Ohi bezala, eguerdi partean berritu dituzte COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak.
Nafarroan positibo berri bakarra izan da azken 24 orduetan, PCR testen bidez. Eta horrela, 5.302 dira PCR bidezko positibo guztiak, orain arte. Test serologikoen emaitzen berri ez dute eman, azken egunetan. Gainera, bosgarren egunez jarraian, ez da hildakorik izan azken 24 orduetan ere. Hortaz, guztira, 515 jarraitzen dute izaten. Alta jaso dutenak, berriz, 6.404 dira orain arte; horietatik 134, azken 24 orduetan.
EAEri dagokionez, 5 positibo berri izan dira, PCR bidezko testetan. PCR testak eta serologikoak batuz, berriz, guztira, 20.007 positibo dira orain artekoak. Hildakoak, ordea, 8 izan dira azken 24 orduetan EAEn, eta guztira, dagoeneko 1.561 dira orain arte. Sendatuei dagokienez, 16.757 dira, atzo baino 101 gehiago. Beste hiru gaixo ospitaleratu dituzte, baina ZIUn 22 dira orain, atzo baino bi gutxiago.
Gipuzkoan, beste behin, ez da positibo berririk erregistratu azken 24 orduetan ere, PCR testei dagokienez, eta beraz, 2.313 dira oraindik, PCR bidezko positibo guztiak.
Gipuzkoan positiborik izan ez denez, gaur ere ez dira aldatu herriz herrikako datuak, eta berdin jarraitzen dute Urumea bailaran: Hernanin 60 dira positiboak, eta Astigarragan 20.
EAEko beste bi lurraldeei dagokienez, hiru positibo berri erregistratu dira Araban, PCR testen bidez, eta 3.016 dira orain guztira; eta Bizkaian bi kasu berri detektatu dituzte, guztira 7.615era iritsita.