Martxoan Koronabirusari aurre egiteko konfinamendu egoera ezarri zenetik, hirugarren Pleno telematikoa izango dute gaur Astigarragan, eta bigarrena, Hernanin. Biak, arratsaldeko 19:00etan egingo dira.
Gai gehienak, COVID-19 dela-eta, aurrekontuetan egin beharko diren aldaketen ingurukoak izango dira.
Kreditu aldaketak, Foru Funtsa eta Santa Ana eguna, Astigarragan
Hamalau puntuko gai-ordena dauka Astigarragan gaur bilduko den Plenoak. Hasteko, apirileko aktaren onarpena landuko da, eta ondorengo lau puntuetan, kreditu aldaketak landuko dira. Hurrengo lau puntuetan ere, gai ekonomikoak landuko dira: 2020ko zerga fiskalen aldaketari hasierako onarpena ematea, kirol instalazioen kudeaketarako emakida edo kontzesio kontratua aldatzea, horri lotuta COVID-19aren eraginez kontratuaren zati bat eteteak eragin duen kalteordaina, eta berriro ere, COVID-19a dela-eta, etxez etxeko zerbitzuaren kontratuaren zati bat eteteak eragin duen kalte ordaina.
Segidan, bi puntutan, udal osoko bilkuraren edo Plenoaren eskumenetako batzuk tokiko gobernu batzordearen esku uzteaz eta alkateak tokiko gobernu batzordearen esku utzitako eskumenen berri emango da.
Hamabigarren puntuan, berriz, jaiak izango dituzte hizpide, baina 2021ekoak. Zehazki, 2021eko Santa Ana eguna, uztailaren 26a, herriko jai egun izendatzeko proposamena landuko da.
Bukatzeko, EH Bilduren mozioa landuko da. Gipuzkoako Foru Aldundiak udal finantziaziorako foru funtsa murrizteko asmoaren iragarpenaren aurrean, mozioa aurkeztu du taldeak.
Azken puntuan, ohi bezala, galdera eta eskarietarako tartea irekiko da.
Giza baliabideetarako programa, aurrekontuak eta Foru FUntsaren inguruko bi mozio, Hernanin
Zortzi puntukoa izango da Hernaniko gaurko Plenoa. Hasteko, apirileko aktaren onarpena landuko da, eta segidan, hainbat dekretu landuko dira, 2020koak.
Horren ondoren, hirugarren puntuan, landuko da Udalak 2020-2025 aldirako prestatutako giza baliabideen Plan Estrategikoari dagokion puntu bat; hain zuzen, giza baliabideak arrazionalizatzeko programaren lehenengo fasea.
Laugarren puntuan, berriz, COVID-19aren eraginez hainbat tasa aldatzeko proposamenak landuko dira. Batetik, ur eta saneamendu zerbitzuaren eta hondakinen bilketa zerbitzuaren tasak aldatzea, eta bestetik, 2020-2021 aldirako Udalak antolatutako ikastaroen tasen hobariak onartzeko proposamena.
Hurrengo puntuetan, aurrekontu orokorraren berri emango da. Batetik, kontu-hartzailearen txostenaren berri emango da, eta bestetik, 2020ko aurrekontuaren exekuzioari buruzko informazioa emango da, COVID-19ak izan duen eragin ekonomikoa zein den ikusi eta aurrekontuen egonkortasuna, kontrola, eta iraunkortasuna landu ahal izateko. Era berean, aurrekontu aldaketarako dekretuen berri emango da.
Bukatzeko, sei eta zazpigarren puntuetan bi mozio aurkeztuko dira, Gipuzkoako Foru Aldundiak Udaletara bideratzen duen foru funtsa murrizteko egindako proposamenaren aurrean, Astigarragan bezala. EH Bildurena da bat, eta EAJ-PNVrena bestea.
Ohi bezala, erregu eta galderetarako tartearekin emango zaio amaiera Plenoari.