Astigarragako eta Hernaniko AEK euskaltegiek jakinarazi dute, ostiral honetan egingo dutela Errigorako loteen banaketa; bai kontserbena, eta baita olioarena ere. Berez, martxoaren 27an egitekoa zen olioaren banaketa, baina Koronabirusaren eraginez atzeratu zuten, eta biak elkarrekin egingo dituzte orain.
Etzidamu egingo dute banaketa, Hernaniko Plazan. Eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 19:30etara egongo dira bertan, eta ordu tarte horretan pasa beharko dute dagokiena jasotzera, olioa edota kontserbak eskatu zituztenek. «Garrantzitsua da bertaratzea eta bakoitzak dagokiona jasotzea», jakinarazi dute. Eta nabarmendu dute, produktuen bila joaten direnek babes neurriak hartu beharko dituztela, horiek jasotzeko.
Eskudirutan ordaintzeko, kopuru zehatza eraman
Horrela, esaterako, derrigorrezkoa izango da maskarilla jantzita joatea, produktuak biltzeko. Era berean, ilara osatuz gero, bi metroko segurtasun distantzia mantentzeko eskatu dute, eta baita guneko arduradunaren argibideak jarraitzeko ere.
Eta eskudirutan ordaindu behar dutenen kasuan, beste eskaerarik ere luzatu dute: kopuru zehatza eramatea, kanbiorik eman beharrik ez izateko.
Nafarroako hegoaldeko nekazarien produktuak dira Errigora kanpainan saltzen dituztenak, eta helburua da, horren bitartez, bertako euskerari ere bultzada ematea.