Erreportajeak

Programa potentea San Ferminetan, auzoko jaiak «eserita, lasai eta txintxo» ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko uzt. 3a, 00:00

Joan den urtean bezala, auzoko udalekuetako haurrek emango diete hasiera, asteazkenean, Martindegiko San Ferminei.

Martindegiko jaiak ospatuko dituzte datorren astean, asteazken, larunbat eta igandean. Besteak beste, Niko Etxart ariko da larunbateko kantaldian, eta izen haundiko bertsolariak igandeko jaialdian. Aforoa kontrolatuta izango dira ekintzak, Zelaia sagardotegiko parkinean.

Izango dute parada aurten, Martindegiko auzotarrek, San Fermin jaien goxotasunaz gozatze­ko. Ez ohiko moduan, noski, pa­­rranda gutxirako baitago kontua, San Joanetako ondorioek era­kutsi duten bezala. Baina «eserita, lasai eta txintxo» gozatzeko, egitarau potentea osatu dute, datorren asterako.

Martindegin izango da, esaterako, Niko Etxart abeslari eta musikari ezaguna; eta baita puntako lau bertsolari ere: Unai Agirre hernaniarra, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Alaia Martin, Andoni Mujika Anatxek jarritako gaiei tiraka.

 

Txupinazoa eta kalejira asteazkenean, auzoko gaztetxoekin

Datorren asteburuan izango di­ra kantu emanaldiak eta bertso­aldiak, baina asteazkenarekin hasiko dira jaiak Martindegin, San Fermin egunez. Oso xumea izango da eguneko ospakizuna, edonola ere: txupinazoa botako dute aurrena, eta zapi gorriak eta jantzi txuriak soinean dituztela, kalejiran ibiliko dira auzo­an barrena, udalekuetako gaztetxoek girotuta. Izan ere, joan den urtean aurrenekoz antolatu bazituzten udalekuak Martindegin, errepikatu egin dute aurten, iazkoaren arrakasta ikusita. Ha­ien gozamenerako prestatu dute aurreneko egun hori.

Eta era berean, San Fermin egunean bertan izango da meza ere, auzoko hildakoen alde, goizeko 11:00etan.

 

Maila haundiko kantaldia, larunbat iluntzean

Zapi gorriak jantzi ondoren, bi egunez itxaron beharko diote auzotarrek, asteburu potenteari. Eta maila haundiko kantaldi batekin ekingo diote, larunbat iluntzean. Bertan ariko dira, au­rrena, Elaia Diaz eta Malen Barrenetxea auzotarrak, bere sa­ioa eskaintzen. Ondoren, Laiotz taldeko bi kidek hartuko dute txanda: zenbait abesti prestatu dituzte Itxaso Treku abeslari berriak eta Manex Albira gitarristak, kantaldirako. Bertan izango da Niko Etxart «rockero zaharra» ere, Martindegiko Auzo Elkarteak aurreratu duenez. Eta azkenik, Andoni Ollokiegik eskainiko du bere emanaldia.

Kantaldia, igandeko ekintzak bezala, ez dute egingo elkartearen aurreko plazatxoan, eta ezta ohiko tablatuan ere, Zelaia sagardotegiaren parkinean baizik: «toki zabala da, eta bertan egingo dugu, aire librean, aforoa kontrolatu eta neurriak zaintzeko», azaldu dute. Kantaldia, zehazki, «eserita ikusi eta entzutekoa» izango da, eta gonbidapenak beharko dira, bertara sartzeko. 300 lagunentzako dago tokia, eta auzotarren artean banatu dituzte gonbidapenak, aurrena. Geratzen direnak, gainerakoentzat izango dira eskuragarri. «300 lagunentzako tokia izatea ez da gutxi, baina izen haundiko jendea ekarriko dugu, eta beharbada, herritar asko erakarri dezakete. Horregatik, auzoan zabaldu ditugu gonbidapenak aurrena», azaldu dute. Kanpotik datozenak ere, «ongietorriak» izango direla adierazi dute, «gauzak ondo egin eta txintxo egoten badira».

 

Kale ikuskizuna, herri kirolak eta bertsoak, jaiak borobiltzeko

Eta txintxo ikusi eta gozatzekoak izango dira, igandeko hiru saioak ere. Eguerdian, hasteko, Baldin bada kale ikuskizuna eskainiko du Shakti Olaizolak. Arratsaldean, berriz, herri kirol saioa prestatu dute. Batetik, harrijasotzen ariko da Aimar Irigoien. Eta bestetik, aizkolarien arteko lehia izango da: Julen Alberdi Txikia, Markel Zapiain astigartarrak eta Axel Larrañaga hernaniarrak osatutako bikotearen kontra ariko da.

Eta ondoren, bertso saioak emango die bukaera aurtengo San Fermin jaiei, Amets Arzallus, Alaia Martin, Unai Agirre eta Oihana Iguaranen eskutik. «Espazio irekian, eserita, kontrolatuta eta neurri guztiekin» izango da hori ere, aurreratu dutenez. Izan ere, Auzo Elkarteak garbi dauka, «zerbait egitekotan, gauzak txukun eta behar bezala» egin nahi dituela.

 

UZTAILAK 7, asteazkena

10:00, Kalejira, auzoan zehar.

11:00, Meza, auzoko hildakoen alde.

 

UZTAILAK 11, larunbata

22:00, Kantaldia:

  • Elaia Diaz eta Malen Barrenetxea
  • Laiotz taldeko Itxaso Treku eta Manex Albira
  • Niko Etxart
  • Andoni Ollokiegi

 

UZTAILAK 12, igandea

12:00, 'Baldin bada' ikuskizuna, Shakti Olaizolaren eskutik.

18:00, Herri kirolak:

-Harrijasoitzailea: Aimar Irigoien

-Aizkolariak: Julen Alberdi 'Txikia', Markel Zapiainen eta Axel Larrañagaren kontra

19:00, Bertso jaialdia:

  • Amets Arzallus
  • Unai Agirre
  • Oihana Iguaran
  • Alaia Martin

*Gai-jartzailea: Andoni Mujika

Ondoren, Kalejira auzoan zehar, jaiei bukaera emateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!