Berdintasuna

Bizitza erdigunean jartzeko adierazpena, Arano eta Goizuetan

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 30a, 00:00

Leitza eta Aresorekin batera Gizarte zerbitzuen Mankomunitateak zabaldu du eta Goizuetako Plenoak bat egin du aste honetan.

Goizueta eta Aranoko berdintasun zerbitzuek bizitza erdigunean jartzen duen adierazpena kaleratu dute eta Goizuetako Udalak mezuarekin bat egin zuen astearteko Plenoan. Covid-19aren krisiak «agerian utzi du berriz ere mugimendu feministek eta berdintasunean aditu direnek aspalditik nabarmendu duten zerbait: zaintza-lanen krisi itzela bizi dugu; bizitzak ez daude erdigunean».

Adierazpenean ondorengoa azpimarratzen dute besteak beste: «Etxeko eta zaintzako lanen banaketa oraindik ere ez da bidezkoa, ez dago benetako erantzunkidetasunik. Gaur egungo egoerak sexuaren araberako lan-banaketa eta genero-estereotipoak indartu ditu, emakumeek hartzen baitituzte bere gain gehienetan haur, mendeko, zahar eta gaixoen zaintza-lanak, zaintza-emozionalarekin lotutakoak, zaintza- -lan materialak eta abar. Lan horiek doan egiten dituzte familiaren esparruan, eta soldatapean izatekotan, lan- baldintza oso prekarioetan eta lan- eta gizarte-eskubide gutxirekin. Eta, hala ere, gure gizarteak ongi funtzionatzeko funtsezkoak dira».


Funtzesko euskarria duten lanak bigarren mailakotzat

«Krisi honek feminizatutako lanbide horiei balio haundiagoa ematearen garrantzia azaleratu du, lotuta baitaude bestelako diskriminazio-iturriekin, besteak beste, arraza, klase sozial edo adinarekin. Oraindik ere lan horiek bigarren mailakotzat jotzen dira, bizitzari eusteko funtsezko euskarri izan arren. Zaintza-zerbitzuak esparru publikoan nahiz osasun arloan, zaintzaileak zahar-egoitzetan eta etxez etxe, garbiketaren sektorea, supermerkatuetako langileak, gizarte zerbitzuak, hezkuntza... Lanbide horiek guztiek erakutsi dute funtsezko esparruak direla oinarrizko eta ezinbesteko premiak asetzeko bizitzek bizirik jarraituko badute»

Horregatik guztiagatik, «pertsona guztien arteko erantzunkidetasuna azpimarratu nahi dugu, emakumeek lanaldi bikoitzak eta hirukoitzak egin
ez ditzaten zaintza-lanak eta etxeetako bizitza sostengatzearen ardura bere gain hartzeagatik. Sexuaren araberako lan- -banaketarekin amaitu behar
da, eta aurrera egin ordaindu gabeko lanen antolaketa bidezkoa lortzeko, zereginak eta zaintza-lanak modu eraginkorrean banatuz».

Beharrezkoa da familien, enpresen eta Estatuaren arteko erantzunkidetasuna ere egotea zaintza-lanen esparruak dakartzan alderdi guztiez arduratzean diote. «Beharrezkoa da agerian uztea emakumeek pandemia honetan duten garrantzia, haren ondorioei erantzuteko lehen lerroan baitaude, eta, alabaina, aitortza eskasa duten esparruetan». 

Larrialdiak pasatzen dira, baina «ez bazaie horien eragin ezberdinei aurre egiten, bereizkeria are gehiago handituko da. Inork ezin dio bakarrik eutsi
bere buruari, interdependenteak eta zaurgarriak gara, eta horregatik, zaintzarekin lotutako lanak funtsezkoak dira bizitzari eusteko. Krisi honek are
ageriago uzten du zein garrantzitsua den bizitzak erdigunean jartzea eta paradigma aldatzea, bizitzak eta horien jasangarritasuna lehentasuna izan daitezen» amaitzen du kaleratutako adierazpenak.


Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!