Guaixe. 'Mozorratu zaitez gurekin'
Epaimahaiari azpimarragarria iruditu zaio azala egunerokotik atera eta artelan bihurtzeko pausua: aktualitateko irudi bat egunerokotik harago eraman eta arte bihurtu du, teknika ezberdinak aplikatuz, eta irudiak eta tipografia bikain uztartuz.
|
Maxixatzen. 'Auzoa arnas'
Argazkiak oso momentu zehatza harrapatzen du eta indar handiz jartzen du ikuslearen begien aurrean. Kontraesanez beteriko irudi bizia osatzen du: anabasa koloretsua, jendea etxean sartuta baina jai giroan… Argazkiaren konposizioak ere efektu hori areagotzen du, perspektibarekin egiten duen jolas bitxiarekin.
|
Puntua. ‘Suizidioa’
Epaimahaiak nabarmendu du nola oso elementu gutxirekin eta era egokian konbinatuz, asko transimitzen eta iradokitzen duen azala sortzea lortu den. Ideia ona izateaz gain, exekuzioa ere bikaina da, eta emaitza oso dotorea, bolumenen konposizio orekatuarekin, eta soiltasuna erabiliz dramatismoa gehitzeko.
|
Anboto. 'Zaldibar'
Zaldibarko hondakindegiaren auzia ondo ulertzeko gakoak ematen ditu oso modu osatuan: kronika, kronograma, denbora lerroa, elkarrizketak, ikus-entzunezkoa… Kazetaritza lan aparta da, gertatutakoa ulertzeko oso argigarria, teknika eta estilo ezberdinak bikain uztartzen dituena. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).
|
Hiruka. 'Koronabirusa atzerrian'
Epaimahaiak nabarmendu du paperaren logikatik aldendu eta informazioa modu bisualean, gailu digitaletatik ikusteko oso modu egokian plazaratzeko lana. Saiakera bisual horrek, gainera, ez dio kalterik ekarri edukiaren sakontasunari, eta hori ere aipatzekoa da. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).
|
Karkara. 'Najat Kaanache'
Karkarak elkarrizketa borobila egin dio gure artean oso ezaguna ez bada ere, mundu mailan lehen lerroan diharduen sukaldari honi. Elkarrizketa bikaina da, pasadizo gogor samarrak kontatzen baditu ere, tono altu eta itxaropentsuan hasi eta bukatuz. Epaimahaiak goraipatu du elkarrizketatzailearen lana, hala pertsonajea aukeratzeko orduan, nola elkarrizketa osoan txinparta ateratzeko. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).
|
Aiurri. '#Bertsovid19'
Aiurrik lan ederra egin du konfinamenduak iraun duen bitartean komunitatea dinamizatzeko eta, ikus-entzunezko produktu gisa dituen mugen gainetik, txalotzekoa da formatua asmatzeko bizi eta azkar ibili izana, eta oso baliabide gutxirekin parte-hartze eta dinamika handia lortu izana. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).
|
Baleike eta Erlo TB. 'Marea errotaren arrastoaren bila'
Erreportaje bikain honek primeran jasotzen du herriko ondare historikoa. Lan handia sumatzen da pieza osatzeko orduan: dokumentazioa, artxibo lana, adituen parte hartzea… Osagai bikainekin borobildu dute ikus-entzunezkoa: droneko irudiak, elkarrizketak, ordenagailuz sortutako irudiak… lan-talde ederra zalantzarik gabe, emaitza azpimarragarria eman duena. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).
|
Guaixe. 'Batzen gaituena'
Aldizkariaren 25. urteurrena ospatzeko, Guaixek oso ikus-entzunezko berezia osatu du, oso jatorri ezberdineko piezak uztartuz: zuzeneko ospakizun ekitaldia, elkarrizketak, datuak, mugikorretatik bidalitako bideoak… Elementu horiek oso modu egokian konbinatzen asmatu dute, eta emaitza biziki interesgarria lortu, bizia eta, batez ere, gertukotasunarekin oso lotua. (Klikatu irudian lan osoa ikusteko).
|