Ohi bezala, eguerdi partean berritu dituzte COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Nafarroan hiru positibo izan dira azken 24 orduetan, PCR testen bidez. Eta horrela, 5.329 dira PCR bidezko positibo guztiak, orain arte. Test serologikoen emaitzen berri ez dute eman, azken egunetan. Gainera, bederatzigarren egunez jarraian, ez da hildakorik izan azken 24 orduetan ere. Hortaz, guztira, 515 jarraitzen dute izaten. Alta jaso dutenak, berriz, 6.968 dira orain arte; horietatik 154, azken 24 orduetan.
EAEri dagokionez, 8 positibo berri izan dira, PCR bidezko testetan. PCR testak eta serologikoak batuz, berriz, guztira, 20.076 positibo dira orain artekoak. Hildakoak, ordea, bakarra izan da azken 24 orduetan EAEn, eta guztira, dagoeneko 1.575 dira orain arte. Sendatuei dagokienez, ez dute daturik eman. ZIUn 18 dira orain, atzoko datu berdina.
Gipuzkoan, beste behin, ez da positibo berririk erregistratu azken 24 orduetan ere, PCR testei dagokienez, eta beraz, 2.313 dira oraindik, PCR bidezko positibo guztiak.
Hernanin eta Astigarragan ez da positibo berririk erregistratu, beraz orain arte, Hernanin 61 izan dira, eta Astigarragan 21.
EAEko beste bi lurraldeei dagokienez, positibo bat erregistratu da Araban, PCR testen bidez, eta 3.024 dira orain guztira; eta Bizkaian zazpi kasu berri detektatu dituzte, guztira 7.631ra iritsita.