Erreportajeak

«Munduaren muga fisikoen barruan, bizi kalitate minimo bat lortu behar da»

Kronika - Erredakzioa 2021ko eka. 5a, 00:00

Markel Peñalba, Mondragon Unibertsitateko irakaslea.

Mondragon Unibertsitateko Markel Peñalba eta Angel Gallo irakasleek jasangarritasunari buruz hainbat hausnarketa egin dituzte. «Helburua da oreka bilatzea energia, materialak, bioaniztasunaren babesa eta bizi baldintzen artean; alegia, ingurumena eta gizartearen artean».

Jasangarritasun hitza bolo-bolo entzuten da azkenaldian, eta Markel Peñalba eta Angel Gallo Mondragon Unibertsitateko irakasleek kontzeptura hurbildu gaituzte. Gizartean eta Munduan, jasangarritasunak duen zentzua zehazten dute, nahiz eta  «eremu asko» hartzen dituela nabarmendu du Markel Peñalba Ingeniaritza Elektronikoan Doktoreak eta automatismotan irakasleak. «Horrek, mezu hori behar den bezala eta behar den lekura iristea zailtzen du».

Jasangarritasunak «oreka orokor bat eskatzen du; energiaren inguruan, materialen erabileraren inguruan, bizi baldintzen inguruan, bioaniztasunaren babesaren inguruan... Jasangarritasun horrek biltzen ditu gauza asko, eta oso konplexua bihurtzen da zentzu askotan», adierazi du Markel Peñalbak.

Gaur egun gertatzen ari den arazo bat da «edukiz betetzen ari garela», dio Peñalba irakasleak;  «eta dena da jasangarria. Edozer gauza izan daiteke jasangarria eta hori ez da horrela; baina hainbat adar daude. Azken batean, egon behar dute ohiturak jasangarritasunaren barne, nahitaez. Gure bizitzeko ohiturak izan behar dute jasangarriak energia kontsumoaren inguruan, produktuak erosi eta kontsumitzeko ohituren inguruan, dauzkagun aisialdi ohituren inguruan... Zentzu guzti horietan, jasangarritasunak bere zentzua dauka. Jasangarritasuna zer den hitz batean deskribatzea ez dut uste posible denik».

«Nire ustez, jasangarritasuna oreka da», gaineratzen du Diseinu mekanikoan irakasle den Angel Gallok. «Oreka gizartea eta ingurunearen artean. Oso modu sinplean, horrela ikusten dut. Arazoa da gizartean gauza asko daudela eta ingurunearen barruan ere gauza asko daudela. Gizartearen barruan, oreka hori lortzeko, alde batetik, teknologia daukagu; eta, beste alde batetik, antolakuntza edo parte soziologikoa. Ezin dugu bat baztertu, ezin gara bakarrik zentratu teknologian. Hortik gauza batzuk konpondu ditzazkegu, baina betiere ondo badakigu zeri eman behar diogun erantzuna gizarte antolamendu horretatik. Askotan, antolakuntza baino zerbitzua aipatzen da». Gallok adibide bat eman du azken hori hobeto ulertzeko: «askotan, kotxe bateriak aipatzen dira. Bateriak efizienteak dira edo ez dira efizienteak, nola erabiltzen direnaren arabera. Izango dira edo ez. Agian, bateria txikitxo bat nahikoa da eta, orduan, oso material gutxi behar duzu, birziklatzeko materiala eta abar; edo, agian,  material asko behar duzu... Ez da horren erraza. Hau garbia da eta hori ez. Erantzuna ez da hain argia; eta, Markelek esan duen moduan, kontuan hartu behar dira ohiturak».

Ohiturak alderdi soziologikoa dira. «Nola antolatzen garen gure artean, nola barneratzen ditugun beharrak, ekonomia ere ezin dugu ahaztu... Gauza asko daude hor. Oreka hori lortzea da jasangarritasunaren helburua»,  azpimarratu du Angel Gallo irakasleak.

«Gaur egun edukiz betetzen ari gara jasangarritasuna eta dena da jasangarria. Hori ez da horrela. Jasangarritasuna hitz batean deskribatzea ez da posible»

 

«Jasangarritasuna herri garatuetan beste lurralde batzuk esplotatzetik badator, hori ez da jasangarritasuna»

Markel Peñalbak ere ez du ahazten ongizatea. «Jasangarritasunak barneratzen du, baita ere, bizi kalitate minimo bat bermatzea. Azkenean, munduaren muga fisikoen barruan bizi kalitate orokor bat bermatzen duen politika sorta bat izan beharko litzateke. Eta politika sorta horren barruan daude politika ekonomikoak, politika teknologikoak, gizarte politikak. Baina denak batera ez badira kontuan hartzen, ez da sekula iritsiko jasangarritasun puntu orekatu batera. Orain saltzen diguten jasangarritasun tekonologiko puro hori ez da egia, ez delako posible, planetak berak muga fisikoak eta materialenak dauzkalako. Mundua ez da infinitua, beraz etengabeko hazkundea ez da posible, nahiz eta hazkunde hori berdea izan».

Beraz Markel Peñalba dio oso garrantzitsua dela zeinen menpe egiten dugun garapen hori. «Jasangarritasuna lortzen baldin badugu Europan, baina hori baldin badator beste herrialde batzuen mende lortutako esplotazio batetik, hori ez da jasangarritasuna. Munduan bizi garen 7.000 milioi pertsonak edukiko bagenu erloju bat, mugikor bat, kotxe bat, bi telebista... Mundu aurreratuak daukan kontsumo mailarekin hori ezinezkoa litzateke jasangarria izatea».

«Aldi berean, ez baduzu kontsumorako askatasun hori ematen, gizarte aldetik barneratuta daukaguna, talka sortzen da», gaineratzen du Gallok. «Oreka hori lortzea zaila da. Txinan ezin duzu kotxe bat izan Gobernuak ez badizu baimena ematen. Kotxe kopurua neurtu eta erregulatu egiten dute. Pentsa horrelako politika hemen jarriko balitz. Jendeak esango luke askea dela kotxea erosteko».

Hor sartzen dira gizarte politikak Peñalbaren ustez. «Adibide garbi bat da kotxeekin lotuta, hirien peatonalizazioa. Gertatuko bada eta gertatuko da berandu baino lehen, -Paris, Kopenage, Berlin, Eskoziako hiri batzuetan... Pasatzen ari dira ia peatonalizazio ia oso batera erdiguneetan-, horrek berak bakarrik ekarriko du kotxearen beharrik ez izatea. Hori da ohitura soziologiko bat aldatu dena eta horrek ekarri duena kotxe bat ez izatea adibidez. Ez elektrikoa eta ez gasolina edo diesel kotxea ez da beharko. Beharko dela kotxe bat beste norabaitea joateko? Bai, baina ezingo dugu ibili momentu jakin baten nahi dugun bezala, nahi dugun lekura joateko beti».

«Jasangarritasunak muga batzuk ezartzen al ditu?», galdetu du Markel Peñalbak. «Muga horiek ez dute zertan mugak izan behar. Gaur egun gure ikuspuntutik izan daitezke muga oso gogorrak, baina bizi kalitatean ez dute zertan murrizpen bat ekarri behar, derrigorrez. Bizi gaitezke hiri batean kotxerik gabe,  esaterako».

 

Angel Gallo irakaslea surf taularen proiektua lantzen aritu da.
 

«Politika sozial oso potenteak behar ditugu ezberdintasunak ez areagotzeko»

Orain aste batzuk, Pedro Sanchezek, 2050erako ingurumena babesteko plan estrategiko bat aurkeztu zuen. Oso eztabaidatua izan zen hegazkin bidaiak herrialdean bertan murriztearena. Langileriak lortu duen bizi kalitate mailari mugak jartzea dela ondorioztatu dute ezkertiar alderdietako pentsalari batzuk, eta klase sozialen arteko arrakala oraindik ere haundiagoa izatea ekarriko duela horrek. Markel Peñalbak eta Angel Gallok beste ikuspuntu bat erakusten dute. «Hor sartzen da lehen aipatutako banaketa. Horregatik egon behar dute politika sozial oso potenteak. Ez dena posible da ezberdintasun hori sortzea, non orain dauden ezberdintasun horiek are eta gehiago nabarmentzen diren. Mundu dual bat da hori, non gutxi daukanak ezin duen ezertxo ere egin; eta dena edo asko daukanak, berriz, ia dena egin dezake, lehen bezala jarraituz».

 

«Europar Batasunak badu plan bat barruko hegaldiak gaueko tren batekin ordezkatzeko»

Hegazkin bidaiak mugatuko al dira? galderari ondorengo erantzuna ematen dio Peñalbak. «Zer gertatuko den jakitea zaila da, baina seguru asko, bai. Europar Batasunak badauka plan bat gaur egun dauden barne hegaldi guztiak edo ia guztiak ordezkatzeko gaueko tren batekin. Era horretako politikak baldin badaude, gaueko tren horien prezioa soldataren portzentai batean oinarrituta baldin badago; eta, gainera, politikak denentzat irisgarri izateko modu batean lantzen baldin badira, jasangarritasun hori sozialki ere orekatua izan liteke».

Angel Galloren hitzetan, hor teknologiak ere badauka bere pisua. «Frantziak neurri hori ezarrita du. Bi ordu t'erdi baino gutxiagoko hegaldiak ezin dira egin baldin eta trenean egin baditzakezu. Orduan, tren sistema eraginkorra behar duzu. Hegazkina teknologia bat da eta zerbitzu bat ematen du. Hori horrela, beste teknologia batekin ordezkatu daiteke. Noski, teknologia horrek prest egon behar du. Ezin da esan hegazkina ezin dela erabili eta, era berean, tren sare egokirik ez izan, edota soilik eduki gutxi batzuk erabili ditzaketen tren motak».

Hala ere, Peñalbak hauxe gogorarazi du: «trena bera orain oso jasangarria da dauden kanalak erabiltzen diralako. Sortuko balitz tren sare bat bere rail guztiekin, bere klabe guztiekin... Europa osoan bueltaka ibiliko dena, agian, ez da jasangarria ezta ere. Hor sartzen dira teknologia berriak ere, tren bat baldin badago bateria bitartez edo hidrogenozkoa, edo beste erregai bat erabiltzen duena (fosila ez dena,  eta kutsatzen ez duena) jasangarriagoa izango da teknologiari esker. Teknologiak pisua dauka, baina teknologiak ahalbideratuko al du jasangarritasun hori izatea? Noski baietz. Teknologiak bakarrik ahalbideratuko du hori? Ez, nahiz eta pisu haundia izan. Gainera, 2050garren urte horretara begira emango den aldaketa oso-oso haundia izango da ez soilik ibilgailu aldetik, baizik eta industriaren eraldaketagatik ere».

Hori gertatzeko hemen dagoen industria termiko guztia erabat aldatu behar dela dio Peñalbak. «Ez badaukazu potentzia maila hori lortzeko modu bat energetikoki, industria hori pikutara doa. Eta hori ez da bidea».

 

«Askotan, teknologia berak ezartzen du behar berri bat. Adibidez, kotxe elektrikoa»

Badaude kontrakoak diren kasu asko, Gallok dioenez. «Teknologiak ezartzen du behar berri bat. Kotxe elektrikoarena, adibide, garbia da. Orain, kotxe garbiagoak nahi ditugu. Zergatik? Kotxe garbiagoak existitzen direlako. Orain, bat-batean, plazaratu egin dituzte eta jendea hasi da eskatzen; eta, bai, herritar gehienek nahiko lukete kotxe elektrikoa. Egia da kostu haundia duela, eta zerbitzua nola doan ikusi beharko litzateke. Hala ere, eskaintzen badidat, zerbitzu bera ematen didan autoa, arazorik ematen ez duena... zalanzatik ez nuke izango. Nire kotxe dieselarekin alderatuz gero, aldea nabarmena da: kea botatzen du, errebisioak behar ditu, olioa, gasolina... Hori nondik dator? Zein herrialdek saltzen du? Hori horrela bada, nahiago dut kotxe elektrikoa. Kasu horretan teknologiak eskaintza bat plazaratu du eta gizarteak hauxe erantzun du: orain hori nahi dut. Berriz diot oreka hori bilatu behar dela».

«Teknologiak pisua dauka eta ahalbidetzen du jasangarriagoa izatea, adibidez, tren bat hidrogenozkoa bada; baina teknologiak bakarrik ezin du hori posible egin»

Markelek dioen bidetik, Gallok publizitatearen indarra azpimarratu du. «Publizitateak askotan saldu diguna da pertsona bakoitzak kotxe bat izan behar duela; eta gaur egun, oraindik, modelo hori ezarri zaigu. Etxean eduki behar dugu Netflix eta ezin dugu zinera joan; gutariko bakoitzak futbola etxean ikusi behar du eta ezin d zelaira joan edo taberna batera joan... Indibidualismo puntu hori oraindik ere barneratuta dugu. Ez dakigu ekonomia izango den, legea izango den, baina erregulazio batzuk gertatuko dira».

Eskaerak datozen heinean, politika arlotik edo baita gizarte arlotik ere, teknologiak prest egon behar du. «Orain, hidrogeno berdea asko entzuten da. Noski, hori da denok nahi duguna, baina ezin dugu horrenbeste hidrogeno berde sortu momentu honetan. Horregatik, interesak datoz momentu honetan oso leku konkretuetatik; Petronor eta beste batzuetatik, alegia. Beraiek hidrogenoa sortzen dute; ez da berdea, baina ikusten dute modu bat beraien negozioa dibertsifikatzeko eta urte batzuetan irauteko».

Azken finean energia berriztagarrien apustua dago, baina «ez edozein modutan; deszentralizatuta, demokratizatuta kontsumo murrizketa ohiturengaitik eta energi efizientzian teknologiek bultzatuta».

 

«'Segi nahi duzuna egiten eta kontsumitzen; teknologiak emango dio erantzuna' ideia, ez da jasangarritasuna»

Arriskua jasangarritasuna edukiz betetzea da, eta hori gertatu dela dio Markel Peñalbak. «Esaten diguten bakarra da: segi nahi duzuna egiten, zeren hegazkinak, trenak, hidrogenozkoak izango baitira, egingo ditugu plastikoa birziklatzeko plantak. Bitartean, segi kontsumitzen nahi duzun bezala... Hori ez da jasangarritasuna. Hori da jasangarritasunaz saldu diguten ideia. Ideia teknoptimista bat da; eta, gainera, oinarritua soilik irabazi ekonomikoetan jarraitzeko, ikuspuntu ekonomizista total batetik. Gainera teknologiak ezin dio edozerri erantzun gaur egun». Bestetik, aipatzen dute gizartea eta ingurunearen arteko oreka hori mantentzea ez dela batere erraza. «Industria mantentzea eta garbiagoa egitea litzateke egoera ideala. Batzuetan, posible izango da; eta, besteetan, aldiz, ez. Orduantxe, buelta eman behar da».

 

«Lanpostuak galduko dira eta horri erantzun behar zaio zergen bitartez eta ahulenei diru hori itzuliz»

Kotxeen industriaren adibideak orain ere balio du, Galloren hitzetan. «Industria oso potentea da eta gaur egunean kotxea ez izan bezalako kanpaina oso polita da, baina horren atzean lanpostu asko sortzen dituzten enpresa haundi asko daude. Berriz ere oreka hori mantentzea oso zaila da. Nola joango zara Gasteizera edo Iruñeara eta esan sentitzen dugu, baina Mercedes eta Volkswageneko langileen erdiak kanpora doaz?».

Hori Frantzian ari omen da gertatzen zentral nuklearrekin,  aipatzen du Peñalbak. «Trantsizio horretan lanpostu asko galduko dira. Hor garbi dagoena da trantsizio horretan lanpostu asko galduko direla. Lanpostu gutxiago sortuko dira; izan ere,  gutxiago kontsumitu beharko baditugu, energia eta material aldetik, gutxiago produzituko da. Baina hori ez da arazo bat bere horretan. Zergatik egiten ditugu zortzi ordu lanean eta ez lau? Egin beharko dena da politika sozial potentea. Ezin dena egin da, esaterako, garraiolariei egiten zaiena, zerga bat jarri kutsatu egiten dutelako produktuak eta materialak ari direnean garraiatzen. Egin behar ez dena da azpian dagoena kalera bota edo zerga bat jarri bizirauteko soldata duenean. Hori egiten baduzu jendea aurka egongo da, normala den bezalaxe. Zerga haiei jarri ordez, produktugileei jarri beharko litzaieke».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!