Bailarako 20.625 herritar bozkatzera deituta gaur, aldaketekin eta segurtasun neurri zorrotzekin

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 12a, 00:00

Hauteslekuak eta mahaiak berrantolatu eta gomendioak eman dituzte Astigarragan eta Hernanin, Eusko Legebiltzarrerako bozkatzeko.

Gaur egingo dira Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, apirilaren 5erako deialdia atzeratu ondoren. EAEko 1.794.313 biztanle daude bozkatzera deituta; eta Urumea bailaran, 20.625 herritar dira bozkatzeko eskubidea dutenak: 4.827 astigartar, 15.327 hernaniar eta 471 ereñotzuar.

Nobedadea da hauteskunde­ak data hauetan egitea, aurreneko aldiz bozkatuko baitute herritarrek udaran, Eusko Legebiltzarrerako; baina beste hainbat nobedade ere izango dira, pandemiak eraginda.

Horietako bat da, hauteslekuak eta mahaiak berrantolatu egingo dituztela, jende pilaketak saihesteko. Hernanin, kiroldegia prestatu dute bozkaleku bezala, eta bertan eman beharko dute botoa, hainbat herritarrek: Biterin egoten ziren bi mahai, eta Haur Eskolako beste hiru, bertara mugitu dituzte. Gainera, Gabriel Zelaia eraikinetik, beste bi mahai kendu dituzte, eta Langile ikastolaren Bidebietako egoitzara mugitu. Aldaketen berri zehatzago jakiteko, begiratu azpian gehituta dagoen albistea, edo sartu hernani.eus web orrian.

Eta Astigarragan ere, bada aldaketarik: Herri Eskolan bozkatuko dute aurreneko sekziokoek, baina kiroldegian izango dute bozkalekua, bigarren eta hi­­rugarrenekoek. Bi apar­kaleku ere egokituko dituzte bozkatzera joateko, ikastolako patioan eta udaletxeko plazan.

Segurtasun neurriak, eta zenbait gomendio

Egoeragatik, segurtasun neurri bereziak hartuko dira: maskarillarekin joan beharko da bozkatzera, eta gel hidroalkoholikoa ere egongo da sarreran, eskuak garbitzeko, sartzean eta atera­tzean. Seinaleei eta bertan daudenen jarraibideei kasu egin beharko zaie, eta gomendatu dute, jende gehien ibiliko den orduak saihestu, eta botoa etxetik eramatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!