Herriko hainbat kirol instalazio dauzkate erabilgarri goizuetarrek, deseskalatzearen hirugarren fase honetan. Dagoeneko erabili dezakete Asinkoko gimnasioa, baina baldintza eta muga batzuk errespetatuz.
Gehienez ere bi lagunek erabili ahal izango dute aldi berean, egunean ordubetez. Horretarako, txanda eskatu beharko da, internet bidez, helbide honetan: labur.eus/0rI8j. Goizeko 09:00etatik gaueko 22:00etara hartu daiteke ordua, posta elektronikoa ere emanda.
Horrekin batera, erabilgarri daude Xalto eskolako eta Lubineko frontoiak ere, herritar guztientzat, 10:00etatik 14:00etara, eta 16:00etatik 20:00etara. Frontoietan aritzeko ere, txanda eskatu beharko da, udaletxera deituta: 958 51 40 06.
Kirola egiteko erabili behar dira frontoiak, eta gehienez 20 lagun egon daitezke, kontaktu fisikorik gabe. Entrenatzailea ez den pertsona batekin joan daiteke, eta erabili ondoren, garbitu eta desinfektatu behar da.
Ikastaroetan izenematea, Hernanin eta Astigarragan
Astigarragan eta Hernanin ere zabaldu dute kiroldegia, aste honetan; eta ikastaroak jarriko dituzte martxan, udarako. Hernanin, bost ikastaro eskainiko dituzte aire librean (Ave Maria parkean, igerileku irekietako belardian edota herrian barrena), ekainaren 15etik 30era: Martxan jarri!, Zirkuituak aire librean, Hernanin barrena, pilatesa eta zunba. Guztietarako, bihar arte eman daiteke izena, 943 55 21 85 telefonoan edo kirola.hernani.eus web orrian.
Astigarragan, berriz, haur eta nerabeentzat, Jolas Txiki eta Multikirola eskainiko dute udaran, eta baita jump fit, zumba, aireko gimnasia, ziklo indoor eta bungee air fit ere. Helduentzat ere, izango dira ikastaroak uztailan, abuztuan eta irailan: aireko pilatesa, pilatesa, gimnasia, hipopresiboak, zumba, strong zumba, aerofit, body weight, jump fit, ziklo indoor, TRX eta bungee airfit. Guztietarako, etzi arte eman daiteke izena, kiroldegian. Eta datorren astelehenean egingo dituzte zozketak.