Eliza

Hileta mezak asteburuan, Hernanin eta Astigarragan

Kronika - Erredakzioa 2020ko eka. 20a, 00:00

Gaur eta bihar egingo dituzte parrokiek konfinamendu garaian joan zirenen oroimen mezak, senideak gogoan izateko.

Egoerara egokitutako martxarekin jarraitzen dute, bailarako parrokiek. Aste barruan, orain arte bezala segiko dute hileta mezak ospatzen, Hernaniko San Joan Bataiatzailean. Gaur, ordea, konfinamendu garaian hil direnen aldeko hileta mezak ospatuko dira. Eta bihar, eguerdiko mezan, gogoan izango dituzte iazko martxoan hil ziren parrokiko kideak, bere garaian ezin izan zutelako urtemuga ospatu.

Astigarragan, mezak bihartik

Hernaniko parrokian ez bezala, bihar hasiko dira Astigarragako parrokian, konfinamendu garaian hil direnen oroimen mezak egiten, 10:30etako mezetan.

Hala jakinarazi dute: «saminean lagun ditugula, Astigarragako parroki elkarteak, martxoaren erditik maiatzaren aurreneko astera bitartean hil diren senide maiteak gogoratu, agurtu eta Jesusen Jainkoari, Biziaren Jainkoari gomendatu nahi ditugu». Horregatik egingo dituzte hileta mezak.

Astigarragakoek ere ez zuten aukera izan konfinamenduan joan zirenei agurra egiteko, eta modu horretara, bihartik aurrera agurtuko dituzte. Hain zuzen, ekainaren 21etik uztailaren 5era arteko igandetan, haiek oroitzeko mezak ospatuko dira.

Hildakoen senideekin adostuta osatu dute hileta mezen egutegia, eta horren arabera egingo dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!