Ohi bezala, eguerdi partean berritu dituzte COVID-19 edo Koronabirusak gaixotutakoen inguruko datuak, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak. Nafarroan 113 izan dira positibo eman dutenak, test mota guztiak batuz; eta guztira 8.690 dira. Hildakoak bi izan dira azken 24 orduetan, eta guztira, 506 dira orain artekoak. Alta jaso dutenak, berriz, 4.296 dira orain arte. Ospitalizazioei dagokionez, une honetan 86 gaixo daude ospitaleetan, eta horietatik 14 ZIUn, atzo bezala.
EAEri dagokionez, 13 izan dira positibo berriak, PCR bidez aztertutakoetan, eta 104 serologikoetan; eta guztira, 19.254 dira positiboak orain, test mota guztiak batuz. Hildakoak 1.487 dira orain arte, azken 24 orduetan 4 izan baitira EAEn; atzo baino 1 gehiago. Hroietako bat Bizkaiko ospitaleetan erregistratu da, eta bestea Gipuzkoakoetan. Arabakoetan ez da bat ere erregistratu, eta, beraz, beste bi hildakoak ospitaleetatik kanpokoa dira, baina txostenean ez da zehazten zein lurraldetakoak. Sendatuei dagokienez, 17.098 dira dagoeneko, atzo baino 233 gehiago. Ospitaleratutako gaixoak, ZIUn, 36 dira, atzo baino 2 gutxiago.
Gipuzkoan gaurkoan berriro ere ez da positibo berririk erregistratu PCR testei dagokienez, eta beraz, 2.313 dira guztira, orain artekoak. Hildakoei dagokienez, Gipuzkoan ospitalizatutakoen artean hildako bat izan denez, 130 dira orain arte zenbatutakoak. Dena den, datuak emateko modua aldatu aurretik, hildako guztiak batuta baziren 285 Gipuzkoan.
Herriz herrikako datu zehatzik ez dute eman gaurkoan ere, baina bai zehaztu dutela, azkeneko lau egunetako positibo berriak zein herritan izan diren; eta horien artean ez daude Astigarraga eta Hernani. Azkeneko datuen arabera, beraz, Hernanin 55 dira positiboak, eta Astigarragan 20.
Bizkaian 8 kasu berri izan dira gaur ere, eta 7.558 dira guztira, orain. Araban, 4, eta guztira 2.994 dira orain arte. EAEko 13garren positiboa hiru lurraldeetatik kanpo erregistratutakoa da. Hildakoei dagokienez, ospitaleetako datuetan, hildako bana izan da Bizkaian eta Gipuzkoan, eta batere ez Araban, eta beraz, orain arte 532 dira Bizkaian ospitalizatutakoen artean hildakoak, baina gutziak batuta, 832 dira guztira Bizkaian hildakoak, eta 361 Araban; ospitalizatutakoen artean 227.