Ohi bezala, eguerdi partean berritu dituzte COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Nafarroan sei positibo izan dira azken 24 orduetan, PCR testen bidez. Eta horrela, 5.335 dira PCR bidezko positibo guztiak, orain arte. Test serologikoen emaitzen berri ez dute eman, azken egunetan. Gainera, hamargarren egunez jarraian, ez da hildakorik izan azken 24 orduetan ere. Hortaz, guztira, 515 jarraitzen dute izaten. Alta jaso dutenak, berriz, 7.073 dira orain arte; horietatik 105, azken 24 orduetan.
EAEri dagokionez, 16 positibo berri izan dira, PCR bidezko testetan. PCR testak eta serologikoak batuz, berriz, guztira, 20.132 positibo dira orain artekoak. Hildakoak, ordea, hiru izan dira azken 24 orduetan EAEn, eta guztira, dagoeneko 1.577 dira orain arte. Sendatuei dagokienez, ez dute daturik eman. ZIUn 18 dira orain, atzoko datu berdina.
Gipuzkoan positibo berri bat egon da azken 24 orduetan 20 eguneko bolada apurtuz, PCR testei dagokienez, eta beraz, 2.264 dira oraindik, PCR bidezko positibo guztiak.
Hernanin eta Astigarragan ez da positibo berririk erregistratu, beraz orain arte, Hernanin 61 izan dira, eta Astigarragan 21.
EAEko beste bi lurraldeei dagokienez, bost positibo erregistratu dira Araban, PCR testen bidez, eta 3.301 dira orain guztira; eta Bizkaian hamar kasu berri detektatu dituzte, guztira 7.801ra iritsita.