Nafarroako Gobernuak beste neurri-sorta bat onartu zuen atzo, koronabirusaren bigarren hedatze-olatua geldiarazteko xedez. Neurriok bihar jarriko dira indarrean, ostegunarekin, eta azaroaren 4ra arte iraunen dute. Osasun Kontseilariaren Foru Agindu baten bidez berretsiko dira, eta argitaratuko dira Nafarroako Aldizkari Ofizialean.
Honakoak dira astelehenean iragarritako neurririk garrantzitsuenak: Foru Erkidegora sartzeko eta bertatik irteteko aukera mugatzea, lan-arrazoiengatik, unibertsitate-ikasketengatik, senideak zaintzeagatik eta ezinbesteko beste arrazoiengatik izan ezik; tabernak, kafetegiak eta jatetxeak ixtea, salbu eta ogia eta prentsa saltzeko, hala egoteko baimena dutenen kasuan, eta etxez etxe janaria banatzeko, 21:00etara arte betiere. Hotelei eta landetxeei baimena emanen zaie bertan ostatu hartzen ari diren bezeroak artatzeko, mahai bakoitzean gehienez lau pertsona bildurik.
Bizikidetza-burbuilak sortzeko beharra azpimarratu da
Murrizketek merkataritzari eta kultur eta kirol-ekitaldi guztiei ere eraginen diete, egunero ateak itxi eta bertan dauden pertsonak kanpora atera beharko baitituzte 21:00etarako. Saltoki haundietako galeriak eta aisialdi-guneak, debekatu egiten dira aisialdirako, eta beraz, erosketak egiteko bakarrik baimenduko dira.
Foru Gobernuak mantendu eginen du gune publikoetan sei pertsona baino gehiago elkartzeko debekua, eta etxebizitza bakoitzean bizi direnek 'bizikidetza-burbuilak' sortzeko beharra ezartzen du. Bakarrik bizi direnen eta mendekotasuna dutenen kasuan, zaintzaileak ere egon ahal izanen dira harreman-talde egonkor horretan (haunditutako burbuila), eta ahalik eta gehien murriztuko da burbuila horietatik kanpoko pertsonekiko hartu-emana.
Frogatuta dagoenez, jarduera sozialetan eta barne-guneetan ematen dela kutsatze gehien, hortaz beste hogei neurri ezarriko dira, sektorez sektore, onarturiko neurri-sorta hori osatzeko.
Nafarroa, Astigarraga eta Hernanin alerta gorrian
Azkeneko hamalau egunetan 5.939 kasu positibo atzeman dituzte Nafarroan, horietatik laurdenak (1.682) Iruñean bertan. 100.000 biztanleko, 899 kasu dira Nafarroan; Iruñean, tasa hori zerbait txikiagoa da, baina larria halere: 834 positibo 100.000 biztanleko.
Tasa hori 500etik gorakoa izatea larritzat hartua dago, egoera kontrolpetik joaten ari den seinale, eta Espainiako Gobernuak zehaztua dauka adierazle hori dela herri edo eskualde jakinak hesitzeko parametroetako bat.
Hernani atzo sartu zen muga horretan lehenengo aldiz, 519ko inzidentziarekin eta Astigarragak 712koa du.