Erreportajeak

«Gaur egun nekez ikusten dut gauden tokian egotea toki hedabideok, Tokikom ez balego»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mai. 1a, 00:00

Iban Arantzabal da Tokikomeko lehendakari berria, Jone Guenetxeari lekukoa hartuta. Berak beteko du kargua, datozen lau urteotan.

Aurreko ostiralean egin zuen Tokikomek, toki komunikabideen bateraguneak, urteko batzar orokorra, Eibarren. 2020aren balorazioa egin zuten. 2021erako eta aurreragorako asmoak eta helburuak ere izan zituzten hizpide. Batzar hartan gauzatu zen presidente erreleboa ere. Izan ere, azken lau urteetan Tokikomeko presidente izan den Jone Guenetxeak Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusi Iban Arantzabali pasa zion lekukoa.

Tokikomeko presidente berria zaitugu. Zer pentsatu zenuen aukera planteatu zizutenean eta ze asmorekin hartu duzu?

Animoarekin hartu beharrean zaude kargua, eta halaxe egin dut. Momentu polita da; badago zeregina, eta ilusioz beterikoa ere bada momentua. Mundu aldakor honetan bagabiltza, zelanbait, posizionatzen, eta, alde horretatik, animoekin eta gogotsu nago. Bestalde, administrazio kontseiluan gutako edozein izan zitekeen presidente, egia esan. Kargua hartzen dut administrazio kontseiluaren eta batzar orokorraren ahobatezkotasunarekin, eta hori garrantzitsua da. Nahi nuke tren berean jarraitzea Tokikomeko bazkide guztiok, eta ahaleginduko gara horretan.

«Tokikom enpresa sanoa da, egonkortua, lantalde txiki baina efektibo batekin ari dena lanean. Oso jende ona dauka eta talde-giroa dago. Hori ez da leku guztietan gertatzen»


Kargua egoera nahiko aldrebesean hartu duzu: 2020an COVID-19ak hankaz gora jarri zuen mundua eta 2021 honetan ere gauzak ez dira guztiz egonkortu. Tokikom bera ze puntutan dago une honetan?

Tokikom enpresa sanoa da, egonkortua, lantalde txiki baina efektibo batekin ari dena lanean. Oso jende ona dauka eta talde-giroa dago. Hori ez da leku guztietan gertatzen. Badauka bere plan estrategikoa, bere misioa zehaztuta eta adostuta. Denon artean adostutakoak dira, eta horrek ere ematen du indarra. Gainera, badaukagu norabidea ere. Alde horretatik, pozik, egia esan. 2020a katramilatsua izan da. Edozein etxetarako izan den legetxe, bada, guretzako ere bai. Tokikom osatzen duten bazkide guztientzako eta, bereziki, hedabideendako.

 

Tokiko informazioaren kontsumoa izugarri igo zen iaz. Hor daude datuak. Baina, era berean, krisi ekonomikoaren ondorioak, publizitate sarreren jaitsierak... horrek guztiak ere izan zuen eragina tokiko komunikabideen jardunean. Nola eragin zien 2020ak Tokikom osatzen duten komunikabideei?

Eragin zuzena izan zuen. Batetik, poza eragin zuen. Ze bazen informazioa emateko garai bat, kazetaritza egiteko garai bat, eta horrek balio du baita profesionalendako ere. Ze, jartzen zaitu leku batean, non jendeak ikusi, entzun eta irakurri nahi zaituen. Gure webguneetako bisitak, orokorrean, Tokikomeko guztiak hartuta, %46 igo ziren. Jendea informazioaren gosez zegoen. Ez bakarrik Txinan zer gertatzen zen jakiteko, baizik eta norbere herrian zer gertatzen den jakiteko. Hori eman du Tokikomek: hainbat daturekin, grafikoekin... eta, gainera, egunero-egunero berrituta, izan aste barru edo izan aste akabera. Eta horrek lagundu du webguneetako bisiten igoeran. Hori da alde gozoa: egiten duzun horri jasotzaileak erantzuna ematen diolako. Baina badauka gazitik ere: hori egitea kostatu zaigu %30 gehiago, batez beste. Kazetaritza gastu handiagoarekin egin dugu. Eta hori pisutsua da. Eskatzen du lan gehiago. Zer ez genuen egiten grabazio bat egiteko! Pandemia horrek, hasieran oso ezezaguna zenak, sortu zuen demaseko denbora galera lan egiteko orduan. Gainera, gure kasuan, bazegoen beste kontu bat: hedabideok ezinbestekotzat izendatzen gintuzten, premia biziko ondasun. Bagenuen egiteko bat eta badaukagu: informazioa behar bat da, ez eskubidea bakarrik.

 

Horrelako egoera batean, Tokikom bezalako talde batek nola lagun diezaieke bere barnean hartzen dituen kideei?

Ezinbestekoa izan da. Tokikom osatzen dugun hedabideetan denetarik dago, eta, denok gauza bera oinarri ezberdinetatik egiten hasiko bagina, askoz gehiago zailduko litzateke bakoitzaren egitekoa. Toki hedabideetako profesionalek egin duten lana ez dakit bikoitza izan den, baina askoz handiagoa izan dela eta malgutasun hori erakutsi dutela bai. Goienan eta beste edozein hedabidetan berdin, izan txikiagoa edo handiagoa.

Tokikomek ekarri du bateratze bat. Pandemiaren datu-bilketarekin azalduta, esaterako: datuak jaso, azkar webguneratu eta konparatu ditugu; herriekin, gure ondoko bailararekin, Hego Euskal Herriarekin, ahal zenean Euskal Herriarekin… eta mapa bat osatu dugu. Gure kasuan, gertuko mapa bat osatzea. Horrek du benetan garrantzia, gertuko datu horrek. Zure herriko datu horrek, baina ez irla bat moduan, Euskal Herria subjektu moduan hartuta. Tokikomek marrazten du Euskal Herria eta laguntzen du, erremintekin, datuen kudeaketarekin, informazioarekin… hainbat modutara. Gaur egun oso nekez ikusten dut gauden tokian egotea toki hedabideok Tokikom ez balego.

 

Bakoitza bere aldetik joanda…

Bai, bikoitza kostatuko litzaiguke. Debagoienean, Soraluzen, Elgoibarren, Beran, Zumaian, Durangon… edonon, oinarria bat izateak asko laguntzen digu, eta hori Tokikomei esker lortzen da. Batuta, askoz eta efikazia eta efizientzia handiagoarekin egi­ten dugu kazetaritza.

 

Tokikomeko kideak aipatu ditugu, eta pasa den ostiraleko batzar orokorraren ostean bi kide gehiago ditu: Tolosaldeko Ataria eta Bizkaiko Arratia bailarako Begitu hamabostekaria. Berri ona, ezta?

Oso ona, besteak beste, erakusten duelako jendeak nahi duela egon Tokikomen. Zuzeneko harreman horrek berezko garrantzia duelako eta ekarri handia egiten diolako hedabideari. Tolosaldeko Ataria bera Tokikomek garatutako plataformarekin ari zen lanean aspalditik, eta orain eman du saltoa bazkide izatera. Plataformaz gain, papereko edizio sistema baterako aukera dagoelako, telebistak egiteko modua dagoelako, kudeaketa aurreratuan sartu daitekeelako gainontzekoekin batera eta gainontzekoengandik ikasi, berak erakutsi… Berezkoa du Tokikomek ekarri hori, uste dudalako eman ere asko egiten duela. Etorriko dira hedabide gehiago ere, Tokikom beharrezkoa da tokiko hedabideendako.

«Tokikomera bi kide gehiago batu izana oso berri ona da, erakusten jendeak nahi duela egon Tokikomen; zuzeneko harreman horrek berezko garrantzia duelako, eta ekarri handia egiten diolako hedabideari»


Zer azpimarratuko zenuke Jone Guenetxeak lau urte hauetan egin duen lanari buruz?

Jakin du Bizkaian ere eragiten, Tokikomen bitartez. Eta topatu ditu aliantzak erakundeetan. Lehen baino batuago daude, lehen baino hobeto egiten da lan. Ez bakarrik Bizkaian. Jonek oso ondo ordezkatu gaitu gainontzeko erakundeekin ere: Eusko Jaurlaritzarekin, Nafarroako Go­bernuarekin, eta abarrekin. Datuek argi erakusten dute aurrera egin dela. Orain, kazetaritzara bildu nahi ditu indarrak, eta seguru emango dituela hor ere fruituak. Horratx Anboto-k atera duen elkarrizketa Sarrionandiarekin, edo Jantzari dokumentala.

 

Zeintzuk dira Tokikomek, bai barrura begira eta baita kanpora begira ere, dituen erronka edo eginbehar nagusiak?

Uste dut barrura begira egin beharreko lan handi bat eginda dagoela, adostu direlako hainbat gauza, lehen esan dudan moduan, baina oraindik ere geratuko zaigu, eta denoi dagokigu, gainera, kohesio hori. Hedabide txikienetik handienera. Nik uste dut hor badagoela lanerako esparru handi bat. Elkarri gehiago eman diezaiokegu eta elkarrengandik gehiago jaso dezakegu. Uste dut hor asmatzen badugu are eta hobeto joango direla urte hau eta hurrengoak ere.

 

Kanpora begira?

Markan ere eragin beharko dugu oraindik. Sinesgarritasunean pauso handiak ematen ari gara. Kanpora begira batuta agertzea ere uste dut tokatuko zaigula talde moduan, eta hainbat informazio ematea talde horretatik abiatuta ere. Adibide gertuko bat daukagu Sarrionandiarenarekin. Anbotok lortu du esklusiba hori. Ondo egindako lan bati esker eta lortutako konfiantzari esker elkarrizketatuarekin. Elkarrizketa hori berori tokiko guztietan batera zabaltzea, seguruenik, irabazteko dagoen kontuetako bat da. Batera zabaltzeko modukoak izan daitezke Euskal Herriko edozein artistaren edo kanpotik datorren dena delako elkarrizketak. Pentsatzen dut horrelako pausoak ere ematen hasiko garela, ze tokiko aldizkaria, telebista edo webgunea ez da bakarrik toki horretakoa. Gertukoa guretzako gaur egun da Goazen!-eko aktore bat, edo EITBko informatiboetako aurkezlea edo kirolari ezagun bat. Ez da tokikoa, baina bai gertukoa, eta hori da interesatzen zaiguna.

«Gu zero kilometroko hedabideak gara, eta ez herritarrendako bakarrik, herritarrekin egin behar ditugu hedabideak. Tokiko hedabide bat, zer da komertzio txiki bat baino? Gu bat gehiago gara»


Etxebarri zure blogean, hedabideei begira etorkizunerako hainbat gako ematen dituzu. Aipatzen dituzu, besteak beste, harpidetza digitala, inteligentzia artifizialaren erabilera, sare sozial handien aurrean hedabideek izan behar duten eginkizuna… Horiek ikusten dituzu gako nabarmen moduan?

Bai, eta ez da nik bakarrik ikusten dudala. Mundu mailako 300 bat profesionali egindako galdeketa baten ostean ateratako ondorioak dira. New York Times, Telegraph, Financial Times, The Guardian... halako hedabide handietan, berez guretzako haiengana heltzeko zail izango liratekeen horietan agertzen diren hausnarketak dira. BBCk egindako inkesta batean dago oinarrituta. Han aipatzen da inteligentzia artifiziala. Berez, tokiko hedabide batendako urrun geratu daitekeen hori gerturatzen digu Tokikomek. Inteligentzia artifizialaz, ez bakarrik hitz egiteko; izan ere, dagoeneko bagoaz hiru urte lanean inteligentzia artifiziala oinarri duen proiektuan, eta horrek emango ditu fruituak 2021ean ez bada 2022an. Elkarrizketa hau berau transkribatu ahal izango da testua makina batek eginda, eta ez kazetari baten bitartez. Horrek ere lagunduko digu kazetari hori are eta garrantzitsuagoak diren gauzetan inplikatzen. Ze makinak egin lezakeena egiten egotea... Kazetariak behar du are kazetariago izan eta kazetaritzari are eta balio handiagoa eman. Nik uste dut horiek erronketako batzuk direla. Horrekin lotuta, negozio moduan begiratu beharko dugula, nola publizitatea jaisten ari den eta nola harpidetza digitalei garrantzia eman beharko diegun… Hainbat gauza dira inkesta horietan agertzen direnak eta guretzako iparra direnak. Egon behar dugu antena horrekin ere, munduan zer mugitzen den ikusteko eta, moldatuta, gurera ekarri.


Goiena Komunikazio Taldeko zuzendari nagusia da Iban Arantzabal. Irudian, Goienak Arrasaten daukan erredakzioan.


Horrek lagunduko du kazetaritza egiten edo kazetaritza gehiago egiten?

Ez daukat zalantzarik, ze denbora aterako dugu hortik. Gauzak ondo antolatu eta hobetuta ere, beti geratuko da kazetaria eta kazetariaren egiteko garrantzitsu hori. Eta kazetarien egitekoa garrantzitsua eta sinesgarria izango da istorio horiek ondo kontatzen baditugu, onak badira eta erakargarriak badira. Sinesgarri izateak ere garrantzi handia dauka. BBCk egindako galdeketa horretan, %83k aipatzen zuten inpartzialtasuna izango dela garrantzitsua. Zertarako? Sinesgarritasuna lortzeko. Hau da kontzeptu bat oraindik garatu behar duguna gure artean, ze inpartziala izanda izango da hobea istorioa edota informazioa. Irakurleari emango diogu hitza berak erabakitzeko zer den berarentzako egia eta zer ez. Egiaren bila joatea badagokigu, badagokigu objektiboa den horren bila joatea, baina, askotan, hori baino garrantzitsuagoa da testuinguru guztia marraztea eta irakurleak tontotzat ez hartzea. Ez dut sinisten jendeak zer pentsatu behar duen esaten duten hedabideetan.

 

Tokikom, nolabait esateko, gizartearen ekosistema baten parte da, hainbat alde dituena, eta erakunde publikoak daude hor. Herritarrak ere badaude hor, eta gainerako hedabideak ere badaude hor; esaterako, Tokikom bera parte den euskarazko hedabide ez publikoen elkartea, Hekimen. Ze harreman dago hiru horien artean?

Herri Ekimeneko Hekimen elkartearen parte da Tokikom. Bazkide bat gehiago da. Sortzaileetakoa. Bigarren aipatu duzu: administrazio publikoa. Goienan ohituak gaude erakunde publikoekin batera jarduten. Sorreratik bertatik jabekide dituelako Debagoieneko udalak. Baina ez da ohikoena izaten hedabide batean hala izatea. Jabekide ez izanda ere, uste dut harremanak goxatu egin behar direla. Bide horretan, administrazioak ere eman ditu pausoak. Hekimenek eman ditu pausoak eta guk, gure aldetik ere, gutako bakoitzak eman ditu pausoak. Igarriko da.

 

Askotan lotzen da administrazioa finantzaketa iturri soil moduan, baina hori baino gehiago planteatzen du Tokikomek?

Oraindik ere heldu behar dugu estadio horretara, ze askotan diruaz bakarrik hitz egiten dugu. Uste dut gauza gehiago ere adostu beharra dugula. Esaterako, daudenetatik abiatu eta tokiko hedabide masiboagoak behar dituzte Bilboko euskaldunek? Adostu dezagun benetan behar den edo ez. Edo gazteendako beren beregi bestelako zerbait behar du egoerak? Edo kiroletako agerkariren bat behar da? Uste dut euskararen sustapenaren ikuspuntutik elkarlan horrek emango dituela fruituak, eta, gainera, zenbat eta zintzoagoa eta gardenagoa izan elkarlan hori, seguruenik, orduan eta fruitu gehiago emango ditu.

 

Bukatzeko, azken lerroa: herritarrak, Tokikomeko hedabideen kontsumitzaileak direnak.

Eta inportanteena. Gu zero kilometroko hedabideak gara, eta ez herritarrendako bakarrik, herritarrekin egin behar ditugu hedabideak. Hor badaukagu zer ikasi. Komunitatea askotan aipatzen da, baina ez dago oso zehatz definituta, ezta, komunitatearen parte izanik, zer egin behar dugun ere. Oraindik definitzeko eta ikasteko daukagu. Honetan estropezu ere egin beharko dugu. Baina planteatu behar dugu komunitategintza bateratua izan dadin, gure herrietako komertzioekin, gure herritarrekin, gure hedabideekin… Ze tokiko hedabide bat, zer da komertzio txiki bat baino? Gu bat gehiago gara. Sinisten dut, gainera, batera egin beharko ditugula gauzak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!