Urtetan izan da Lanbide Heziketako irakasle Josean Kijera Perez donostiarra, ingurumen kimikaren arloan; baina badira 10-11 urte, Ingurugelan ari dela lanean, ingurumen-hezkuntzako aholkulari gisa. Eta duela hiru urtetik, Ingurugelako Gipuzkoako zuzendaria da.
«Eusko Jaurlaritzaren ingurumen-hezkuntza zerbitzua da Ingurugela, eta Hezkuntza sailaren eta Ingurumen sailaren menpe dago», azaldu du. Araban eta Bizkaian daukate bulego bana, eta Gipuzkoan bi daude: Donostian eta Legazpin. Donostiakoan egiten du lan Kijerak, eta bertan hartu gaitu, ingurumenari buruzko ikasmaterialarekin beteta daukaten liburutegi oparoan, apalategi artean.
«Garai batean, ikasleak hona etortzen ziren materiala kontsultatzera, baina gaur egun ez da inor etortzen», kontatu du. Orain, beraiek mugitzen dira ikastetxeetara, ingurumenaren eta jasangarritasunaren arazoek bere isla izan dezaten hezkuntzaren dinamikan ere, Eskola Agendaren bitartez. Hernaniko eta Astigarragako ikastetxeetan, hain justu, Josean Kijera bera aritzen da aholkulari lanetan. Bertan lantzen dituzten gaiak, jasangarritasuna, gizartearen erantzukizuna eta beste hainbat kontu eman dizkigu aditzera, luze eta zabal.
Asko hitz egiten da jasangarritasunaz. Baina zertaz ari gara?
Jasangarritasunaren ikuspuntuak oso anitzak dira, interes desberdinak daudelako horren inguruan. Badaude definizio teknikoak, Brundtland Informean azaltzen dena adibidez, 1987an aurrenekoz jarri zenean garapen jasangarriaren gaia mahai gainean: gizakien eskuetan dago garapena jasangarria izan dadin lortzea, ziurtatzeko egungo beharrak asetzen direla, etorkizuneko belaunaldien aukerak konprometitu gabe. Hortik aurrera zabaldu egin zen gaia, eta gaur egun edozeinek hitz egiten du jasangarritasunaz. Baina norberak edukiz betetzen duenean kontzeptu hori, bere interesak erabiltzen ditu. Ingurumen arazoak askotan konplikatuak izaten dira konpontzeko, hain zuzen ere, gizarte interesak oso desberdinak izaten direlako. Eta adostasunak lortzea ez da beti erraza izaten.
Eta zein dira ikuspuntu nagusiak?
Iraunkortasunaz egin da planteamendu bat, ulertuta ingurumena modu holistiko batez, bi ardatzetan: paisaia edo ingurumen fisikoa, batetik; eta bestetik, ingurumen soziala, non ekonomiak parte hartuko lukeen. Eta hori da ikuspuntu bat asko erabili dena. Baina orain beste definizio bat ari dira jartzen mahai gainean; ingurumenak dituela hiru ardatz: natura, gizartea eta ekonomia. Ekonomia bereizten da beste bietatik, modu independientean, bere baliabideak erabiltzeko edo ez erabiltzeko, natura edo gizartea laguntzeko.
Aurreneko planteamenduan ez da horrela. Horretan, ekonomia da gizartearen elementu bat, eta ingurumen arazo bat dagoenean, ekonomiak eman behar du bere laguntza, arazoaren parte delako. Baina ekonomia bereizi egiten duzunean, egon daiteke arazo bat naturaren eta gizartearen artean, baina, agian, ekonomiak ez dauka zerikusirik; horrela planteatzen dute. Noski, oso planteamendu desberdina da, neoliberala. Hori ez da guk Ingurugelan egiten dugun planteamendua, eta Eskola Agendan dagoena, aurrenekoa baizik: naturan arazoak sortzen dituena gizakia da, bere jardueraren bitartez. Eta izan daiteke arazorik ez sortzea, bere jarduera egokia bada, ondo diseinatuta, ondo pentsatuta, behar diren baliabide guztiak kontutan izanda, adostasuna bilatuta...
Beraz, zer izango litzateke jasangarritasuna? Bilatzea oreka bat gizartea eta naturaren artean. Gizarteak naturan eragina duenean, ondo neurtzen denean esku hartze hori, murriztu dezake bere eragina, eta saiatu orekatzen, sortzen den desoreka hori. Baina jasangarritasuna, nolabait esanda, utopia bat da. Ingurumen-hezkuntzaren bitartez, haruntza jo nahi dugu, hori da gure norantza, baina badakigu ez dugula inoiz lortuko, gizarteak berak ez duelako inoiz oreka lortzen. Eta beraz, ezin du lortu egonkortasun bat bere paisaiarekin, beti beharko dituelako baliabideak.
«Ingurumen arazoak konplikatuak izaten dira konpontzeko, gizarte interesak oso desberdinak izaten direlako. Eta adostasunak lortzea ez da erraza izaten»
Nora garamazki horrek?
Garbi dago, paisaiak gure tokian jarriko gaituela, eta azkeneko hamarkada hauetan, gero eta nabariagoa da. Eta azkeneko pandemia honek, hain zuzen ere, zerikusi haundia dauka biodibertsitatearen galerarekin, leherketa demografikoarekin, eta egiten ari garen izadiaren kudeaketa kaxkarrarekin. Eta berdin Klima Aldaketaren eragina, azkenaldian gertatzen ari diren hainbat zikloi, gero eta gehiago, eta gero eta indartsuagoak. Orain energia berriztagarriekin ari gara. Baina edozer gauza da baliogarria? Klima Aldaketari dagokionez jarritako helburuak, justifikatzen ditu hartutako neurri guztiak? Nafarroan gertatu zen bezalaxe, orain Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban mendi guztiak bete behar ditugu parke eolikoz? Ez dugu ezer ikasi? Planteamendu asko daude mahai gainean, eta guztiek dauzkate arazoak. Baina bilatu behar da konponbidea. Helburua ez da Klima Aldaketa, hori egoera baten sintoma da, ez gaixotasuna. Pentsatu gabeko jardueraren sintoma bat. Ingurumen arazoak harago doaz, gizartearen egitura da gure gaixotasuna, mundu garaikide honetan. Eta beste guztiak, dira eredu horrek sortzen dituen hainbat sintoma. Ez da nahikoa, sukarra daukazunean pastilla bat hartzea sukarra jaisteko; infekziora joan behar duzu. Hor dago akatsa une honetan. Egiten ari diren planteamendu asko, dira sintomei aurre egiteko, eta ez benetan arazoari. Bete ditzakegu gure mendi guztiak parke eolikoz, eta badakigu nora joango diren gure biodibertsitatea, basoak, baliabide hidrikoak, zelaiak, baserriak eta herri ekonomia eredua... Sintoma horietara jo beharrean, joko bagenu arazoaren mamira, planteamendu ezberdinak egingo genituzke. Baina orduan, berriro ekonomia azaltzen zaigu. Planteatu ditzakegu energia lortzeko beste sistema batzuk, deszentralizatuagoak; baina orduan, nola geratuko litzateke gure egitura ekonomikoa? Eragile ekonomiko potenteek onartuko lukete hori? Makroenpresa batzuk egongo lirateke prest haien merkatuaren kontrola galtzeko? Planteatu dezakegu, adibidez, gure teilatuetan panel fotoboltaikoak jartzea. Eta prestatzea mini-parke eolikoak, mendietan eta parke naturaletan jarri gabe. Nahiz eta energia eta etekin ekonomiko gutxiago lortu, baloratuko dut hor dagoela biodibertsitatea, paisaia, bizitzaren kalitatea... Horrelako planteamendu bat eginez gero, eragile ekonomiko nagusiek ez lukete onartuko. Oso begirada ezberdinak daude, eta oso planteamendu ezberdinak egin daitezke.
Jasangarritasuna, hezkuntzaren arloan lantzen du Ingurugelak. Zein da bere egitekoa?
Ingurugelakoak aholkulariak gara, eta joaten gara ikastetxeetara eta udaletara, ingurumen-hezkuntza programak garatzeko, elkarlanean. Orain arte, gure izarra izan da Eskola Agenda 21, baina ez bakarra. Beste gauza asko egiten dira ingurumen-hezkuntza arloan. Eta aurrera begira, dauzkagu Eskola Agenda 20-30, eta Lanbide Heziketako Agenda 20-30. Orain arte, Eskola Agenda ez zegoen prestatuta Lanbide Heziketarako, eta aspalditik ari ziren eskatzen, sortzea beraientzako agenda propio bat. Horrez gain, orain ari gara buru-belarri, landa eskolentzako eta eskola txikientzako diseinatzen lan dinamika desberdin bat: Eskola Agendaren barruan, nola eraman ingurumen-hezkuntza, erosotasunez, eskola txikietara. Izan ere, horrelako eskoletan oso irakasle gutxi izaten dira, eta baztertuta egoten dira hiriburuetatik. Baliabide fisikoak eskuratzeko ez daukate erraza, eta oztopo haundiak izaten dituzte, azpiegituraren ikuspuntutik. Ereñotzuko Txirrita eskola da horren adibide. Beraz, ari gara haientzako prestatzen lan dinamika propio bat. Hasi gara proba egiten hainbat tokitan, eta bat-batean, eskola txiki askok esan digute, beraiek ere nahi dutela proba egin. Gipuzkoan 180 eskola inguru ari dira Eskola Agenda garatzen, eta EAEn 460 inguru. Datorren ikasturterako, kalkulatzen dugu 270.000 ikasle inguruk landuko dutela Eskola Agenda, beraien familiekin.
«Bete ditzakegu gure mendi guztiak parke eolikoz, eta badakigu nora joango diren gure biodibertsitatea, basoak, baliabide hidrikoak, zelaiak, baserriak eta herri ekonomia eredua...»
Eta nolakoa izaten da lanketa hori?
Eskola Agendek lotura izugarria daukate udalekin. Elkarrekin aritzen dira lanean ikastetxeak eta udalak, eta elkarrekin planifikatzen dute garapen iraunkorreko zein helburu landuko duten datozen ikasturteetan. Udalentzako oso interesgarria da ikastetxeetako ikasleen bitartez iristea familiengana. Mugikortasun plan bat inplementatu nahi badugu gure herrian, eta nahi badugu pertsona helduak inplikatzea horretan, ikastetxeen bitartez iritsi gaitezke herriko ia familia guztietara. Protagonista nagusiak haurrak dira, haiek gidatzen dute Eskola Agenda. Prozesu partehartzailea izaten da, oso asanblearioa; eta ikastetxearen ardura da, ikasleei laguntza ematea ez ezik, haien gurasoak ere erakartzea. Horrela ixten da zirkulua.
Prozesua eraginkorra izateko, ikasleak inplikatzea eta motibatzea izango da aurreneko pausoa. Ematen da hori?
Bai, hala gertatzen da, bai Eskola Agendan, bai Lanbide Heziketakoan. Lanean hasten direnean, lehenengo hilabetea izaten da sentsibilizazio eta motibazio fasea. Eskola komunitate osoa sentsibilizatzeko fasea da, landu nahi den arazoaren inguruan: Eskola Agendaren jaia, ikasturtean maskota izango dutena aukeratu, bideoak ikusi, gurasoak informatu eta beraiei zer eskatuko zaien azaldu... Toki askotan arrakastatsuak izaten da, bereziki irakasleek eta ikasleek asmatzen badute proposamenekin; eta beste batzuetan ez hainbeste. Eta behin eskola komunitate osoa nahiko motibatuta dagoenean, hasten dira diagnostikoa egiten. Horretan, familiek ere hartu dezakete parte, eta oso esperientzia politak izan dira, asko gainera. Diagnostiko hori egiten da eskola barnean, baina baita kanpoan ere. Horretarako, ingurumen enpresa laguntzaile bat kontratatzen du udalak, herri mailako edo auzo mailako diagnostikoa bideratzeko. Horrela, ikasleek antzematen dituzte hainbat sendotasun eta ahulezia herrian, eta familien inplikazioaren bitartez, baita etxeetan ere. Ahulezia horiek bilakatzen dira ekintza planerako helburu. Ikasleak oso kritikoak izaten dira, eta edozein gauza txiki, heldu batek agian garrantziarik emango ez diona, beraiek luparekin begiratzen dute. Ahulezia horietatik guztietatik, gomendatzen diegu hiru edo lau aukeratzea, benetan eskuragarri direnak haientzat. Bestela, lan bolumen haundia eta indar gutxi, suntsitzailea izan daiteke. Aukeratutako ahulezia horiek, bilakatzen dira helburu, eta lantzen dituzte hainbat jardueraren bitartez: irteerak, erosketak, hitzaldiak, ikastaroak, eskola baratza, hezegune bat eskola barruan, bizikletentzako aparkalekuak... Gaiaren arabera izaten da hori. Eta lanketaren ondoren, ikastetxeek konpromiso batzuk hartzen dituzte hobekuntzarako, eta udalari proposamen batzuk egin eta konpromisoak eskatzen dizkiote.
Landutakoen artean, zein dauzkazu gogoan?
Ekimen polit askoak egon dira. Gogoan dut Beterri-Buruntzan herri jasangarria landu genuenean, lau ikastetxetako neskek planteatu zutela beldurraren mapa egitea: herriko zein tokitan ez ziren eroso sentitzen, gauez bakarrik ibiltzeko. Eta horren ondorioz, udalek erabaki zuten gune beltz horiek ondo aztertzea eta konponbideak bilatzea: argitasun gehiago jarri, kamerak, udaltzaingoa gehiago mobilizatu inguru horietan... Hondakinen inguruan lan egin dugunean, bestalde, agian udala konturatu ez eta ikasleek detektatu dute non falta ziren edukiontziak, non ez zen nahikoa maiz biltzen...
Biodibertsitatea ere landu dugu, naturala eta baita kulturala ere. Hori Hernanin oso ondo landu genuen, adibidez; oso polita izan zen. Urte batean landu genuen biodibertsitate naturala, eta hurrengoan biodibertsitate kulturala. Energiaren gaia, klima aldaketa, mugikortasuna, ibaietako kutsadura... Elikadura jasangarria ere, bereziki erakargarria gurasoentzat, lotu dugunean osasunarekin: km 0, garaian garaikoa, nekazaritza ekologikoa... Hori zailagoa da Donostian, baina Hernanin edo Astigarragan errazago landu daitekeen gaia da, oraindik badagoelako baserri egitura.
«Haurrak izango dira etorkizuneko pertsona kritikoak, eta gizarte sortzaile bat izatea da hurrengo pausoa; kritika egiten ez ezik, irtenbide propioak mahai gainean jartzen ere badakiena»
Ikasturte honetan, zer landu duzue Urumea bailarako eskoletan?
Aritu gara garapen jasangarrirako 15garren helburuarekin: lehorreko ekosistemetako bizitza. Hori oso zabala da, eta zentratu egin behar duzu. Adibidez, landu ditzakegu gure basoak, eta azkenaldian Gipuzkoan, eta bereziki Beterrin, pairatzen ari diren eraldaketak. Birus bat etorri zen, eta instituzio batzuek eta hainbat erakunde pribatuk, planteatu dute ordezkatzea pinua eukaliptoarekin. Horrek nola eragingo dio basoari? Horren inguruan, ikastetxeek egin dutena izan da hausnartu, eztabaidatu, eta jarduera praktiko asko. Ez nahi adina, pandemiak zaildu duelako ikastetxetik kanpora ateratzea, baina planteamendua hori izan da. Agenda ez da bakarrik natura edo gizartea. Agenda da natura eta gizartearen artean dagoen desoreka. Gizarteak sortzen du desoreka izadian, eta gero izadiak kobratu egiten digu. Esparru horretan sortzen da ingurumen-hezkuntza. Bestela, izango litzateke natur zientziak, biologia, gizarte zientziak... Baina biak elkartzen dituzunean ingurumen arazo sozial baten inguruan, hor dago lehergailua; hor sortzen dira interes desberdinak, gizarteko sektoreen artean.
Eta datorren ikasturterako, asmoa da jarraitzea 15garren helburu horrekin, baina beste ikerketa batetan zentratuta: zelaiak eta larreak. Desagertzen ari dira, gizartea okupatzen ari delako. Zementuz eta asfaltoz betetzen ari gara, baserri mundua desagertzear dago, eta gero eta zelai eta larre gutxiago dago. Baina gure basoak eta gure baliabide hidrikoak mantentzeko, ezinbestekoak dira. Bestela, haien desagerpenak eragina izango du ziur beste ekosistema naturaletan.
Hezkuntzan, nahikoa lantzen da ingurumenaren eta jasangarritasunaren gaia?
Hala balitz, ez legoke Eskola Agenda, eta Ingurugela ez litzateke beharrezkoa izango. Inguruguleak 30 urte daramazki lanean, eta Eskola Agenda tresna potente bat da, nabaritzen delako ingurumen-hezkuntza ez dagoela behar bezala islatuta gaur egungo kurrikulumetan. Horrekin betetzen da hutsune hori. Hezkuntza sistema berez asetzen ez duena, osatzen da Eskola Agendaren bitartez.
Haurren bitartez, familiengana eta gizarte osoarengana iristea da helburua. Joera daukagu, pentsatzeko ingurumenarena ez dela guri dagokigun arazo bat?
Bai, hori gertatzen da. Gaur egungo gizarte eredua mantentzen duten eragileek garamazkite horretara. Eredu hori interesgarria da beraientzat, etekin ekonomikoak ondo bideratzeko. Saiatzen gara bizitzen erosotasun batean, eta erosotasunerako pilulak ematen dizkigute. Baina bizi gara erdi lotan. Lortzen ditugun onura pertsonalak mantentzen saiatzen gara, eta horrek eramaten gaitu indibidualismora, gero eta gehiago. Hori nabaria da. Oso termometro ona da, ikustea nola ari diren kudeatzen lurraldea eta lurzorua. Zenbat pabiloi industrial berri ari dira eraikitzen, kontutan izanda Gipuzkoako pabiloi industrialen %20-23 hutsik daudela? Zenbat landa lur birkalifikatu da, lur urbanizagarri izateko; eta horietako zenbat ari dira betetzen etxebizitza indibidualekin? Euskal Herrian zerbait falta badugu, lurra da. Euskal Herria txikia da, oso menditsua da, eta gure baliabide naturalak ikaragarriak dira; ez dakigu zein puntutaraino diren onak, eta nola ari garen artifizializatzen gure lurrak. Ari gara betetzen eta betetzen, kudeaketa exkax baten ondorioz. Lehen, lurzoru batean zortzi familia bizi baziren, orain familia bakarra bizi da. Denok izango bagenu asmo bera, zortzi aldiz lur gehiago beharko genuke. Eredu hori oso nabaria da Baiona eta Angelu inguru horretan: lurzorua artifizializatu dute, eta herrien artean ez dago mugarik. Eredu horri heldu zaio azkenaldian hegoaldean ere, eta kezkagarria da.
Horren aurrean, nolako planteamendua egiten du Eskola Agendak, ikasleentzat?
Bilatzen dugu ulertzea, ingurumen arazoak konplexuak direla, interes desberdinak tarteko; eta ulertzea desorekak zergatik sortzen diren ere. Konplexutasun horren inguruan, nahi dugu ikasleek garatu dezaten pentsamendu sistemikoa, interes anitzak kontutan izanda. Eta hori izan daiteke bide on bat, begirada indibidualistatik sozialago batera joan, eta etorkizuneko gizarte bat eraikitzeko. Kontua ez da bakarrik haiek arakatzea interes desberdinak, eta enpatiaren bitartez besteen tokian jartzea. Hori ez da nahikoa. Ikerketa eta hausnarketaren bitartez, lortu behar dugu gizarte kritiko bat. Gazte hauek izango dira etorkizuneko pertsona kritikoak, eta horretarako, hezi behar ditugu pentsamendu sistemikoaren bitartez, gauza izan daitezen beraien erabaki propioak hartzeko. Jakin dezatela filtratzen eragile ekonomiko edo politiko potenteek diotena, eta mugak jartzen haien planteamenduari. Baina begirada kritiko hori ere ez da nahikoa. Horrek, ondoren, behar du sormena. Lortu dezakegu gizarte kritiko bat, gai dena arazo baten aurrean hausnarketa bat egin eta kritikatzeko. Baina gero zer? Gizarte sortzaile bat izatea da hurrengo pausoa. Kritika egiten ez ezik, bere irtenbide propioak mahai gainean jartzen ere badakiena.
Eskola Agendak ez du sortzen gizarte kritikoa, ezta gutxiagorik ere. Baina bide horretan lagundu dezake, gizarte kritiko hori sortzailea izan dadin. Hori da gure planteamendua.
Haurrek bezala, gizarte osoak ere beharko luke ingurumen-hezkuntza?
Ingurumen-hezkuntza ez da haurren esparru bat. Gainera, beraiek esponjak bezalakoak dira, eta gaztetxoak bihotz haundiko pertsonak dira. Beti daude prest daukaten guztia emateko, eta gauza askorekin inplikatzeko. Oso eferbeszenteak dira, eta ideia asko ateratzen dira beraien aldetik. Eta ez bakarrik ideiak, baita ekimenak ere. Gazte asko daude prest gauza asko egiteko. Kontua da, askotan ez zaiela nahikoa bide ematen horretarako, ez zaielako eman nahi. Beharbada haien ideiak kritikoegiak dira dauden jardunbide politikoekin, eta hori ez da interesgarria. Mugak jartzen dizkiegu, eta jartzen ditugu pantailatxoaren aurrean, hor askoz ere hobeto daudelako. Eta bakoitza bere etxean baldin badago bakarrik, hobe, aukera gutxiago daukalako besteekin elkartzeko, hitz egiteko, kritikatzeko eta ideiak trukatzeko.
Haien bitartez daukagu esperantza, badakigulako oso prest daudela. Kontua da, adinarekin, ardura familiarrak edota laboralak hartzen dituzten neurrian, eferbeszentzia hori ezerezean geratzen dela. Baina uste dugu, gure pauso guztiak betetzen baditugu, gizarte kritikoa eta sortzailea lortzeraino, geldituko zaiela zerbait motxilan, etorkizunerako.
Garbi dago ingurumen-hezkuntza ez dela gazteen kontu bat, gizarte osoaren kontu bat baizik. Baina gutxienez, gazteen bitartez urratsak ematen baditugu, beharbada beste tranpolin batean kokatuko dira, etorkizuneko helduak izango direnak.
Eta zein izan daitezke hurrengo pausoak, jasangarritasuna den utopia horretara gerturatzeko?
Norberak eraiki behar du bere perspektiba, hori garbi dago. Baina ez da erraza eraikitzea, bonbardeo ikaragarria daukazunean, etengabe, bideratzen zaituena kritiko ez izatera, eta are gutxiago sortzaile izatera; alderantziz, bideratzen zaituena kontsumista izatera. Politikariek beti bilatzen dituzte baliabideak tortilla horri buelta emateko, eta hori oso nabaria da ingurumen arazoetan. Hurrengo urratsetarako, beharrezkoa da beste gizarte eredu bat bilatzea, eta gizarte hori eraikitzeko, nahi eta nahi ez hasi behar dugu hezkuntzatik. Zergatik egon dira hainbeste planteamendu hezkuntzarako, eta hainbeste lege? Politikariak konturatu direlako, zerbait bada politikoa, hori hezkuntza dela. Hezkuntza ez da zerbait aseptikoa, irakasle guztiok egiten dugu politika, bakar-bakarrik gure jarrerarekin eta gure metodologiarekin. Irakasleok hezi egiten dugu gure metodologiaren bitartez, eta gure metodologia politikoa da. Eta metodologia ezberdin asko daude. Onartzen badugu irakasleon jarduera politikoa dela, errazago ulertuko dugu kolore politiko ezberdinak zergatik saiatzen diren hezkuntza sistema berriak martxan jartzen eta bideratzen, boterera iristen direnean. Irakasleon bitartez, lortuko da etorkizunean gizarte eredu bat edo beste bat.
Une honetan, egoera kritikoan dago gizartea, ikuspegi desberdinetatik. Garai batean 40 urtetik behin gertatzen ziren krisi ekonomikoak, gero eta maizago gertatzen ari dira, eta gizarteak ez dauka nahikoa denbora batetik ateratzeko, hurrengoan sartu aurretik. Eta egoera horretan, zerbait beharrezkoa bada, da hezkuntza eta kultura. Gizarteak kultura behar du: gizartearen produktua da kultura, eta kulturak gizartea moldatzen du etengabe. Gizarteari kultura kentzen zaionean, bere identitatezko ezinbesteko elementu bat ukatzen diozu; eta pandemia garai honetan, 2008ko krisian bezala, gizarteari kultura kendu zaio. Kultura da tresna ikaragarri potentea, gizartearen pentsamendu moldea bideratzeko. Hezkuntzan, metodologiak gizarte eredua eraikitzen du, eta askotan, edukiek baino askoz gehiago; kontua ez da zer erakusten duzun, nola erakusten duzun baizik. Eta kulturarekin antzeko gertatzen da: badauka gaitasuna gizartearen pentsamoldea bideratzeko. Askotan, kontsumitzen dugun kultura da telebistan aurkitzen duguna, eta hori oso ondo dago diseinatuta, egoera baterako: eredu indibidualista indartzeko. Gizarte eredu bat ari da eraikitzen, kontsumista dena, eta kritikoa ez dena, hezkuntzaren eta kulturaren bitartez. Eta nagusiki, laguntzen dituzten ekimen kulturalak, dira bide horretan doazenak. Besteei ere uzten diete tokia, koartada gisa, politikarientzat oso itxura txarra emango lukeelako kultura alternatiboak ez elikatzeak. Baina ildo batekoa da %90a, eta bestekoa %10a. Hezkuntza eta kultura ezinbesteko elementuak dira, gizartea bizirik mantentzeko, eta gizarte sortzaile bat eraikitzeko.