Hauteskundeak

Udaran aurrenekoz bozkatuko dute herritarrek bihar, Eusko Legebiltzarrerako

Kronika - Erredakzioa 2020ko uzt. 11a, 00:00
Segurtasun tarteak errespetatu beharko dira bozkatzera joatean, eta botoa etxetik eramatea gomendatu dute.

Pandemiaren eraginez atzeratu ziren apirilaren 5eko hauteskundeak, eta bihar izango dira. Urumea bailaran, 15.798 hernaniar eta 4.827 astigartar daude deituta, botoa ematera.

Bihar aurreneko aldiz, udara be­tean joango dira botoa emate­ra, EAEko biztanleak. Uztaileko bigarren igandearekin izango dira Eusko Lege­bil­­­tzarrerako hautes­kunde­ak bihar, aurreneko deialdia atze­ratu ondoren: apirilaren 5era­ko zeuden aurreikusita, bai­na osasun alarma egoera tarteko, EAEko alderdi politikoek atzeratzeko akordioa egin zuten, ezingo zirelako beharrezko se­gurtasun neurriak bermatu.

Eta orain, osasun alarma atzean utzi eta egoerak hobera egin arren, ezohiko moduan egingo dira hauteskundeak. Mas­karillen erabilera, gel hidro­alkoholikoa eta segurtasun tar­teak erres­petatzea egunerokoa­­ren parte bilakatu diren hone­­tan, 1.794.313 biztanle daude bozkatzera deituta (1.718.323 bizi dira EAEn, eta 75.990 atzerri­an); 2016 urtean baino ia 11.000 biztanle gehiago. Horietatik, 584.905 dira gipuzkoarrak; eta 20.625, Urumea bai­larakoak.

Hernanin 15.798 hautesle, eta Astigarragan 4.827
15.798 hernaniar daude bozkatzera deituta bihar, 2016ko hauteskundeetan baino 49 gehiago (15.749 ziren orduan). Horien barruan daude, baita ere, Ereñotzuko Auzo Etxean bozkatu be­har duten 471 bizilagunak; zazpi gehiago izan ziren 2016an, 478.
Astigarragan, 4.827 di­ra bozka eman dezaketen herritarrak (4.343 izan ziren 2016ko hauteskundeetan).

Bozkalekuak egokituta, pilaketak saihesteko
Aurreko hauteskundeetan bezala, 23 mahai izango dira Hernanin, bozka emateko. Baina egokitu egingo dituzte bozkalekuak, jende pilaketak saihesteko. Horrela, kiroldegia prestatuko dute bozkaleku bezala, eta bost mahai jarriko dituzte bertan: Biteritik kenduko dituzten bi, eta Haur Eskolan kendutako beste hiru. Etxebizitza hauetakoak dira, kiroldegian bozkatu beharko dutenak: Atzieta kaleko 1-41 arteko bakoitiak eta 2-46 arteko bikoitiak; Elkanoko 17-21 eta 31-37 arteko bakoitiak; Tilosetako 3-5 artekoak; Zapa kaleko 5, 7 eta 9, Plazako guztiak; Andre kaleko 2-28 bikoitiak eta 48tik aurrerakoak, eta 1-25 bakoitiak eta 43tik aurrerakoak; Kale Nagusiko 1-15 bakoitiak, 2-28 bikoitiak, eta 33, 50, 63 eta 64koak; Oartzu kaleko guztiak; Izpizua kaleko 8tik aurrerako bikoitiak eta 19tik aurrerako bakoitiak; Orkolagako 2 eta 4koak; Txirritako 8tik aurrera­koak; Urbietako 6-12 arteko bikoitiak; Antziola auzoko 37tik aurrerako bakoitiak eta 44tik aurrerako bikoitiak; Galarreta auzo osoa; Latsunbeko 33tik aurrerako bakoitiak eta 4tik aurrerako bikoitiak; Latsunbeberri osoa; Edu­ardo Chi­llida pasealekuko guz­tiak; Antziolako 1-33 bakoitiak; eta Argaraingo guztiak.

Gainera, Gabriel Zelaia eraikinetik kenduko dituzte bi ma­hai, eta biak mugituko dituzte Langile ikastolaren Bidebietako egoitzara: Etxeberri osoa; Floridako etxebizitza bikoiti guztiak eta 43garren zenbakitik aurrerako guztiak; eta Gartzia Goldaratzeko bikoiti guztiak.

Beraz, honela geratuko dira banatuta, 23 mahaiak: kiroldegian bost, Biterin hiru, Langileren Laubidieta eraikinean hiru, Elizatxo ikastolan hiru, Haur Eskolan bi, Gabriel Zelaia eraikinean bi, Bidebietan bi, Lizeagako Larramendi kaleko 11garren zenbakian bat, Zikuñagako udal eraikinean bat, eta Ereñotzuko Auzo Etxean azkenekoa.

Astigarragan, berriz, bi esparrutan banatuko dituzte mahai­ak. Batetik, Herri Eskolako eraikin berrian jarriko dute ohikoa, baina lehenengo sekziokoek bakarrik bozkatuko dute bertan, 1.509 herritarrek. Eta kiroldegi­an jarriko dituzte gainerakoak, bigarren eta hirugarren sekzio­etako herritarrentzat (3.318).

Bietara sarrera, kale berean egongo da. Herri Eskolara areto nagusitik sartu beharko da, eta patiotik atera; eta kiroldegira, berriz, pistatik sartu beharko da, eta kale berean dagoen beste atetik atera. Bozkatzera joateko, bi aparkaleku egokituko ditu Udalak, ikastolako patioan eta udaletxeko plazan.

Segurtasun neurriak, bozkatzera joateko
Eguneroko ekintzetarako bezala, segurtasun neurriak hartuko dituzte herri bakoitzean, hauteskundeetarako ere. Bozkaleku batzuetan mahai gutxiago jarriko dituzte, eta tarteak haundituko dituzte horien artean; bi metrokoak izango dira, gutxienez. Mahai bakoitzean, hau­teskunde guztietan adina ma­haikide egongo dira, baina mas­karilla kirurgikoak jantzita e­gongo dira bertan, bozkatzera do­azenei arreta egiteko; eta gel hi­droalkoholikoa izango dute, ma­hai bakoitzean. Mahaikide­en artean, gainera, metro eta er­­diko tartea utzi beharko dute. Bo­­toak kontatzeko, berriz, beste­la­ko materiala beharko dute: FFP2 maskarilla, eta nitrilozko gu­­anteak. Plastikozko poltsa her­­metikoak ere emango dizki­e­­­te, babes-materiala botatzeko ge­ro.

Bozkatzera doanak ere, hartu beharko ditu neurriak. Derrigorrezkoa izango da maskarilla jantzita joatea, eta ez daukatenentzat, egoitza bakoitzaren sarreran jarriko dituzte eskuragarri. Gel hidroalkoholikoa ere egongo da bertan, eta eskuak garbitu beharko dituzte herritarrek, bozkatzera sartu aurretik, eta ateratzerakoan.

Bozkalekuetan, seinaleak jarriko dituzte jarraibideekin, eta markak ere bai lurrean, zehazteko nondik joan eta non itxaron txanda, distantziak mantenduz. Toki batzuetan, jende pilaketaren bat gertatu daitezkeela aurreikusten duten horietan, hesiak ere jarriko dituzte. Lokalak desinfektatu egingo dituzte biharko egunaren aurretik, eta aireztatuta egongo dira uneoro. Bozketa-kabinak, mahaietatik aldenduta jarriko dituzte. 

Guzti horretan laguntzeko, DYAko boluntarioak ere egongo dira bertan.

Jende gehien ibiliko den orduak saihestu, eta botoa etxetik eramatea ere gomendatu dute.

14 zerrenda aukeran, Gipuzkoan
Eusko Legebiltzarra osatzeko hau­teskundeak dira biharkoak. Guztira, 75 legebiltzarkide aukeratuko dituzte EAEko biztanleek; eta lurralde bakoitzeko, ordezkari kopuru bera izango da: 25 Gipuzkoatik, 25 Bizkaiatik eta 25 Arabatik.

Bertako 25ak aukeratzeko emango dute bozka, Astigarraga, Hernani eta Ereñotzuko bizilagunek. Eta horretarako, 14 zerrenda izango dituzte aukeran, 2016an baino hiru gehiago. Zehazki, honako guztiak: EAJ-PNV, EH Bildu, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza koalizioa, PSE-EE, PP-Ciudadanos koalizioa, Animalien Tratu Txarren Kontrako Alderdi Animalista (ATTKAA-PACMA), Bidezko Mundurantz (PUM+J), Euskadiren Aldeko Libreak (LxE-EaL), Equo Berdeak, Aulki Zuriak, VOX, Unión Cristiano Demócrata Española (UCDE), Recortes Cero-Los Verdes-Municipalistas koalizioa, eta Alderdi Libertarioa (P-LIB).

Eta honakoak dira, Gipuzkoako 14 aukeretako zerrendaburuak: Bakartxo Tejeria Otermin (EAJ-PNV), Maddalen Iriarte Okiñena (EH Bildu), David Soto Rodríguez (Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza), Eneko Andueza Lorenzo (PSE-EE), Muriel Larrea Laso (PP+Cs), Susana Pérez Benito (ATTKAA-PACMA), Iratze Bustinza Vivanco (PUM+J), Jose Manuel Herzog de Bustos (LxE-EaL), Miren Edurne Baranda De Miguel (Equo Berdeak), Daniel Lizarralde Aguirre (Aulki Zuriak), María Pérez Fernández (VOX), Eulogio Gardeazabal Uriarte (UCDE), Jordi Martinez Rigol (Recortes Cero-LV-M), eta Javier De Barrenechea Álvarez (P-LIB).  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!