Bost ikastaro antolatu ditu Hernaniko Udal Kiroldegiak, ekainaren bigarren hambostaldirako. Adin tarte guztietarako eskaintza izango da tartean, eta aire librean egingo dituzte saioak, Ave Maria parkean, igerileku irekietako belardian, edota herrian barrena. Eguraldi txarra egiten duen egunetan, kiroldegiko pistan izango dira.
Guztietan, ostegunera arte eman daiteke izena, 943 55 21 85 telefonoan, edo internet bidez kirola.hernani.eus/eu/hasiera webgunean. Ostiralean argitaratuko dute onartutakoen zerrenda, goizeko 09:00etan.
55-65 urtekoentzat da, Martxan jarri! izeneko ikastaroa, eta astelehen eta asteazkenetan egingo dute, goizeko 10:00etan. Ariketa fisikoa taldean egitea da helburua. Zirkuituak aire librean, berriz, 14-17 urtekoentzat izango da. Astearte eta ostegunetan egingo dute, arratsaldeko 16:00etan; eta asmoa da «oinarrizko ezaugarri fisikoak hobetu eta bizitzeko modu osasuntsuak sustatzea». Hernanin barrena izenekoak, ordea, 18-65 urteko tartea hartzen du, eta herrian barrena egingo dituzte zirkuituak edota korrika, astearte eta ostegunetan 17:30etan. Fisikoki entrenatuta daudenentzat izango da, eta ariketa eta proposamen desberdin ugari izango ditu. Pilatesak bi txanda izango ditu: astearte eta ostegunetan 10:00etan, edo astelehen eta asteazkenetan 17:00etan. 16-65 urte bitartekoentzat izango da. Eta adin tarte bera hartuko du zunbak ere, astearte eta ostegunetan, 18:30etan.
Ikastaro guztien prezioa berbera izango da: bazkideentzat 18,20 euro, eta bazkide ez direnentzat 29,55 euro.
Astigarragan, doako saioak
Astigarragako kiroldegiak ere aurreratu du, doako saioak eskainiko dituela aurrez aurre, ekaineko bigarren hamabostaldian. Izenematea beharrezkoa izango da, saioaren aurreko egunean eginda: 943 33 36 76 telefonoan edo kiroldegia@astigarraga.eus helbide elektronikoan.