Maiatzaren Lehena Langileen Nazioarteko Eguna da. Egun haundia langileriarentzat, eskubideen erreibindikazio eguna eta langile mugimenduaren nazioarteko jaieguna da. Bigarren Internazionalean, 1889an Parisen, aldarrikatu zen lehenengo aldiz, Chicagoko martiriak omentzeko. 1886ko maiatzaren 1ean Chicagon, sindikalari anarkista batzuek greba bat hasi zuten, 8 orduko lanaldia eskatzeko. Hiru egun pasa ondoren, grebaren une gorenean, Haymarketeko matxinada piztu eta greba bukatzeko zortzi langile epaitu zituzten: heriotza-zigorra jaso zuten bostek.
Mundu ia osoan ospatzen da. Euskal Herrian ere langileriaren eguna erreibindikazio eguna da, eta ongizate maila duinagoa lortzea ekarri du.
Euken Villasante, Lurdes Barragan eta Idurre Conde LABeko ordezkariak dira industrian, Osakidetzan eta Auzo Lagunen, eta gaur egungo egoera ikusita, Maiatzaren Lehenean erreibindikazioek inoiz baino biziago egon behar dutela diote: «langileriaren lan baldintza prekarioak azalean eta agerian utzi ditu COVID-19ak eragindako pandemiak. Azken urteetan, eskubideetan eta lan baldintzetan atzerapauso nabariak eman dira».
Maiatzaren Lehena «egun bat dugu aldarrikapenerako eta klase harrotasuna erakusteko», adierazi du Euken Villasantek. «Lankideekin eta lagunekin ospatzen dugun festa egun bat da, baina beti izango da borroka egun bat, gure eskubideen eta langile klaseak merezi dituen eskubideak borrokatzeko».
Iaz eta aurten egun oso bereziak izan dira pandemiaren eraginez. «Iaz zailtasun asko egon ziren, kalera ateratzen orduantxe hasi ginelako». Manifestaziorik ezin zen egin, eta sindikatuek erreibindikazioak egiteko beste bide batzuk bilatu zituzten, «kotxe karabanak esaterako».
Aurten, Aldaketa da aukera; zaintza, lana, bizitza, herria! leloa erabiliko du LAB sindikatuak. «Aukerak baditugu Euskal Herrian, gihar politiko eta soziala nahikoa badugu, bizitza erdigunean jarriz, burujabetzan sakontzeko».
«2020ko urtarrileko Greban, pandemiaren aurretik, salatzen zen Osakidetzan gabezia larriak zeudela; denborak arrazoia eman digu»
2020eko urtarrilaren 30ean greba orokorrera deitu zen Euskal Herrian. «Greba horretako aldarria zen zaintza sistema krisian zegoela. Argi salatzen zen Osakidetzan gabezia larriak zeudela pandemia aurretik. Greba hori alferrikakoa zela esaten ziguten, ez zela beharrezkoa, gezurretan ari zirela sindikatuak. Argi geratu zen hilabete batzuk beranduago, zaintza sistema krisian zegoela, osasun sistema publikoa krisian zegoela eta prekarietate izugarria zegoela gizartean, isilpean zegoena, langile prekarioenek jasaten dutelako, emakumeengan sostengatzen zelako prekarietate guzti hori. Osasungintzan, zaintzan, hezkuntzan... lehertu egin da».
«Koronabirusen agerraldien %70 lan arloan gertatu dira, Jaurlaritzaren txosten baten arabera», adierazi du ELAk
ELAk ohar baten bidez jakitera eman zuenez, urrian eta urtarrilean EAEn izandako koronabirus agerraldien %70 eta %80 artean lan arloan gertatu dira.
Sindikatuak salatu duenez, «Lakuak ez du kutsatzeen jatorriari buruzko informazio gardenik ematen, orain arte emandako informazioa guztiz partziala da». Gogora ekarri zuenez, martxoan, Gobernuak «lehenengo aldiz» eman zuen agerraldien jatorriaren berri. Informazio horren arabera, «partziala izan arren, urritik urtarrilera bitartean agerraldien %70 eta %79 artean lantokietan gertatu dira (eskoletan, zentro soziosanitarioetan, osasun-zentroetan eta beste lantoki batzuetan)».
Euken Villasantek dio: «modu lotsagarrian, Eusko Jaurlaritzak ematen dituen datuak badakigu faltsututa daudela. Kasu honetan, enpresetan zergatik ez duen lupa jartzen agerikoa da. Confebaskek argi eta garbi esan ziolako ezin direla enpresak itxi, ezin dela aktibitate ekonomikoa murriztu eta beraz zentsuratzen ari dira nahita eta nahi gabe. Gabezia izugarri bat dago eta EAJtik dago agindu argia egoera hori ez salatzeko publikoki, eta ez agertzeko komunikabideetan».
Euken Villasanteren arabera, gauza batzuk agerikoak dira. «Non elkartzen gara? Enpresara bidean, autobusean, trenean.. kutsatzen da gehiengoa, lanarekin zerikusia duen lekuetan, eta ez EAJ eta Jaurlaritzak ikusarazi nahi duten bezala gazteriaren inguruan, hauek kriminalizatuz». «Goierriren kasua esanguratsua da», dio Lurdes Barraganek: «eskualde guztia itxi zuten, taberna guztiak eta abar, baina nork itxiko du CAF edo Irizar?».
«Ez dugu esaten aktibitate ekonomiko guztia itxi behar denik, baina gutxienez hori eztabaidatu behar da»
Villasantek adierazi duenez, «ez dugu esaten aktibitate ekonomiko guztia itxi behar denik, baina gutxienez hori eztabaidatu egin behar da. Gero iritsiko gara ondorio batzuetara, baina gutxienez mahai gainean jarri beharko litzateke, eta EAJk ez du jarri nahi izan. Espainiak 15 eguneko konfinamendu oso hori jarri zuenean, lehenengo kritikoa alderdi jeltzalea izan zen, Confesbaken eskutik».
Instituzioak kapitalaren, enpresa haundien edo enpresari elkarteen bozeramaile bihurtu direla salatu dute LABeko kideek. «PNV beti izan da Confebasken bozeramaile, eta Confebask alderdiaren beso bat gehiago, bata bestea gabe ezin dira ulertu. Herrialde gehienetan gertatzen da eta hori da kapitalismoaren muinetako bat».
«Neurriak ari dira betetzen, baina langilea 'ea zer egiten ari zaren kanpoan' susmopean ari da lanean»
Idurre Conderen lantokian neurriak betetzen dira. «Segurtasun neurri zorrotzak ditugu». Osakidetzan gauza bitxia gertatu dela aipatzen du Lurdes Barraganek. «Orain suposatzen da denetik dugula eta neurriak markatuago daudela. Txertoaren gaia ere hor daukagu; ia plantilla osoa txertatuta dago. Bestetik, gosaltzeko edo kafetxo bat hartzeko, dena itxita dago. Langilearen aurka akusazio zuzenak daude, langileak elkartzen direnean erritmo ikaragarri horretatik irten nahi dutenean. Ez da ospitale osoa, baina ia osoa dago COVIDaren kontuan murgilduta. Ez dago modurik langilea %100ean behar den bezala gustura egoteko, lan egiteko moduan. Pertsonal falta dago, baita erizainen kasuan ere».
Bestalde, Barraganek dio, jendea lanean ari dela ea zer egiten ari zaren kanpoan susmopean. «Kutsatzen bazara zure errua da, hau gertatzen bada zure errua da... susmo hori langileen gainean dago momenturo. Erruduntasun-sentimenduarekin dabil lanean jende asko eta asko. Azkenean gizarteak hartu du infantilizazio bide bat, zaintzaren bidez sistema paternalista bat muntatu du gizarteak. Txaloena oso polita zen lasaitzeko eta laguntasuna eskaintzeko, baina xantaia emozionala bihurtu zen», adierazi du.
«Lankideekin ospatzen dugun festa eguna da, baina beti izango da borroka egun bat, langile klaseak merezi dituen eskubideak borrokatzeko»
«Mezu paternalista bihurtu zen», dio Lurdes Barraganek
«Zaintza guztien pisua emakumeen sorbalda gainean geratu zen, horrela behar zuelako gainera, asko balio duzuelako neskek, eta eskertzen dizuegu. Hori bai, orduak bikoiztuz; eta ondoren, ekonomia, gizarte eta politika baliabideak desbideratu egin ziren, beste alde batera».
«Langileria atomizatu nahi da, baina krisitik elkarrekin atera behar dugu derrigorrez»
Euken Villasanteren hitzetan, argigarria da. «Maskarilak eta EPIak industrian patronalak zeuzkan bitartean, osasungintzan ari ziren salatzen falta zirela eta ez zeudela nahikoak. Osakidetza umezurtz geratu zen».
Lurdes Barragani «barkaezina» iruditzen zaio gizartean egon den «desinformazioa, infantilizazioa herritar eta langile gisa, kolektibo sozial osoarekiko. Egia erdiekin, informatzean gauzak izkutatuz, engainuak, datuak manipulatuz... oso larria iruditzen zait. Jendeari datu guztiak kontrastatu eta kudeatzeko gaitasun hori ukatzea, infantilizazioaren bitartez barkaezina izan dela uste dut».
Langileriaren egoera larria dela ukaezina dela diote. «Sindikatuok urteak daramazkigu zer dagoen esanez, zer prekarizazio dagoen ohartariz eta denborak arrazoia ematen digu». AHTarekin gertatu denarekin alderatzen du Villasantek. «Orain Arriolak dio baikorregiak izan zirela. Hasieran informazio guztia zen txundigarria, egin behar zen, onurak besterik ez zituen ekarriko, epeak ezarri ziren... eta orain dio kalkulu haiek bihotzarekin egin zirela eta ez buruarekin».
«Badakigu Eusko Jaurlaritzak modu lotsagarrian ematen dituen datuak faltsututa daudela; enpresetan ez dute lupa jarri nahi izan»
«ERTEan dauden langileak gaizki ari dira pasatzen»
Pandemiak langileriari ekarri dion beste gai potoloa ERTEena izan da. EREak oso ezagunak egin ziren 2008an hasi zen krisiarekin, eta orain ERTEen gaia jarri da mahai gainean. «Gurean eragin zuzena izan du», dio Idurre Condek. «Azpikontratatuak izanda, denetarik dago. Eusko Jaurlaritzaren menpe daudenak bueltatu dira, baina adibidez nik Auzo Lagunen egiten dut lan, eta industrian ere zerbitzuak eskaintzen ditugu. Hor enpresa askok, CAFek edo Ikusik, bi esatearren, erabaki dute jangelak ixtea leku seguruak ez direla argudiatuz. Horrek eragin zuzena du Auzo Lagunen eta langile asko eta asko ERTEan daude eta urtebete daramate egoera horretan. Egoera gogorra ari dira bizitzen».
ERTEak ez dira xamurrak, Idurre Conderen hitzetan. «Hasierako ERTEak ezinbesteko kasuak izan ziren, gero irailean ez ziren ezinbesteko kasuak izan. Enpresek ez dute beste enpresa hori kontratatu, orain daude ERTEan arrazoi produktiboengatik. Langileak urduri daude, eta laguntzak eskatzeko ere ez dago informazio argia. SEPErekin komunikatzea oso zaila da, eta sindikatura joaten da jendea informazio eske, baina sindikatuek askotan ez dakite nora bideratu, eta langileak oso gaizki ari dira pasatzen».
«Errunduntasun sentimentuarekin dabil lanean jende asko eta asko»
Desberdintasunak daude industrian edo sektore publikoan, Euken Villasantek argitu duenez. «Badago jendea nahiko egonkortua dagoena, ERTEan egonda ere badakiena bere jardunaldi osoa daukala eta langabezi bat badaukala, atzetik koltxoi bat duena. Bestetik, zerbitzu pribatuetan eta zaintza eremuan batez ere, hor ERTEak hasi aurretik eta pandemia aurretik oso larri zegoen jendea, eta orain daude okerrago. Dirulaguntzak ez zaizkie iristen. Egia da, dirulaguntza batzuk iristen direla, baina gehien behar duten familia horiek ez dute laguntza berezirik, krisi honek gehien kolpatu dituenak ez dute ikusi laguntzarik, atakan utzi ditu krisiak, beti utzi dituen bezala. Gaur egungo sistemak, miseriak gehiago azaleratu ditu».
Perfila oso agerikoa dela azpimarratzen dute Lurdes Barraganek eta Idurre Condek. «Emakumea, zaintza eta lanaldi prekarioa». «Lanaldi murriztuetan daudenak emakumeak dira», dio Villasantek, «garbitzaileak izan, zerbitzuetan lan egin, zaintzan eta sektore publikoetan ere badago prekarietatea. Garbitzaileak, zeladoreak, kontratu fijoak ez dituztenak... dagoen behin-behinekotasuna oso haundia da, ikaragarria. Industria pribatuan beste maila batean daude, baina horretara ere iristen ari da. Enpresak ixten ari dira, ERTEak izatetik ERE espediente azkentzeak, extintiboak, izatera ari dira pasatzen. Krisi sistemikoa gero eta argiago da orain».
«Barkaezina da egon den desinformazioa eta infantilizazioa. Txaloena, adibidez, ongi zegoen, baina bihurtu zen xantai emozionala»
«Euskal Herrian badago gihar nahiko borrokatzeko, eta klase kontzientzia»
Hala ere, langileria eta sindikalismoa baikorra da. «Beti izan gara baikorrak. Ikusten dugu gihar nahiko badagoela, jendeak klase ikuspegi potentea duela eta borrokarako prest egongo da beti. Aspalditik esaten dugu hau ez dela aldatuko lau petatxo jarriz, baizik eta goitik behera aldatu behar den gauza bat dela, eta behetik gora landu behar den gauza bat. Ilusioa, indarra eta gogoa gauzak aldatzeko, ez dago dudarik. Gaur egungo sistema honek egoera honetatik aterako gaituen esperantzarik ez dugu».
Sistema kapitalistak bere estrategiak ditu, Euken Villasanteren esanetan. «Langileria atomizatu eta indibidualizatzearena adibidez. Ez da halabeharrez etorri den zerbait, baizik eta kapitalaren estrategia argia izan da nazioarte mailan. Botere ekonomiko eta estrategia potente hauei aurre egitea zaila da. Hemen daukagun egoera honek erakutsi digu indibidualizazio horretara bagoazela, baina aldi berean agerian utzi du, denok batera egiten dugu eta elkarrekin ateratzen gara hemendik, edo ez gara aterako. Ikusi dugu sindikatuetara hurbiltzen, inoiz hurbilduko ez zen jendea. Etorri dira galdetzera eta deiak egin dituzte, esanez ez daudela afiliatuta, baina hau eta hau pasa zaiela. Batzuk konturatu dira ez bakarrik zein garrantzitsua den sindikatua bera, baizik eta elkartasun hori, langileen elkartasuna eta egiturak zein garrantzitsuak diren».
«EAJ Confebasken bozeramaile da, eta ezin dira ulertu bata bestea gabe»
«Garrantzitsua da baita ere klase sindikatu bat zer den jakitea», dio Lurdes Barraganek. «Botere ekonomikoek erabiltzen duten beste estrategia indartsu bat izaten da sindikatu korporatiboak sortzea. Langileria banatzeko erabiltzen den beste modu bat da. Guk bultzatzen duguna da jendea konturatzea zer den klase sindikatu bat, langile hitza zer den, klase kontzientzia edukitzea, langile kontzientzia...».
«Zerbitzu publikoak modu prekarioan zintzilik badaude, pentsa nola gauden azpikontratatutako zerbitzu pribatuetan»
Idurre Condek Auzo Lagun sukaldaritza enpresan egiten du lan, eta lan baldintzak hobetu behar direla dio. «Pandemiak erakutsi du, grebetan eskatu bezala, ratio haundiegiak ditugula, eta lan baldintzak ez direla onak lanaldi txikiekin»
Idurre Conde Auzo Laguneko langilea da, eta zerbitzu pribatuetan egoera zaila bizitzen ari direla dio. «Zerbitzu publikoak modu prekario horretan zintzilik badaude, pentsa nola gauden zerbitzu pribatuetan», dio Idurre Condek. «Azkenean, zerbitzu publikoen menpe gaude. Gurean adibidez, aurretik grebara atera ginenean esan genuen, jangelen munduan azpikontratatuak gara. Eusko Jaurlaritzak kontratatzen ditu enpresak, eta langileak soka horretan azkenak gara. Guri erabaki guztiak hartuta iristen zaizkigu. Adibidez, irailean ikasturtea martxan jarri zenean, ez genekien nola hasi behar genuen, inork ez zigun esan zer neurrirekin hasiko ginen. Aurretik ratio haundiegiak zirela, ume gehiegi genituela esan genuen, lan baldintzak ez zirela onak, prekarioak eta lanaldi txikiekin salatu genuen».
Haurrak ere nola zeuden ikusi egin behar zen, hezkuntza aldetik ere bai. Denek bi ordutan bazkaldu behar hori, dena oso estresantea zen. Pandemiak hori dena agerian utzi du, erakutsi digu horrela ezin dela jarraitu. Irailean lanean hasi eta ez genuen ez neurririk, ez protokolorik... hori itogarria, nekagarria izan da. Bueltatu ginen zalantza eta ziurgabetasun haundiarekin. Lan eta koste pertsonal haundiarekin jarri ginen martxan eta lortu dugu aurrera egitea. Orain esan behar da lanean ongi gaudela, baina egiten ari garen lana oso gogorra da. Bakarkako lana da eta lankideekin ezin dugu ezerrez partekatu. Bakarrik bazkaltzen dugu, bakarrik aldatzen gara, bakarrik gaude umeekin... maila psikosozialean eragin haundia izango du».
«Oraintxe bertan, osasun sistema kolapsatuta dago»
Lurdes Barraganen esanetan, Osakidetzan «behin-behinekotasun tasa %40koa da. Argi geratu da prekarietatea non dagoen gehienbat, zaintzan eta emakumeengan. Langile mota asko dago, ez daude bakarrik erizainak eta medikuak»
«Krisia aurretik dator, baina pandemiarekin dena agerian geratu da. Kontuan hartu behar da nola dagoen osasun sistema. Behin-behinekotasun tasa Osakidetzan %40koa da. Behin-behineko 15.000 langile daude. Hori kontuan hartuta eta zein erritmotan ari garen lanean, langileen lan baldintzak asko okertu dira. Zerbitzu batzuetan lehertzear daude, ez dute oporrik eta oraintxe bertan esan daiteke osasun sistema kolapsatuta dagoela».
2019garren urtetik lau greba daramatzate Osakidetzan. «Azkena apirilaren 22an izan zen. Langileen egoera, interesak... gauza asko salatu ditugu. Argi geratu da prekaritatea non dagoen: zaintzan eta emakumeengan gehienbat. Osasun sistema emakumeek sustengatzen dugu eta soldaten arrakala %21ekoa da. Horrelako gauzak ez dira aipatzen, badirudi osasun sistema mediku eta erizainek bakarrik osatzen dutela, baina Osakidetzan langile mota asko dago. Informatikoak, garbitzaileak, erizainak, medikuak... langile mota desberdinak daude eta erizainek eta medikuek osasun sistema sustengatzen dutenaren ideia zabaldu da. Hori ez da horrela, osasun sistemaren oinarria eta sustengua hasten da garbitzaileetatik; ebakuntza-gela garbitzen ez badute, ezin da ebakuntzarik egin, edota informatikoetatik, sistema ez badabil ezin delako ia ezerrez egin...».
«Lehen arreta Osakidetzaren alaba txiroa izan da eta orain ikusi da zein egoera prekarioan dagoen»
Egoeraren radiografia egiten du Lurdes Barraganek. «Aurkitu gara arreta eman ezin digun sistema batekin». Eta dio gizarteak jakin behar duela zer den osasun sistema bat, «zer falta den eta nondik ari den lehertzen. Ospitalaren irudia dugu osasun sistemaz hitzegitean, baina orain ikusi da lehen arreta zerbitzua adibidez zein egoera prekarioan dagoen, osasun zentroak zein egoeretan dauden ikusi da. Osakidetzaren alaba txiroa izan da, albo batera. Arazoa erreala dala ikusten ari gara gure begien aurrean. Telefono bidezko arreta kolapsatua geratu da, aurrez aurreko arretarik gabe eta hori orain ari gara ikusten». Zer den osasuna galdetzen du Lurdes Barraganek eta argi du ez dela bakarrik «gaixotzen zarenean sendagilearengana joaten zaren momentu hori bakarrik. Tren batean beteta pandemia garaiean lantokira bazoaz ere osasuna da, inguruan daukagun guztia da osasuna eta zaindu egin behar da».