digu merezi, eserita ikusteko emanaldiak eskaintzea». Hiru kide berri dauzka taldeak, eta errepertorioa prestatzeko aprobetxatuko dute udara, irailetik aurrera taula gainean izateko esperantzarekin: «sekulako gogoarekin hartuko dugu buelta», diote.

Ez du kontzerturik eskainiko Laiotz taldeak aurten ere, Martindegiko San Ferminetan. Joan den urtean eten zuen urteroko martxa, auzoan dantzarako gogoa eta katxondeoa piztekoa; eta beste urtebetez itxaron beharko du horrek, jaietan. Baina izango da Laiotzen doinurik, edonola ere, San Fermin hauetan: datorren larunbat gaueko kantaldian hartuko dute parte Itxaso Treku abeslariak eta Manex Albira gitarristak.

Abeslari berriaren aurkezpen gisa balioko du emanaldiak, beste mota bateko saioa izan arren. «Gaztetasuna eta indarra emango dio taldeari. Sekulako egurra dauka ahotsean», nabarmendu du Xabier Barrenetxeak. Naroa Jakak, orain arteko abeslariak, utzi egin du taldea, eta bere tokia hartu du Itxaso Trekuk: «Naroak oso paper polita egin du orain arte. Baina gaztetasunak eta ilusio berriak ere, ematen dio zerbait taldeari», dio Barrenetxeak.

Kasting bat egin zuten abeslari berria aukeratzeko, eta «mor­doxka bat» probatu zituzten, gizonezkoak zein emakumezkoak: «Itxaso gustatu zitzaigun gehien. Denetan gazteena ere bera zen, baina bere aitarekin ibilitakoa da, saio mordoxka bat egindakoa, eta ez da izango eszenatoki batera igoko den aurreneko aldia», kontatu du Martindegiko musikariak.

 

Beñat Kamio ereñotzuarra eta Maitane Ezpeleta ere, taldean

Abeslari aldaketa ez da izan, taldeak azkenaldian izan duen ba­­karra: Maitane Ezpeleta da ba­jista berria, eta teklista eta tronpeta-jole izango da Beñat Kamio ereñotzuarra.

Paul gitarristak utzitako hutsunea beteko du Ezpeletak, bajua utzi eta gitarra hartuko baitu Manex Albirak. «Gitarra irakaslea da Tolosan, eta oso gus­tura gaude berarekin».

Kamiok, berriz, boskotea ze­na seikote bilakatuko du: «normalean aritzen ginen abeslaria, bateria, gitarra, trikitixa eta bajua. Baina duela bi urte, plaza haundietan, San Joanetan, Ereñotzun edo Donostiako kaian adibidez, kide bat gehiago izaten genuen, Dani, lehenago trikitixa jotzen zuena gurekin. Salsero xamarra da, guztiarekin moldatzen da, eta teklatua eta gitarra jotzen aritu zen plaza horietan. Eta konturatu ginen, seikotearekin asko irabazten duela taldeak, gustatu egin zitzaigun. Gainera, haize horiek modan jarrita daude talde gehienetan. Eta Beñatek teklatua eta tronpeta jotzen dituenez, animatu egin genuen gurekin aritzera», kontatu du Barrenetxeak.

Seikotea osatuta, oso pozik daude taldean: «sekulako gorputza ematen dio taldeari, oso gauza polita, eta beste askatasun eta betetasun bat ere bai, baladak jotzeko adibidez. Tronpetarekin, bizitasuna ematen dio, plus bat da. Eta oso animatuta dago Beñat ere».

Animo hori, taldekide guztien artean dago zabalduta, une honetan: «aldaketek izugarri laguntzen dute taldea bizirik mantentzen, etenaldi garai hauetan. Kideren batek taldea uzten duenean, desanimatu egiten zaitu, berriro hastea bezala delako. Baina gero, etortzen zaizu kide berria, bere ilusioarekin eta ideia berriekin, eta berpiztu egiten zaitu. Aurten egin dugun aldaketa, izan da sekula egin dugun haundiena; baina oso gustura gaude. Oso itxura polita dauka egiten ari garen musikak. Ilusio berriarekin gaude denak. Berrientzat, proiektu ilusionantea da, eta lehendik gaudenak ere ilusionatu egiten gara beraiekin. Gogoarekin hartuko dugu buelta», dio Barrenetxeak.

 

«Ez dugu kontzerturik eman, baina lanean jarraitzen dugu»

Oso etenaldi luzearen ondoren etorriko da itzulera hori. Izan ere, 2020ko otsailetik dago Laiotz, kontzerturik eskaini gabe. «Aurten izan dugu aukera, bi edo hiru tokitan kontzertu txikiak eskaintzeko, baina ez gara animatu. Azken batean, gurea dantza kontua da, eta katxondeoa. Eta erabaki genuen, egoera honetan ezer ez egitea. Iruditzen zaigu dena ondo dijoala, baina begira zer gertatzen den gero, San Joanetan bezala...».

Musikariak izaten ari diren susperraldi txikian, toki zaila dauka Laiotzek: «eserita ikusteko kontzertuak ari dira ematen, baina gurea ezberdina da. Badakit erromeria talde bat ari dela emanaldiak eskaintzen, baina arratsaldeko saioak izaten dira, eta eserita. Eta konturatu gabe ere, jendea mugitu egiten da, arrimatu... Eta beldurra ematen digu. Beraz, erabaki dugu uztailean eta abuztuan ezer ez egitea. Egoera zuzendu arte, erabaki dugu ez arrankatzea. Badirudi irailean izan daitekeela hori».

Eta bitartean, lanean jarraituko dute, bai baitaukate zere­gina: «taldean izan ditugun aldaketekin, errepertorioa ere aldatuko dugu, eta lan dexente daukagu. Badirudi ezetz, baina talde batean partaide pare bat berriak direnean, ordu asko sartu behar dira. Gainera, denak ezin elkartu ibili gara orain arte, bat nafarra delako. Beraz, badaukagu lan pixka bat, eta horretarako aprobetxatuko dugu udara; gure artean elkartu, eta errepertorio txukun bat prestatzeko».

Etenaldi luze horretan, abesti berri bat ere sortu du taldeak, Elkartuko gara, sagardotegi munduari eskainitakoa. Bideoklipa ere grabatu zuen, eta sare sozialetan zabaldu: «egin genuen, gehienbat, jarraitzen gaituen jendea konturatzeko hor gaudela oraindik, eta lanean ari garela. Esaten digute, faltan botatzen gaituztela, badaukatela parranda horiek egiteko gogoa. Eta oso harrera ona izan du bideoklipak, oso gustura gaude. Hain etenaldi luzearekin, sortuko ziren zalantzak, geldirik ote gauden, edo zertan den taldea. Eta bai, bizirik gaude eta lanean jarraitzen dugu. Herritarren erantzunak laguntzen du lanean jarraitzeko; motibatu egiten gaitu».

Jarraitzaileek erakutsi duten gogo horrekin, garbi dauka Xabier Barrenetxeak, kontzertuetako parranda giro jatorra bere horretan biziko dutela, egoera bere onera bueltatzen denean: «uste dut hala izango dela, kontzertuak bueltatzen direnean, giroa bueltatuko dela lehengo bera izatera. Jendeak izugarrizko parranda gosea dauka. Baina denak txertatu arte, eta egoera bere onera bueltatu arte, onena izango litzateke ez arrankatzea. Pazientzia behar dugu. Badirudi hobeto gaudela, eta zuzenean bueltatu nahi dugu lehengora. Baina arriskua hor dago oraindik, eta bitartean, txintxo-txintxo ibili beharko dugu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!