Kolonbiako hainbat hiritan apirilaren 28an hasi ziren protesta manifestazioak Iván Duque presidentearen Gobernuak proposatutako zerga igoeraren eta osasun erreformaren aurka. Zerga ekimena aurkeztu zen Ingreso Solidariori dirulaguntza haunditzeko, 2020ko apirilean Kolonbiako Covid-19 pandemian sorospena emateko ezarritako oinarrizko errenta unibertsaleko programa, 010 proiektuak herrialdeko osasun arreta pribatizatzea proposatzen zuen bitartean.
«Mobilizazioak gizartearen esparru guztira zabaldu dira egoera tamalgarriak gizarte klase guztiei zuzenean eragin dielako. Arazoa estrukturala da eta hor jarraituko du»
Erreforma bertan behera utzi zuten manifestazioen ostean, nahiz eta manifestazio horiek, orain, «gizarte-desberdintasunen, herrialdeko pobreziaren okertzearen eta gobernuak osasun eta hezkuntza politikei buruz aurreikusitako erreformen aurka zuzenduta dauden», dio Xiomara Torresek.
Urumean, 182 kolonbiar daude erroldatuak 2019 eta 2020 artean. Horietatik 37 Astigarragan eta 145 Hernanin. Arduratuta daude herrialdean bizi den egoerarekin, eta baita Gobernuaren norabidearekin eta sarraskiarekin ere.
Hilabete bete da protestak hasi zirenetik, eta oraindik ere jarraitzen dute. Xiomara Torres giza eskubideen aldeko aktibistaren bitartez egoera zein den jakin nahi izan du Kronikak.
«25 egun daramatzate greban Kolonbian, eta arrazoi asko daude mobilizazioekin jarraitzeko»
«Hilabete pasa eta gero, jarraitzen dute manifestazio eta protestek Kolonbian. 25 egun daramatza herrialdeak geldirik greban, eta protestek hilabete bete zuten atzo. Aste honetan, Diego Molano Defentsa ministroaren aurka, hainbat kargu militarren aurka eta agintarien kontra zentsura-mozioa bozkatu da. Polizia nazionalak herrialdeko zibilen aurka egin dituzten sarraskien arduradun gisa egin diete zentsura-mozioa. Protestak zerga erreformaren aurka hasi baziren ere eta bertan behera gelditu baziren ere, orain, jendea kalean beste arrazoiengatik dago. Jendea lanik gabe, etxerik gabe kalean geratu da eta gosez dago. Arrazoi asko daude mobilizazioekin jarraitzeko».
Zerga erreformak herritarren erosketen saskia zuzenean ikutzen zuen; eta, horri, hainbat arrazoi gehitu zaizkio. Diotenez, hori ez da izan arrazoi nagusia. «Herriari entzun gabe eta enpresari haundien eskutik doa Gobernu nazionala, eta gauza bera egiten dute Kolonbiako historian gobernatu duten gainerako alderdi politikoek».
Oraingo honetan, mobilizazio eta geldialdiaren ezaugarri nagusia da herrialde osora eta biztanleria guztira zabaldu direla protestak. «Ikasleak, sindikalistak eta komunitate indigenak ziren orain arte manifestazioetan parte hartzen zutenak. Orain, berriz, Duque eta aurreko presidentearen politika tamalgarriek eraginda, gizartearen esparru guztiei eragin die: kaleko saltzaileei, unibertsitate eta batxilergo ikasleei, etxeko andreei, klase ertaina esaten zaiona baina ertaina ez denari... Horiek lortu duten bizitza, ongizate txikia ere, galdu egin dute, liberalizazioaren eta pribatizazioen eraginez. Gainera, pandemiak hori dena oraindik eta gehiago azaleratu du, eta pobreagotu egin ditu herritarrak. Horrek, mobilizazioak asko zabaldu ditu eta gizarteko sektore guztiak ari dira parte hartzen mobilizazio eta protestetan».
«Kolonbian eskuinak agintzen du eta mendebaldeko nazioarteko komunitatearen aliatua da. Horregatik, gertatzen ari denak ez du apenas oihartzunik»
Lehenengo aldiz, eskuinari eta Alvaro Uribe, eta baita Ivan Duqueri babesa eman izan dioten askok ere, ez dituzte babestu; eta datozen urteko hauteskundeetan hori nabaritu daitekeela dio Xiomara Torresek. «Kolonbian, partaidetza oso bajua izaten da, baina eskuina babesten zuten asko konturatu dira beraien bizi-maila asko txartu dela; eta, horrez gain, Kolonbiari kalte egiten diotela ere ohartu dira. Eskuinak bozka asko irabazi ditu korrupzioari esker eta narkotrafikoaren kapo haundien babesarekin. Aparatu paramilitarrekiko beldurrak ere eragina du horretan».
Zerga erreforma geldiarazi dute protestek, unibertsitate publikorako sarbidea erraztu da eta ikusteko dago 2022ko hauteskundeetan izan dezakeen eragina. «Hala ere, arazo estrukturalak hor jarraitzen du, eta Gobernuaren errepresioak jarraituko du», gogorazten du Xiomara Torresek.
Aurreko asteko datuen arabera, «50 hildakotik gora daude poliziaren eskutik, 900 pertsona inguru daude desagertuta eta ez dakigu non dauden. Cauca ibaian eta leku desberdinetan gorpuak agertzen hasi dira eta hobi komunetan gorpuak lurperatzen ikusi da. Zauritu asko eta asko daude, 1.000tik gora... Eta tortura gela ugari daude».
«Komunikabideak Kolonbiako gertaerak ezkutatzen ari dira»
Xiomara Torresek, Kolonbian bertan, Espainian eta mendebaldeko komunikabideetan gaiari ematen zaion trataera salatzen du. «Kolonbian, eskuinak agintzen du, eta baita nazioarteko komunitatean ere. Kolonbian dituzten interesek ez dituzte traizionatuko edo salduko. Nazioarteko komunitateak ez du gaitzespen bakar bat ere egin Kolonbiaren egoeraren gainean». Santzioetaz ere ez da hitzik entzun. «Alderantziz, gertatzen da ezkerreko agintariak edo aliatuak ez diren herrialdeetan, Venezuela edo Kuba esaterako, Latinoamerikan, ez direla beraientzako funtzionalak eta bortizki erasotuak direla. Ivan Duque eta Kolonbiako agintariak, berriz, nazioarte mailako beraien ordena mantentzeko euskarria dira. Horregatik mantendu da bere agintaritza; hori defendatu eta bermatuko dute. Aldiz, Venezuela izan balitz, misio asko iritsiko lirateke eta nazioartetik babesa erakutsiko lieteke manifestariei».
Xiomara Torresek dio «garrantzitsua» dela Kolonbian gertatzen ari denaz informazioa ematea. «Hedabide alternatiboek jarraitu behar dute lanean, beharrezkoa da komunikabide haundien setio informatiboari kontrapisu informatiboa egitea»
«Agintariek, erahilketen bidez, herria isilarazten jarraitzen dute»
Rosselin Medina 7 urterekin irten zen Kolonbiatik Europara bidean; eta 30 urte eta gero, pasa den urtean itzuli zen bisitan. «Arduratuta nago».
Rosselin Medina zazpi urterekin irten zen Kolonbiatik, errefuxiatu gisa. Aita erahil zuten eta ihes egin behar izan zuen. Pasa den urtean, ia 30 urteren ondoren, berriz ere Kolonbiara bueltatu zen. «Espainiar nazionalitatearekin itzuli nintekeen», dio. Orain, gertatzen ari den guztia «larritasun haundiarekin» bizi du.
«Ahaztuta nituen nire bizitzaren momentu horiek», aipatzen du Medinak. «Bizi dugun egoera honekin, nahiz eta inoiz amaitu ez den biolentzia eta Kolonbian beti egon den hor, berriz ere gogorarazi ditut momentu gogorrak. Kolonbian geratu den familiarekin egon nintzen pasa den urtean, itzuli nintzenean; eta, orain, arduratuta eta inpotentziarekin bizi dut egoera. Ikusten dut, horrenbeste urte pasa diren arren, gauzek berdin jarraitzen dutela eta biolentziak herrialdearen gainazalean segitzen duela. Agintariek herria ixilarazten jarraitzen dute erahilketekin, beti gertatu izan den bezala. Beraz, estutasuna gainezka dut».
Rosselin Medinak aipatzen du modu traumatikoan irten zela familia Kolonbiatik orain 30 urte, eta horregatik «amak ez zuen ezer ere ez jakin nahi bertako gatazkari buruz. Nik beti izan nuen arantza hori, eta bertara itzuli nintzenean, pena hartu nuen kolonbiartasun hori gehiago garatu ez izanagatik. Kolonbiakoa gehiago izatearen irrika izan dut beti. Esan liteke euskalduna gehiago izan naizela kolonbiarra baino».
Kolonbiako oroitzapen gutxi ditu Medinak. «Familiaren gogorapenak ditut, eta gauza gutxi gehiago», dio. «Aitaren irudiak ere baditut buruan, noski. Ezin ditut alderatu irten nintzeneko egoera eta oraingoa».
Hernanin bizi den kolonbiarrak zaila ikusten du gauzak asko aldatzea; baina, datorren urteko hauteskundeetan du esperantza apurra. «Poza ematen du jendea piztu delako eta esnatu delako. Batetik, estraktu sozial guztietako herritarrak elkarrekin batera borrokatzen ikustea poztekoa da; baina, bestetik, errealistak gara eta etsipena sentitzen da, sistema ustelduta dagoelako. Ezin da ziurtasunez esan hildako gehiago egongo ez direla, ez eta desagertutakorik, atxiloketa arbitrariorik egongo ez denik ere, eta inpunitatean geratuko direnik. Alde horretatik, egoera ez da hobetu; eta, horrek, ezkor izatera eramaten zaitu. Bide asko dago egiteko eta ez dakigu nola garatuko den. Datorren urtean dira hauteskundeak eta agintariek hasi dute propaganda komunikabideetan».
«Pablo Escobarrek lortu ez zuena Uribek lortu du: aginte politikoa»
Herrialdearen egoera asko txartu dela dio Calikoa den baina Hernanin bizi den Eidy Viviana Naranjok. «Lan gehiena informala da Kolonbian».
Eidy Naranjo Calikoa da eta, orain, Hernanin bizi da. «Hemendik, ezintasunez ari gara egoera bizitzen. Milaka kilometrotatik, irudiak iristen zaizkigu. Nire bertako familiaren zati bat erresistentziaren gune beroenetako batean dago, baina ongi daude».
Lanaren ondorioz, ezin izan du Donostian eta Irunen antolatu ziren kontzentrazioetan parte hartu, baina jende asko mugitu dela nabarmentzen du. «Euskal Herrian bizi diren kolonbiarren erantzuna ikusgarria izan da. Jende askok hartu du parte mobilizazioetan. Kolonbian pasatzen dena ez da arrotza guretzat. Izan ere, hona ez gara gustuagatik etortzen. Beharrak bultzatzen gaitu herrialdetik irtetera. Adibidez, nik 35 urte ditut eta adin horretatik aurrera lanik ezin dute aurkitu, adinekoak direla argudiatuz. Lan gutxi dago, bai lan formala bai informala (paperik gabe, kontraturik gabe, diru beltza eskuratuz...). Gutxi dago. Kolonbian, herritar gehienak modu informal horretan aritzen da lanean. Esaterako, zentsuan eta datuetan, lan mota horiek legediaren barruan egongo balira bezalaxe zenbatzen dituzte; eta, horrek, datu errealak manipulatzen ditu, eta jendearen errekurtsoa dira; alegia, bizitza aurrera ateratzeko bide bat. Baina, berez, ez da lana».
Eidy Naranjoren ustez, Kolonbiak atzerrian duen babesa hori da, kanpoan bizi diren kolonbiarrek eskaintzen dutena. «Kolonbian biolentzian bizi izan gara, Gobernuak eta indar militarrek ez dute herria babestu. Ni Calikoa naiz eta bertako gazteak izan dira mobilizazioak hasi zituztenak».
Nazioartean eta herrialdean bertan egon den informazio falta eta manipulazioa deigarria dela azpimarratzen du. «Egun hauetan, Duque presidentearen kezka bakarra da futbol txapelketa bertan behera geratzea. Kolonbiako komunikabide haundienak beti, ez orain bakarrik, boteretsuen esku daude. Hori horrela da leku guztietan, eta informazioa manipulatzen dute. Gainera, herria bitan banatzen saiatzen ari dira, eta hori lortzen dute. RCN, Caracol... Kate horiek egiten dute lan hori. Protesta hauekin hori argi eta garbi geratu da, zalantzaren bat zuenarentzako». Eidy Naranjok argi du Kolonbian nork agintzen duen: «Alvaro Uribek lortu du Pablo Escobarrek lortu ez zuena edo lortzen utzi ez ziotena. Hau da, botere politikoa lortzea. Denbora asko darama Uribek herrialdean agintzen. Dagoen narkorik haundiena da».