Mobilizazioak hasi zituzten atzo osasungintzako langileek, ELA, LAB, SATSE, SME, CCOO, UGT, FSP eta ESK sindikatuek deituta, «kalitatezko osasungintza publikoaren eta langileen eskubideen alde». Eta Hernanin ere, kalera atera ziren anbulatorioko langileak, «lehertuta eta baliabiderik gabe» daudela adierazteko.
Eskuetan hartu zituzten karteletan, Osakidetzari leporatu zioten langileak alde batera utzi izana; prekarietatearen kontra egin zuten, kontratazio duinak eskatuz; eta nabarmendu zuten ez daudela soberan, eta murrizketa gehiago ez dutela nahi.
Atzoko deialdia, lehenengo arretarako zentroetarako egin zuten; eta datorren ostiralerako, mobilizazioak deitu dituzte ospitale guztietan. Urriaren 3an, berriz, manifestazioa egingo dute Bilbon, 12:00etan.
33 positibo berri Hernanin, aste honetan zehar
Atzoko mobilizazioan azpimarratu zuten, gainera, «orain inoiz baino beharrezkoagoa» dela kalitatezko osasungintza publikoa. Hernanin, azkeneko asteotan izan dira positibo berri gehien, eta Osakidetzaren azkeneko datuen arabera, 301 dira dagoeneko, herrian izan diren COVID-19 kasuak. Aste honetan, astelehenetik ostegunera, 33 kasu berri izan dira. Aurreko astean, berriz, 43 izan ziren pilatutako positiboak, zazpi egunetan.
Guzti horien artean daude, Zaharren Egoitzan atzemandakoak: 41 egoiliar eta 15 langile izan dira, orain arte.