Erreportajeak

«Behiak heztea gero eta garestiagoa da, eta aldiz, gero eta merkeago saldu behar dugu»

Kronika - Erredakzioa 2021ko mar. 27a, 00:00

Gero eta gutxiago dago sanabresa arrazako behia, baina ahal duen bitartean, mantendu egin nahi du Txetxu Mujikak.

12 urte inguru daramazki Txetxu Mujikak behi sanabresekin, Bustieta baserrian, «terrenoa garbi mantentzeko asmoz». Pandemiaren aurrekoa da abeltzaintzaren «konpentsazio exkaxa», baina egungo egoerak areagotu egin du larritasuna: «jatetxeak itxita egon direnez, haragi pila bat dago kameretan. Eta dena da kate bat, azkenean guregana ere iristen dena».

Obrako hiru langile ari dira lanean, Bustieta baserriko atarian. Auzoko kaxkoa berrurba­ni­zatzeko lanekin ari dira San­­­tiomendin, eta etxeko atarian tokatu zaizkie gaurkoan, Bustietakoei. Baina apenas 100 metro gorago, bestelakoa da kontua, baserriko ikuiluan. Obrako kolpeen tokia hartu dute behien marru atseginek; eta zarataren lekua, lasaitasunak. Bertan ari da Txetxu Mujika, 42 abereri jaten ematen. Gaur ere bukatu du lanaldia sagardotegian, eta bi edo hiru orduko tartea hartu du, haiekin egoteko.

Duela 12 urte inguru hartu zituen, sei behi eta zezena, arraza sanabresekoak. «Aita za­hartu eta baserriko martxa utzi zuenean hasi nintzen hauekin, lurrak garbi mantentzeko», azaldu du Mujikak. Izan ere, lehenago ziren baserriko lana utzitakoak, etxeko seme-alabak. «Kanpoan hasi ginen lan egiten, eta aita zahartzean, utzi egin genuen dena. Baina garai batean, izaten genituen animalia gehiago: esne behiak, txerriak, zaldiak, ahuntzak... Denetik. Esne behiekin oso ezberdina da kontua. Goize­an goiz hasita ematen genien jatenak. Ondoren jetzi, eta esnea hartuta joaten ginen kalera, par­titzera. Eta sobratutakoa, Gurelesari eramaten genion», kontatu du.

Baratza ere gehiago lantzen zuten orduan: «artoa zela, erremolatxa zela... Baina orain, etxerako daukagu baratza, arreba eta koinatuek lantzen dutena». 18 urte inguru zeuzkan arte aritu zen Txetxu baserrian, baina ordutik kanpoan egin du lan.

 

«Haragitarako errendimendu gutxi ematen duenez, gero eta gutxiago dago sanabresa»

Idiak egiteko arraza da sanabresa, eta betidanik izan ditu gustuko idiak, Mujikak. Horregatik, lagun batek kendu egin behar zituela esan zionean, erostera animatu zen: «gero eta gutxiago dago arraza hau, gorputzez estuak direlako, eta haragitarako errendimendu gutxi ematen dutelako. Horregatik, beste arraza batzuekin kruzatzen ari dira. Sanabresak izaten diren tokian, Zamoran, hasi dira kruzatzen txarolesarekin eta limusinarekin. Oso txekor politak ateratzen dituzte, eta asko igotzen da errendimendua. Baina nik, ahal dudan heinean, mantendu egin nahi dut, idiak ateratzeko. Eta aurrerago posible ez bada, ikusiko dut zer egin».

Zazpirekin hasi zen, «eta na­hikoa ugaritu dira, 42 izango di­ra orain. Egin dudana izan da, ixkoak iditarako saldu, eta urrixak behitarako etxean utzi, gehienak behintzat, gustuko nituenak. Baina orain, urrixak ere nahikoa badaude, eta horiek ere saltzen hasi nahi nuen», azaldu du Txetxuk.

Kontua da, pandemiak zaildu egin diola lana: «hasi nintzen eskaintzen batari eta besteari, baina pandemiarekin, beldurra dauka jendeak, eta zebaderoek ere behi asko dauzkate. Ezezkoa eman zidaten denek. Horregatik, erabaki nuen etxean gizentzea, eta harakinen bat bilatzea gero. Eta horretan ari naiz, lehengo urteko urrixak gizentzen».

Mujikak azaldu duenez, ganadua atera ezinda dabiltza zebaderoak: «asko saltzen dute jatetxeetara, eta dena itxita egon denez, haragi pila bat daukate kamaretan. Eta dena da kate bat, azkenean guregana ere iristen dena. Ea orain hasten den pixka bat mugitzen, berriro».

 

«Betidanik izan ditut gustuko idiak, eta lagun batek sanabresa kendu behar zuela esan zidanean, animatu egin nintzen, eta sei behi eta zezena erosi nituen»

 

«Guk ganadua uzten dugun garaian, laster ditugu basurdeak Astigarragan»

Pandemiak areagotu du larritasuna, baina lehendik datoz abeltzainen arazoak: «behiak heztea gero eta garestiagoa da, pentsuaren eta horrelakoen prezioa gora dijoalako, astetik astera. Eta aldiz, guk saltzen duguna, gero eta merkeagoa da. Eta horrela ez dago asko egiterik. Baina pandemia baino lehenagotik dator hori. Kanpotik ekartzen da haragi asko, eta hemengoa soberan geratzen da. Ez dakit merkeago erosiko duten kanpoan, baina behiak hezteak bere kostua dauka. Orain, kilometro 0 kontuarekin, badirudi pixkanaka ari dela gehiago begiratzen bertakora, baina oraindik asko dago egiteko».

Horregatik, ziurgabetasunez begiratzen du etorkizunera, Mu­jikak: «nahi nituzke mantendu, bazterrak garbi mantentzeko. Bestela, laster ditugu basurdeak Astigarragan. Guk uzten dugun garaian, hori gertatuko da. Lehen jende mordoa zegoen, bere terrenoak garbi mantentzen zituena, baina orain, hemen ge­ratzen gara lau ganaduarekin. Eta soroak garbi mantendu be­har dira, bestela hazten direlako larrak eta zikinak, basoak ixten dira... Eta basurdea zikinetik zikinera joaten da. Garbi badago, basurdea urruti mantentzen du­zu, eta azkeneko urteotan ez du­gu arazorik izan. Baina zikina pilatzen hasten den garaian...».

Errelebo falta da arazoetako bat, konpentsazio exkaxak eraginda: «hemen inguruan, badira bi-hiru baserritar, esne behiak dauzkatenak, baina kopuru txikian. Hiru edo lau behi, eta beste hiruzpalau txekor. Jendea zahartu egin da, eta elkartu dira errelebo falta, eta konpentsatu ere ez duela egiten. Behiek jan beharra daukate, horretan ezin duzu kostua gutxitu. Eta erosten duguna gero eta garestiago badago, eta saltzen duguna gero eta merkeago...».

 

«Neguan ematen dute lan gehien, eta aurtengoa luze dijoa gainera»

Edonola ere, «gustura» egoten da Txetxu Mujika behiekin, egunean bi edo hiru orduz: «jana ematen diet, pixka bat txukundu... Orain ematen didate lan ge­hien, neguan. Ikuilu barrura ekartzen ditut, eta hemen inguruan bakarrik egiten dituzte sartu-irtenak. Izan ere, mendian ez daukate larrerik, jateko; eta jaten emateko eskura eduki behar ditut. Hemendik hilabete batera edo, berriro askatuko ditut, larrea berritzen denean. Hemen askatzen ditut, eta ia ermitarainoko larreetan ibiltzen dira. Eta orduan lan gutxiago ematen didate; hemen geratzen diren idiak pixka bat ibili eta entrenatu, baina gainerakoan, behiak nola dabiltzan kontrolatu, txekorrak jaiotzen diren ikusi... Lan gutxi».

Barruan egoteko epea, ohi baino luzeagoa izan da aurten: «aurten luze dijoa negua. Udazkenean, behar dena baino hilabete lehenago jaitsi behar izan nituen, eguraldiarengatik. Euri asko egin zuen, eta lokatza besterik ez zegoen. Eta hilabete oso bat gehiago hemen barruan... Luze egiten da».

 

«Abeltzaintzak, denak bezala, izan ditu berrikuntzak; guk esne behiak utzi aurretik, bagenuen makina koxkor bat»

Abeltzaintza errentagarriago egi­­teko bidean, lana pixka bat erraztu nahian, eman ditu aurrerapausoak abeltzaintzak ere: «denak bezala, izan ditu berrikuntzak. Guk orain dauzkagun behiek ez dute gauza haundirik behar, ez dira esnetarako behiak bezala. Horiek bai, behar dituzte jezteko gelak, jaten emateko tresnak eta horrelakoak. Guk, esne behiak utzi aurretik, gehiena molde zaharrean egiten genuen oraindik, eskuz; baina bageneukan behiak jezteko makina bat. Ez oraingo robotak eta horrelakoak, baina bai makina koxkor bat», kontatu du.

Berrikuntza horiek, ez dira tresneriaren aldetik bakarrik eman. Internetera saltoa egiteak ere erraztu dizkie gauzak abeltzainei: «tramiteak online egiten dira orain. Lehen, txekor bat jaiotzean, joaten ginen Nekazal Bulegora, altan ematera. Eta ondoren, beraiek etortzen ziren krotala eta identifikazioak jartzera. Orain, berriz, internet bidez egiten dugu dena. Horrek erraztu egin du prozesua, abantaila bat da. Mugikorretik ere, edozein momentutan egin dezaket orain», azaldu du Txetxuk.

 

«Hemen inguruan badira bi-hiru baserritar, esne behiak dituztenak, baina kopuru txikitan. Jendea zahartu egin da, eta elkartu da errelebo falta, eta konpentsatu ere ez duela egiten»

 

«Online enkanteak ere egiten hasi dira, baina uste dut gehienek aurrez aurre ikusi nahi dutela, aukeratzeko»

Pandemiarekin, gainera, onlineko alternatibetara eta telematikora jo dute sektore gehienek, kontaktuak ahalik eta gehien saihesteko, eta jende pilaketak ekiditeko. Eta horrela gertatu da abereen enkanteekin ere. Sortu dituzte plataformak, enkanteak online egiteko, argazki edo bideoak baliatuz. Aiako testaje zentroak, esaterako, otsailaren ha­sieran egin zuen online enkante bat, limusin, blonda, pirenaika eta txarolesa arrazako ganaduarekin; eta enkantean jarri zituzten 30 txekorretatik, 24 saldu zituzten, jakinarazi zutenez. Euskal Herrikoak ez ezik, kanpokoak ere izan ziren erosleak: Avila, Kantabria, Caceres, Burgos, Huesca, Errioxa, Leon, Lugo, Salamanca, Segovia, Soria edota Terueletik sartu ziren enkantean parte hartzera. Enkanteko preziorik altuena ere eman zuten aditzera: 3.800 euroan erosi zuen limusin arrazako txekor bat, Lugoko Outeiro de Rei herriko abeltzain batek. Hortaz, kontaktuak saihesteko ez ezik, bezero posibleen zerrenda haunditzeko ere balio izan diete, online enkanteek.

«Nik daukadan arraza ez du­te enkante horietan sartu oraingoz», azaldu du Txetxu Mujikak: «erosi behar dudanean, Zamora aldera joaten naiz, Galiziarekin muga egiten duen ingurura. Han aukeratzen dut sementala, eta ekarri egiten dut. Orain daukadan zezenarekin oso gustura nago. Badira hiru urte hartu nuela, eta bere umeak hazi arte behintzat, mantentzea espero dut», kontatu du astigartarrak.

Edonola ere, ez du oso gustuko, argazki edo bideoak ikusita erostea. «Hartu izan dut behi bat edo beste, argazkia ikusita; baina ez naiz horren oso zalea. Asko aldatzen da, argazkian ikusi edo bertatik bertara. Nik aurrez aurre ikusi behar dut, aukeratzeko. Eta uste dut gehienen kasua dela hori. Esaten den bezala, sinisteko ikusi egin behar da. Gertatu izan da, argazkia ikusita erosi, eta gero aldrebesagoa izatea!», kontatu du.

 

«Urrixak saltzen hasi nahi nuen, baina pandemiarekin, ezezkoa eman zidaten denek, haragia ezin atera dabiltzalako. Beraz, erabaki nuen etxean gizentzea behiak, eta harakinen bat bilatzea gero»

 

«Semea laguntzera etortzeko balio izan dit, pandemiarekin ezer egiteko aukera ez izateak»

Pandemiak ekarri ditu hainbat ondorio kaltegarri, eta baita zenbait berrikuntza ere, egoera berrira egokitu nahian. Baina Txetxu Mujikari, albiste onik ere ekarri dio: «tabernak itxita egon direnez, eta ezer egiteko aukerarik ez zegoenez, semea etorri zait laguntzera. Etxean geratu edo hona etorri, beste aukerarik ez zeukan!», kontatu du barrez.

Eta azaldu du, «gustura» dabilela bera ere, behiekin: «nahiko nuke, nik utzitakoan berak jarraitzea haiekin».

Oraingoz, behintzat, elkarre­kin emango diete jaten eta zainduko dituzte ikuiluan, beste hilabete batez; eta mendira egingo dute gero, larreetan libre daudenean, nola dabiltzan ikusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!