Urnieta, Hernani eta Astigarraga herriek beti izan dute lotura berezia. Bata bestearen segidan, herri bizilagunak dira; eta, pasa den larunbatean, hiru herriak elkartu ziren Leitzan jokatutako apustuan. Julen Gabirondo urnietarrak Xabier Zaldua zumarragarrari desafioa irabazi zion bi orduko saio batean. Bertan, 20 kanaerdiko moztu behar izan zituzten eta geratzen zitzaien denboran belarra moztu behar izan zuten, Martin Borda baserriaren belardian.
Bi orduak bete eta gero, Gabirondok 3.635,5 kilo belar ebaki zituen eta Zaldua, berriz, 2.976,5 kilotan geratu zen; hau da, 669 kiloren aldea izan zen segalari urnietarraren alde. Aizkora lanean, Zalduak hamabi segundu aurretik moztu zituen 20 kanaerdiko enborrak, 54 minutu eta 13 segundutan. Gabirondo, aizkolari izan ez arren, pega-pega eginda zegoen sega lanetan hasi zirenean.
Seguru, aizkora lanean hain ongi moldatzean, bere laguntzaileak zer esana izan zutela. Bi laguntzaileak Pello Telletxea eta Suharri Irazustabarrena izan ziren. Telletxea hernanin bizi da duela 22 urtetik eta Irazustabarrena astigartarra da. Beraz, hiru herrien indarrak elkartuta lortu zuten desafioa aurrera ateratzea. Hala ere, Telletxeak dioen moduan, Gabirondorena izan zen meritu dena.
Pello Telletxea Beintza-Labaiengoa da, nafarra, nahiz eta Hernanin «oso gustora» bizi den. Hura aizkolarien lurraldea da eta Telletxea ere horretan ibilitakoa da. Dena den, erakusle lanetan gehiago aritu da. «Miel Mindegia eta Donato Larretxearen inguruan ibili izan naiz beti. Batez ere Mindegiarekin, berak baserria Zubietan baitu, baina Labaien herritik gertu dago. Erakusle lanetan berarekin batera aritu naiz gazte askorekin».
Julen Gabirondo gimnasio batean ezagutu zuen, eta hor sortu zen bien arteko harremana. «Aizkoran ikasi nahi zuela, ni nafarra nintzela eta aizkoran erakusle lanetan ibili naizela jakin zuen. Pentatloia prestatu nahi zuen eta ea lagunduko nion esan zidan. Nik baietz eta bere baserrian, Urnietan hasi nintzen».
Hori 2020ko otsailean izan zen. Baina berehala, pandemiaren eraginez, konfinamendua etorri zen. «Orduan geratu egin behar izan genuen, baina behin amaituta, berriz hasi ginen entrenatzen».
«Irrika ikaragarria jartzen du eta, gainera, fisikoki kondizio harrigarriak ditu»
Pello Telletxea harrituta geratu zen Gabirondok aizkorarako duen gaitasunarekin. «Ikaragarria da zein azkar ikasi eta hartu duen aizkorako lana; eta, horretan, zerikusi haundia du jartzen dituen gogoak. Ez sinestekoa da, gozada bat da zein langilea den eta ikasteko eta lanerako zenbat gogo eta irrika jartzen duen. Dena du. Fisikoki kondizio harrigarriak ditu; Aierbe, Mindegia, Larretxea, Olasagasti... Bezalako kirolari haundien doaiak ditu».
Egur asko moztu ditu pentatloia eta apustua prestatzeko, baina «Gabirondok %500 jartzen du. Horrek, nire lana errazten du, gomendio eta agindu guztiak betetzen baititu. Hori oso garrantzitsua da. Miel Mindegiak Ramón Latasa haundia izan zuen irakasle eta beste asko ere bai; baina ikasteko gogo berezia duena irteten da aurrera. Mindegiak bazuen eta Gabirondok ere bai».
«1go mailako aizkolaria izan daiteke eta beste pauso bat eman dezake aizkoran»
Aizkorako lanean gertu izan zuen Xabier Zaldua, bigarren eta lehenengo mailen artean mugitzen den aizkolaria. «Oraindik ere maila hobea eman dezake. Bere lehendabiziko apustua zen eta urduritasunaren eraginez kalanbreak izan zituen, burua estutu eta gorputza lotuta aritu zen aizkoran eta baita gero segan ere. Aizkoran oraindik ere gehiago du emateko», azpimarratzen du Telletxeak.
Hernanin bizi den erakusleak argi du Gabirondok lehenengo mailan aritzeko ahala eta gaitasuna dituela. «Kontutan hartu behar da hiru plaza bakarrik egin dituela eta hirurak erronka ikaragarri haundia direla; bi pentatloian eta apustu erraldoi bat. Aizkoran hobetzeko egur asko moztu behar da, plaza asko egin behar dira eta ofizioa ongi ikasi behar da. Gabirondok oraindik ez du erakustaldirik egin, plazarik ez du bizkar gainean eta ez du egur askorik moztu. Oraindik berde dago. Joxe Miel Peñagarikano eta Juan Manuel Erasun bezalako aizkolari eta kirolariek pentsa zenbat denbora behar izan zuten; eta, gero, maila haundian aritu ziren. Ziur nago Gabirondo maila horretara iritsi daitekeela eta maila bat igo dezakeela. Fisikoki ikaragarria da eta egin dituen hiru saioetan maila oso altua eman du».
Ikusi besterik ez dago nola aritu den Xabier Zalduaren pare. «Zaldua kirolari aparta da, pentatloian, aizkoran eta desafio desberdinetan erakutsi duen bezalaxe. Lehenengo mailan eta bigarren mailan mugitzen den aizkolaria da».
Kirol ikuspuntuaz gain, Pello Telletxeak Julen Gabirondoren gizatasuna goraipatu nahi du. «Urrearen balioa du, kirolari eta pertsona gisa. Apala, xumea... Berarekin aritzea gozamena da eta merezi du».
Gainera, inguruan dituen lagun koadrilaren garrantzia ere azpimarratzen du Labaiengo gizasemeak. «Ingurukoek ere asko laguntzen dute eta talde ederra dute. Hor, Suharriren lana goraipatu behar da, oso lehiakorra da eta oso gustora aritu naiz berarekin. Oso pozik egon naiz ikusita nola lagundu duen eta bere esperientziaz ere nola baliatu den».
«Sega txapelketetan parte hartu dudanean baina urduariago negoen aurretik»
Suharri Irazustabarrena gertu izaten du beti Gabirondok, eta larunbatean ere laguntzaile lanetan izan zen. «Hasiera batean bere osaba Joxe izango zen laguntzaile, baina urduri jartzen omen da eta nik hartu nion lekukoa azken hilabetean. Nire lana hidratazioa, arnasa, posturak gogoarazi eta detaileak zaintzea izan zen». Suharri ere urduri egon zen, «batez ere aurreko egunetan eta hasi aurretik», dio. «Presio haundia da eta ohituta ez gauden atentzioa jartzen dute askok zure gainean. Behin hasita, ordea, lasaitu nintzen. Apustua ezberdina da, presioa haundia izaten da eta hasi aurretik sega txapelketan egoten naizen baino urduriago nengoen».
Gabirondoren lana ikusita lasaitu zen astigartarra. «Urte asko daramatzagu elkarrekin, ia egunero hitz egiten dugu, telefonoz bada ere. Entrenamenduetan laguntzen saiatu naiz». Hori bai, aizkora mundua berria izan da guztiz. «Etxean egur txiki batzuk moztu izan ditut, baina zerotik hastea bezala izan da. Irakasgai bat aizkorei eta aizkolaritzari buruz». Edonola ere ere, esfortzu guztiak merezi izan duelako zalantzarik ez du. «Beste mundu bat izan da eta gozatu dugu».
Asteburu honetan, bihar, Asteasun, Gipuzkoako Sega Txapelketa jokatuko da. Suharrik ez du parte hartuko, baina Julen Gabirondok orain bi urteko txapela defendatuko du. Aurkariak Mikel Luizartza eta Jon Otegi izango ditu, Asteasuko Bulano baserriaren belardian, 12:00etatik aurrera, ordu beteko lanean.