Donostian, Bilbon eta Gasteizen egin zituzten elkarretaratzeak hainbat eta hainbat abesbatzatako ordezkariek, hilaren aurreneko igandean, EAEko abesbatzen federazioen eta Euskal Herriko hainbat abesbatzaren deialdiarekin bat eginez. Kantuz bai, ixilik ez lelopean, Jaurlaritzari adierazi nahi izan diote denbora gehiegi daramatela ezin entseatu, pandemiaren aitzakian, eta badela garaia, «behar diren neurriak hartu bai», baina lanean hastea ahalbidetzeko.
Aldarrikapenarekin bat egin eta Donostiako Manifestopaketan hartu zuen parte Amaia Aldalur Goikoetxeak, baita egiten dituzten aldarrikapenen irakurketa egin ere. Aldalur ‘Hernani’ Musika Eskola Publikoko abesbatzetako zuzendaria da, eta baita Zumaiako San Pedro eta Hondarribiko Xatz-Eskifaia abesbatzetakoa ere.
Manifestopaketa eginda, zein balorazio egiten duzue?
Gure balorazioa oso positiboa izan da. Donostiakoa Gipuzkoako Abesbatzen Federaziotik antolatu genuen, nahiz eta deialdia Euskal Herritik etorri. Zuloaga plazan 200 lagun inguru bildu ginen; 150 luzek eman zuten aurretik izena, baina azkenean 200 bat elkartu ginen, behar adina distantziarekin eta neurri guztiekin. Eta izan du oihartzuna, dezentekoa. Hurrengo egunean COPE irratitik Julio Otero genuen Federaziora deika, Gotzone Sagarduik (osasun sailburua) hurrengo egunean eman zuen erantzuna Euskadi Irratian galdetu ziotenean… Han ere, Euskadi Irratian, pilak jarri dituzte: igandean bertan elkarrizketa egin ziguten. Berria egunkarian ere Andoni Egañak keinu bat egin zigun artikulu batean. Badago. Iritsi da. Uste dut herriari iritsi zaiola lehen ez zekiena: ezin dugula kantatu. Egia da ez dugula zorte handia izan aldarrikapenerako momentuarekin, pandemiaren egoera txarrenean baikaude, baina berriro ere jaitsiko da olatua.
Azaroaz geroztik abesbatza asko entseatu ere ezin eginik zaudete. Zu Zumaian, Hondarribian eta Hernanin aritzen zara zuzendari. Zein da egoera?
Oso desberdinak dira. Hernanin, Musika Eskolaren barruan egonda, abesbatzak hezkuntzaren barruan gaude, eta, beraz, bere kontingentzia planarekin, baina funtzionatzen dugu. Zumaian, bestalde, profesional bat kontratatzeko aukera izan dugu. Horrekin, profesionaltasun kutsua hartzen duenean emanaldiak, aukera dago kontzertua egiteko, eta zirrikitu horri heldu genion. Apirilean Kandido Uranga aktoreari kontratua egin zitzaion kanpoko enpresa batekin, eta, berarekin, San Pedro abesbatza kontratatuta, bidea ireki zitzaigun entseatu eta kontzertua emateko. Hondarribiko kasuan, aldiz, ez kontratu eta ez antzekorik egiteko aukerarik izan ez dugunez, ezin dugu ezer egin. Hori egiteko ere ekipoa behar duzu atzean, Udalak ere babestu egin behar zaitu, eta kultura teknikariak. Batzuek ez dute ezer egiten, eta orduan… Elkarri aurpegia ikusi gabe gaude, horrek daukan arriskuarekin: jendea beste gauza batzuk egiten hastea. Horrez gain, horrek dauzkan ondorio kognitiboak daude: jende heldua izaten da askotan abesbatzatan, eta azaroaz geroztik geldi daude, telebistari begira eta beldurrak jota, horrek dakartzan ondorioekin. Ikusten ari gara, dagoeneko, ondorio horiek. Kantuak onurak dakartza. Kirola ez da dena. Gureak ere onurak dauzka, esaterako, María Elena Parada psikologoaren artikulu bat oinarri hartzen badugu: garunak gure animoa hobetzen duten endorfinak askatzen ditu kantatzean, abesbatzako kideen taupadak berdindu egiten dira, talde sentimendua indartu eta tolerantzia eta bizikidetza sustatzen dira, garunaren bi hemisferioek batera lan egin dezaten ahalbidetzen da, adierazpen emozionala lantzen da…
Koronabirusa aerosolen bitartez zabaltzen dela-eta, debeku irmoa ezarri zaizue. Zein aldarrikapen egiten dituzue?
Hainbeste kutsatzen badugu, zorroztu ditzagun neurriak. Baina bila ditzagun irtenbideak. Zehazki, 11 aldarrikapen egin ditugu: 1) Abestu nahi eta behar dugula; 2) Abesbatza gehienok ezin elkarturik gaudela 2020 urteko azaroaz geroztik; 3) Gure koruetako askok ez dutela abesten jarraituko dagoeneko beraien ateak betirako itxi dituztelako; 4) Gure zuzendarien lanari esker hainbat eta hainbat familia bizi direla; 5) Jarduera koralaren aurkako demonizazio kanpaina bat sufritu dugula komunikabideen partetik; 6) Egungo egoeran, segurtasunez abestu ahal izateko, protokoloak eta Eusko Jaurlaritzarekin adostutako espazioak babestu eta girotzeko neurriak daudela, beste kultura edo kirol jarduera federatu batzuetan bezala; 7) Ez dagoela COVID-19aren arriskutik %100ean salbuetsita kultura, lana edo eguneroko jarduerarik. Bestelako kirol, kultura edo taldekako jarduera federatuak dagoeneko baimenduta daude. Zergatik ez federatutako abesbatzena?; 8) Abesbatzen jarduera arrisku handikoa dela uste bada: a) aplika ditzagun aurreikusitako neurriak, b) bidera ditzagun kontrolatzeko moduak, c) alda ditzagun neurriak, nahikoak ez direla ikusten bada, baina ez dezagun sistematikoki kantu korala debekatu; 9) Federatutako Abesbatzok baimena exijitzen dugu, gure entsegu koraletako jarduera aurrez aurre egin ahal izateko. Gure aldetik, Eusko Jaurlaritzak onartutako protokolo koraletan jasotako segurtasun baldintza guztiak errespetatuko ditugu; 10) Federatutako abesbatzok gure entsegu guneak araudi berriari egokitzeko zuzeneko laguntzak exijitzen ditugu; 11) Azkenean, zera adierazi nahi dugu: kantatzea segurua da segurtasun neurriak betetzen badira.
Igandean doinua jarri zenioten aldarrikapenari, eta berehala etorri da Gotzone Sagardui osasun sailburuaren erantzuna. Espero zenuten?
Hain momentu txarrean egonda, bagenekian erantzuna zein izango zen. Dena den, Sagarduik esan zuen egon direla agerraldiak, baina lehengo urteko datuekin ari zen. Orain gutxi, adibidez, Kursaalen egin da Mozarten Requiema, abesbatzekin, eta bai, gerta daitezke kutsatzeak, baina enpresetan, tailerretan, unibertsitateetan… bezala. Horietan ere badira agerraldiak, baina ez da ezer esaten. Momentuz berdin geratuko garela bagenekien. Baina, noiz arte? Datuak hobetzean irekiko zaigu atea? Orain Jaurlaritzak nahikoa du alarma egoera bertan behera geratzearen aurrean zer egin pentsatzen, guri begira hasteko… Bagenekien aurrenekoan ez genuela ezer lortuko. Baina, gutxienez, prentsan atera gara. Milagrosan banderola ere jarri dugu!
«Herriari iritsi zaio lehen ez zekiena: ezin dugula kantatu»
Lehentasuna kutsatzeak saihestea dela aipatzen zuen Sagarduik. Baina, badirudi, jarduera sozioekonomikoek dutela zeresana: profesionalak diren musikariek aukera dute beren jardunarekin jarraitzeko; gainontzekoek, ez. Zentzuzkoa da?
Ez. Ez dago logikarik. Musikari profesional eta amateurrek berdin askatzen ditugu aerosolak, baina amateurismoarekin jokatu dute. KUP (musikariz osatutako abesbatza, Gabriel Baltés, Musikeneko Koru Zuzendaritza graduko irakasleak zuzendua) entseatzen ari da, beste maila batean mugitzen delako. Mugimendu sozioekonomikoa dutenak ukitzen ez dira ausartu, baina arriskua berdina da. Gu oraintxe, Musika Eskolan, inoiz baino okerrago gaude, bost eta sei urteko umeak ari baitira orain positibo ematen. Adin guztietara iritsi da dagoeneko. Arriskua hor dago. Baina, zer egin behar dugu? Bizitzen jarraitu behar dugu!
Maiatzaren Lehena, Langilearen Nazioarteko Eguna pasa berri den honetan, musikaren alorrean profesionala zer den eta zer ez zehazten asmatuko genuke?
Oso anbiguoa da. Hori ere jakitera eman behar da. Euskal Herrian ez daukagu koro profesionalik. Ez dago koralistarik, kontratupean abesten duena. Baina zuzendariak bai. Ni, adibidez, Hondarribian, kontratupean aritzen naiz. Baina, entseatzen ari ez garenez, hitzarmena moztu eta diru-laguntza kendu digute. Profesionalen kontua musikaren alorrean, eta koruenean oraindik eta gehiago, konplikatua da. Musikari gutxi batzuk badira, hiru koru zuzendu eta autonomo izanda, hortik bizi direnak.
«Itxialdian bai, kantua batetik, bideoa bestetik, gitarra bestela… Eta bat-batean, zer gertatu da?»
Makrokontzertu batzuekin egin da proba Espainiako estatuan eta Europan; hemen, aldiz, kontzertuak ez, baina emanaldi pedagogikoak baimentzen dituzte. Abesten jarraitu ahal izateko biderik ikusten duzue?
Bartzelonan egin da, bai. Ez daukat batere garbi. Ikasturte amaierako kontzertuekin badaukat sentsazioa betatuta gaudela, edo guk betatzen dugu gure burua. Nola igoko zara, bada, Biteriko eszenatokira, 40 umerekin? San Benitoa jarri digute aerosolen istorioarekin.
Jarduera sozioekonomikoetan baimenak malguagoak dira, baina musika, kultura, gizarte osoaren ongizaterako ezinbesteko direla erakutsi zen iaz, itxialdi erabatekoan geundela. Ahaztu egin zaigu?
Bai. Itxialdian kantua batetik, bideoa bestetik, gitarra bestela… Eta, bat-batean, zer gertatu da? Fokua beste gauza batean jarri da eta hori dena alde batera utzi da. Kultura segurua da lema horri ere heldu behar diogu berriz. Baina, herri bakoitzeko lana dago hor. Kultur teknikariaren araberakoa da. Batzuek dekretu eta arauei zorrotz heltzen diete, eta beste batzuek ez hainbeste. Eta ez dijoa politika siglekin lotuta. Hernanin ere oso zorrotz dabiltza.
«Preludiorik ez da izango, baina horrelako keinu txikiak izango dira»
Hilabete inguru barru egokituko litzake Hernanin San Joanetako iragarpen kontzertua egitea. Iaz bertan behera geratu bazen ere, talde txikietan emanaldi motzak egin ziren herriko hainbat txokotan. Aukerarik izango da aurten?
Aurten ere egingo da. Preludio handi eta txikirik ez, baina horrelako keinuak izango dira. Dakapo abesbatzarekin egin genuen emanaldi txiki bat Sandiusterriko egoitzaren aurrean, eta ondoren, Txantxillan eta… Oso polita atera zen eta asko eskertu ziguten. Aurten ere izango da zerbait.
Oraintxe bertan egoera okerragoa dela ematen du, baina talde immunizazioa lortzea gertuago izan behar genuke. Esperantzarik baduzue? Beste pausurik emango duzue?
Oso poliki doa. Musika Eskolak, adibidez, ez gaituzte kontuan hartu txertaketetarako, ezta unibertsitate edota euskaltegiak ere. Alde horretatik ez dakigu ezer izango den. Beraz, herriaren immunizazio mailaren arabera mugitu beharko dugu. Momentuz ez dugu beste ekintzarik buruan. Manifestopaketa egin dugu eta ikusi behar dugu zer datorren. Maiatzean gaude, ekainera goaz, eta udaran koro asko geratu egiten dira. Beraz, pentsatzen dut irailera arte, ez bada indar pixka bat egiten, bere horretan geratuko garela, eta immunitatearekin batera askatuko direla debekuak.
«Oso isilik egon gara. Herria ez da mugitu. Ostalariak mugitu dira, diru asko eta lanpostu asko daudelako jokoan»
Inguruko erkidegoetako abesbatza eta musika taldeen egoeraren berri baduzue?
Nafarroan entseatzen ari dira. Aragoin ere bai. Kasu horretan, Euskadin daukagu debekua. Espainian ari dira. Nafarroan ere bai. Gipuzkoako Federazioko juntakide bat daukagu Beran bizi dena eta Elizondoko korua zuzentzen duena, eta entseatzen ari dira. Nafarroa hain urruti al daukagu, bada? Kontraesan askoz inguratuta gaude. Baina, Jaurlaritza eta LABIa daude, dauden bezala. Amateurismo horretatik tira dute erabakitzeko hau ez dela lehentasunezkoa, eta kantatu behar badugu, dutxan kanta dezagula. Eta nire ustez, oso ixilik egon gara. Herria ez da mugitu. Ostalariak mugitu dira, diru asko eta lanpostu asko daudelako jokoan. Gurean, berriz, jendea etxean geratu da beldurrez, eta pasa zaigu urtea. Ez bada mugitzen, segiko dugu horrelaxe! Eta gu bezala, Musika Bandak. Geldituta daude, batzuk lehenagotik, martxotik. Herrigintzan ari gara, eta badirudi Jaurlaritzari ez zaiola inporta. Gero, ekitaldi instituzional baterako nahiko dute koro bat, eta orduan esan beharko dugu ezetz.
«Desagertzeko arriskua dugu»
KANTUBAN GAZTE ABESBATZA
HERNANI
Abesbatza gaztea da Kantuban, bai partaideen aldetik eta baita martxan daraman denboraren aldetik ere. 2018an sortu zen Hernanin, eta gogotsu eta indartsu hasi ziren lanean; Errenteriako Gabon Kanten Jaialdian aurkeztu diren bietan lortu dute saria, azkenekoan, aurrenekoa. Herri desberdinetako jaietan alardeetan ere eman izan dute kontzertua. Iazko udan, esaterako, itxialdiaren ondoren, Donostiako Txistulari Alardean aritu ziren. Baina ikasturtea hastean, geldituta egotera behartuta ikusi zuten beren burua. Talde berria izanik, oraindik ez dute taldea egituratu eta ez daude federatuta, baina kanturako gogorik ez dute falta. Urtarrilean, kontratuaren formula baliatuta, San Sebastian egunaren harira Donostiako Udalaren Txistulari Taldeak antolatzen duen kontzertuan kantatu zuten, baina ordutik berriro geldirik daude. «Asko kostatzen ari zaigu egokitzea, ez gaudelako guztiz egituratuta eta entseatzeko toki guztiz finkorik ere ez dugulako. Eta egoera honetan, are gehiago zailtzen da dena. Desagertzeko arriskua dugu. Baina aurrera egiten saiatuko gara», azaldu dute.
«Paroan gaude eta ez dakigu etorkizunean zer izango den»
UMORE ONA ABESBATZA
GOIZUETA
Nafarroan egoera bestelakoa bada ere, Goizuetako Umore Ona abesbatza ere geldirik dago, Juan Antonio Lekuonaren azalpenen arabera. «Geldirik gaude martxotik. Hil honen 23an komunioa egitekoak ziren Goizuetan 6 gazte, eta bagenuen asmoa bertan kantatzeko, baina hori ere atzeratzeko agindu du Gobernuak edo Elizak edo ez dakit. Hiletetara joaten gara, ez besterik! Badugu nahikoa leku koruan eta moldatzen gara. Gainera, apaizak nahi zuen. Baina entsegurik ez dugu egiten. Paroan gaude eta ez dakigu etorkizunean zer izango den. Imanol Kamiorekin badugu harremana, etortzen da laguntzera, eta hura ere horrelaxe dago». Nafarroan beste batzuk martxan ari direla badakite, hala ere. «Leitzakoekin harremanetan gaude eta hastekoak ziren, zer edo zertan ari ziren, baina gu ez. Gure zuzendaria Irungoa da eta ezin du etorri. Horrek daukan arriskuarekin, noski: denak adinekoak, 32 bat ginen, baina etorkizunean… ez dakit».
«Ahal dugun neurrian ari gara jarduerarekin jarraitzen»
IGOR ARROYO
AIZTONDO ETA KANTUZ ABESBATZETAKO ZUZENDARIA
Astigarragako Aiztondo eta Hernaniko Kantuz abesbatzak zuzentzen ditu Igor Arroyok; baita Orioko Salatxo ere. Hiru abesbatzak daude Gipuzkoako Abesbatzen Federazioan federatuta. Aurreneko biek egin zuten bat Manifestopaketako aldarrikapenekin, eta Donostian izan ziren hainbat ordezkari. Salatxokoak ez ziren animatu. Baina, egoera antzekoa dute. «Geldirik gaude», azaldu du Arroyok. «Astigarragan orain gutxi eman dugu kontzertua Aiztondo abesbatzakook, lortu genuelako Oskarbi taldearekin aritzea, eta Udalak lagundu zigulako. Oskarbi kontratatu zuen, eta kontratu hori Federaziora bidaltzen da handik Jaurlaritzari bidaltzeko, eta hark onartuta, baimentzen da emanaldia eta bi hilabete lehenago legalki entseatu ahal izatea, kontratu profesionalen taldean sartzen zaituztelako. Gainontzean, geldirik gaude. Espero dugu udara aldera, egoera bere onera etortzean, baimenak ematea. Orain, kontzertua eman ondoren, berriro ere entseatu gabe gaude. Ahal dugun neurrian egiten ditugu bideoak eta… Santa Agedan, adibidez, koplak grabatu genituen eta bafleetatik jarri genuen musika kalean. Ahal dugun neurrian ari gara jarduerarekin jarraitzen. Baina, Hernanin, adibidez, ERTEan nago. Hori adostu genuen, gutxienez, laguntza hori izateko».
«Abesbatzen kontzertuek ez dute arrisku handiagoa, egiten ari diren beste jarduera batzuek baino»
ERAGIYOK ABESBATZA
ASTIGARRAGA
Manifestopaketarekin bat egin zuten Astigarragako Eragiyok abesbatzako zuzendaritza batzordeak eta Eneko Amundarain zuzendariak ere. Aldarrikapenekin bat egiten dute, eta sare sozialetan ere halaxe zabaldu dute. «Uste dugu demostratu dugula segurtasun neurriak errespetatuta, bai entseguetan eta baita emanaldietan ere, abesbatzen kontzertuek ez dutela egiten ari diren beste jarduera batzuek baino arrisku handiagoa». Eragiyok ere federatuta dago, eta talde amateurra da. Hala ere, azaroan geldirik egon ondoren, jarduerari berriro heltzea lortu zuten abendua eta otsaila artean, Portugaleten eta Astigarragan kontzertuak emateko. «Azaroan abesbatzei entseatzea eta kontzertuak ematea debekatu zitzaien, salbuespen batekin: jaialdi baten gonbidapena edo kontratupeko kontzertuak izatea. Aukera hori baliatu genuen». Otsaila amaieraz geroztik, ordea, entseatu ezinik daude berriro ere. «Etorkizunerako emanaldi batzuk hitzartuta ditugun arren, kontratuak eta baimenak lortzeko prozesuan gaude. Horrela ibiltzeak asko zailtzen du ezer antolatzea».
«Berriro martxan jartzea ez dakit zenbat kostako den»
IMANOL KAMIO
OZENKI ABESBATZAREN ZUZENDARIA
Bestelako emanaldi bat zuen esku-artean Imanol Kamiok, Hernaniko Ozenki abesbatzako zuzendariak, maiatzaren aurreneko igandean: Antzoki Zaharrean zen, besteak beste, Eñaut eta Unai Agirre anaiekin, Bilintxen Menda emanaldia eskaintzen. Horregatik ezin izan zuen abesbatzen Manifestopaketara joan, baina gainontzekoen kezka bera du. Martxoaz geroztik daude geldirik. «Ordutik ez dugu elkar ikusi, entierroetan ez bada, kide batzuk hil zaizkigulako. Bilera egitekoak ginen, gaiaz hitz egiteko, baina azkenean, ez egitea erabaki zen, badaezpada ere. Eta zer egingo dugun ez dakigu. Batzuk hasi nahi dute; besteek, ez. Dagoeneko ez gara 20 urteko gazteak, adinean aurrera goaz eta ez dugu arriskurik hartu nahi. Esperoan gaude, ea zer egin dezakegun. Entseatzeko Doinu Zale Musika Eskolan elkartzen gara, eta ez daukagu hainbeste metro pila. Udaletxean galdetu genuen, baina ez dago lokalik. Egia esan, beldurra ematen dit. Berriro martxan jartzea ez dakit zenbat kostako den. Nire kezka daukat. Uste dut gure moduan abesbatza asko daudela, desagertzeko beldurrarekin. Baina datorrenari heldu beharko diogu».
«Ez dugu entseatzen Udalak baimenik ez digulako eman»
GOIZ EGUZKI ABESBATZA
HERNANI
Kideak Donostian protestarekin bat egitera animatu ez baziren ere, eta federatuta ez badago ere, Javier Zubimendik zuzentzen duen Hernaniko Goiz Eguzki jubilatuen koruak bat egiten du Manifestopaketako aldarrikapenekin. Izan ere, geldirik daude beraiek ere. «Ez dugu entseatzen Udalak baimenik ez digulako eman. Beraz, ezin dugu kontzerturik eman», azaldu dute.