HEZKUNTZA

Lanbide Heziketa bueltan etzi, ez besterik

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 23a, 00:00

Inmakuladak planto egitea erabaki du, eta online jarraituko du. Institutuak ekainaren 3tik aurrera eskainiko ditu, nahi duenarentzat, errefortzu klaseak eta selektibitatea prestatzekoak. Lanbide Heziketan, ordea, etzi itzuliko dira.

Maiatzaren 25ean bai, DBH4, Batxiler eta Lanbide Heziketako ikasleek aurrez aurreko eskoletara bueltatu behar zutela azaldu zuen Cristina Uriarte, Jaurlaritzako Hezkuntza Sailburuak; bestela, ondo arrazoitu beharko zela, klaseetara ez bueltatzea.
Urumea bailaran, Hernanin daude maila horietako ikasleak dituzten hiru zentroak, eta Lanbide Heziketa bakarrik itzuliko da.

Inmakuladan, azterketak

Planto egitea erabaki dute Inmakulada ikastetxean. Maiteder Requejo zuzendariak azaldu du «egiten ari garen lanarekin pozik eta seguru» sentitzen direla, eta horrela jarraituko dutela, Kristau Eskolak azkenean erabakia hartzea eskola bakoitzaren esku utzi baitu. «Argi daukagu lehentasuna osasuna dela; irakasleena (arrisku taldeko batzuk badauzkagu), eta ikasle eta familiena».

Orain arte online egin dute lan, eta «klaustroarekin oso pozik» agertu da zuzendaria. «Egitura emateko, ordutegi jarraian online eman ditugu klaseak LH4 mailatik DBH4ra, 08:30etatik 14:30etara». Era berean, gurasoekin bilerak egin dituzte, eta errefortzua behar zutenei hezitzaileek tutoretzak eskaini dizkiete.

Gauzak horrela, ekainean hiruzpalau egunetan DBH4 eta erizain laguntzaile zikloko ikasleen ez ohiko azterketak egingo dira, «osasun segurtasun neurriekin», baina, gainontzean, online klaseekin segiko dute ekainaren 19an ikasturtea bukatzen den arte. «Familiekin ere hitz egin dugu, batez ere, 0-1 urte artekoekin, eta erabakia hartu dugu. Gainera, irakasle askok ere badute familia. Non geratzen da kontziliazioa? Moralak eta zentzuak hori eskatzen digu».

Institutuan, aukera «eskaini»

Hernani BHI institutuan ere ez dira astelehenean itzuliko. Itzultzekotan, ekainaren 3tik aurrera egingo dute, baina aukera hori «eskaini» egingo zaie ikasleei, Mandazubi Guraso Elkarteak adierazi duenez, atzo Kronikan argitaratutako idatzian itzulerarekin kritiko azaldu baziren ere.

Azaldu dute, Asier Mendizabal zuzendariak lehenago bezala, erabaki hauek Eskola Kontseiluan hartzen direla, eta hain justu, ostegunean 'adostu' zutela erabaki berria. «Eskola komunitatea osatzen dugun irakasle, ikasle, guraso eta ez dozente guztiok ez dugu uste klasera bueltatzeko obligazioa egon behar duenik, batetik eta gehienbat, osasun arrazoiengatik, eta bestetik, ikasturtea bukatua dagoelako, ebaluazio irizpideak ezarrita eta bai irakasle, ikasle eta familiok oso nekatuta gaudelako, egin dugun lan itzela dela-eta».

Dena den, etzi itzultzea «prezipitatua» dela uste arren, ekainaren 3tik aurrera DBH4 eta Batxilergoko ikasleei errefortzurako eta selektibitatea prestatzeko klaseak «eskaintzea» erabaki dute, «gehienez ere 3 orduz» eta «osasun neurriak bermatuta».

Proposamena onartzea Lakuako ikuskaritzaren esku dago orain.

Lanbide Heziketan, «ez dugu inor derrigortuko»

Astelehenean itzuliko direnak Lanbide Heziketakoak izango dira, Ainhitze Blanco zuzendariak azaldu duenez. «Jarraibideak bidali dizkigute».

Kasu honetan, klaseak «oso praktikoak» direla azaldu du, nahiz eta teoria ere landu. «Bigarren mailakoek bukatu dute ia. Praktikak online egiten ari dira, eta ahal dutenak enpresetara itzuliko dira. Lehenengo mailakoekin, berriz, galdutako tailer orduak errekuperatzeko plan bat egin dugu». Maskarillak derrigorrezkoak dira, eta baita distantziak mantentzea, eskuak garbitzea... Baina itzuliko dira. Beraz, astelehenean, «talde txikitan eta beharra dutenei lehentasuna emanez» klasera itzuliko dira. Dena den, «derrigortu, ez dugu inor egingo», azaldu du, «zentzuarekin jokatzen saiatzen gara»

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!