Udaltzaingoa

«Lan pedagogiko haundia egitea egokitu zaigu»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 23a, 00:00

Urumea bailarako udaltzain eta aguazilek konfinamenduaz hitz egin dute.

Koronabirusari aurre egiteko konfinamendua eta alarma-egoera ezarri zirenetik, herriz herri, udaltzain eta aguazilek izan dute irizpideen berri jakin eta emateko ardura. Orokorrean herritarrak ondo portatu direla diote, batez ere, umeak.

HERNANI  ANDONI PIKABEA

Martxoaren 16tik 23rako eta 23tik 30erako asteak «izugarriak» izan zirela gogoratzen du Andoni Pikabea, Hernaniko Udaltzainburuak. Koronabirusari aurre egtieko konfinamendu osoa ezarri zen bi aste horietan, lehenengoz. «Lehenengo astelehenean 300 edo 400 dei jaso genituen. Jendeak ez zekien. Gero izan dira erdian beste hiru-lau aste, baldintzak egonkortu direnak, eta jendea joan da ikasten. Uste dut jendeak oso ondo asimilatzen duela zer den debekua, eta bat-batean etorri zenez, jendea oso erraz egokitu zen lehenengo egunetan».

Aldatu egin da egoera, ordea. «Deseskalatzea hasi denean, etengabeko galdera sortu da, zer bai eta zer ez, eta Udaltzaingora deitzen da. Hau izan da kezka guztiak jasotzeko fokoa. Gehienak erantzun ditugu, baina beste batzuk, erantzunik ez zuten».

«Irizpideak betearaztea gure esku geratu da»
Eguneroko martxa egokitu behar izan dute Hernaniko udaltzainek. «Konfinamendu egoerarekin gauzak zeharo aldatu ziren». Batetik, eskoletako sarrera-irteeren kontrola egin beharra bertan behera geratu zen, trafikoa ere asko jaitsi zen... Eta bestelako lan bat gehitu zitzaien: «lehenengo dekretuaren ondoren, irizpideak betearaztea gure esku geratu da».

«Besteentzako diren irizpideak guretzako ere badira»

Horrekin batera, «antolamenduan aldaketa inportanteena eragin duena izan da txotx denboraldia bertan behera geratu izana». Horretara edota bide heziketara bideratutako udaltzainak bestelako kontrol lanetara bideratu ahal izan dituzte, horrela. «Kontrol lana da Kaxkoan egotea, plazetan, auzoetan, kirol-pistetan, parkeetan... eta momentu honetan, adinaren araberako ordu tarteak bete ditzala jendeak. Lan pedagogiko haundia egitea egokitu zaigu. Udaletik eta nire aldetik ere, irizpidea hori izan da; aurreneko egunetan jendeari irakatsi, eta gero, poliki-poliki, zorroztu edo indartu, eta behar izanez gero, isunetarako prozedurak martxan jarri. Fasero gauzak aldatzen dira, eta beraz, aurreneko astea pedagogikoago lantzen dugu, eta bigarrena zorrotzago».
Herritarrei irakatsi aurretik, ordea, norberak ikasi behar! «Astelehenak dira gogorrenak, dekretu eta aldizkari ofizial gehienak igandetan argitaratzen baitira. Nik igandean irakurtzen ditut, eta astelehenetan, txanda aldaketak egiten ditugunez, goizean saio eder bat egiten dugu aldaketak ezagutu eta zalantzak argitzeko. Era berean, Babes Zibileko langilea gurekin biltzen da aholkuak emateko». Eta Ertzaintzarekin tarteka koordinazio bilerak egiten dituzte, «ahal den neurrian denok irizpide berdinekin jokatzeko».

Irizpide horiek, noski, denentzako dira. «Besteentzako diren irizpideak guretzako ere badira. Nik, behintzat, horrela transmititu ditut». Kotxeetan bi udaltzain bata bestearen ondoan joan ote daitezkeen zalantza sortu zaio hainbat herritarri. «Kotxe guztietan joan gara diagonalean, neurriak errespetatzen. Neurriak hartzen badira, hau da, maskarilla jarri, eskuen garbiketa ondo egin... Ondo. Kotxearekin gertatu da beste gauza askorekin bezala, aldaketak izan direla. Orain familia osoa joan daiteke babesik gabe, baina hasieran, jendea, baita senar-emazteak ere, kotxetik jaitsiarazi behar genuen, diagonalean jartzeko eskatzeko. Gauza absurdoak badaude».

Gainontzean, behar diren higiene neurri guztiak hartzen dituzte, denek bezala. «Materiala eskuratzea hasieran nekeza izan zen, baina orain oso ondo hornituta gaude, eta datorren astean udaltzain guztiok Koronabirusaren proba egingo dugu. Baina esaten diet, eskuak garbi eta distantziak mantenduta, salbu gara. Baina maskarilla denok jartzea ere etorriko da. Horretan talde lan haundia egin da maskarillak josten, eskuz egiten...».

Herritarrak, pauso bat aurretik
Lanik zailena, seguru asko, deseskalatze fasean ari dira izaten, udaltzainak. «Egokitzapena iraunkorra da hemen. Eta jendeak irakurtzen du prentsa, ikusten du telebista... eta gauza asko ateratzen dira, baina aldizkari ofizialen zain egon behar duzu. Herritarren kezka jaisten da, eta gainean egon behar dugu tentsio puntu hori mantentzeko. Aurreneko fasean sartu berritan, jendeak bigarrenarengatik galdetu du. Herritarrak pauso bat aurretik dijoazte. Galdezka ari dira, erabakirik hartu ez denean: oporretara nola joan ahal izango diren, adibidez».

Baina, orokorrean, ondo portatzen da, Pikabearen esanetan. «Neurriak zorroztu bezala, jendea beldurtu zen, eta datuek erakusten zuten pandemiaren bilakaera. Uste dut jendea egon dela momentu batzuetan oso larrituta; bereziki, zaharrak. Hilabetetik gora egin dute etxetik atera gabe. Guk ez ditugu ikusi ere egin, umeak bezala. Beldurra librea da, eta neurri batean denok beldurtu bagara ere, populazio horretan gehiago sentitu dute, eta oraindik ez zaie joan. Beste adin batzuetan, deseskalatzean, errazago jaisten dira eskilarak, baina uste dut oraindik badagoela zati bat kostako zaiona eskilara horiek jaisten, kalera. Berdin, umeekin. Ez da xamurra izan geratzea, eta deseskalatzea zaila egiten da. Gogoratu nahi dut haurrek oraindik ordubeteko tartea dutela. Bada garaia tarte gehiago emateko. Momentu honetan kaltetuenak dira. Besteok nahi adina atera gaitezke!».

140 isun proposamen
Hasieran neurriak «zorrotzagoak eta garbiagoak» zirela dio Pikabeak. «Konfinamendua oso garbia zen, eta beraz, arrazoi jakin batzuk bakarrik zeuden kalean egoteko. Guretzako errazagoa zen desberdintzea zein zegoen lekuz kanpo. Orain, kalera atera eta 40 laguni galdetzen badiet, denek izango dute arrazoiren bat, eta bestela, terraza bila ari direla esan, eta kitto! Konfinamendu osoan apenas ikusten zen jendea kalean; trafikoa, zer esanik ez, lau kotxe eta bost kamioi».

Batzuetan bereizketak egitea zaila izan bada ere, isunak jarri dituzte. «21.000 biztanleko herrian, 140 isun proposamen egin ditugu». Azaltzen du LSC, herritarren babeserako lege gisa ezagutzen diren isun proposamenak direla udaltzainek egindakoak. «Guk egiten ditugu txostenak, zigor proposamenak, baina ez dugu zehazten zenbatekoa. Hutsegite administratiboak dira eta isuna dakarte, baina guk proposamenak egiten ditugu. Gero, Jaurlaritzak tramite administratiboa jarraitzen du».

Dena den, «normalean jendea nahiko txukun» ibili dela dio. «Gauean izan ditugu espediente dezente; asko nabarmentzen da gauean norbait ikustea». Baina, «desmadrea ere ikusten» da bere iritziz. «Zorrotz eta aspektu eta leku guztietan, ez dakit zeinek bete dituen neurriak ehuneko ehun». Eta begitartean hartuak helduak dituela dio. «Hogeita piko eta berroegita hamapiko urte artekoak. Ez dute eredu ona ematen. Zaharrak txukun ibili dira, umeak fenomeno batzuk izan dira, gaztetxoak ere, salbuespenak salbuespen, nahiko txukun aritu dira. Baina helduok, deseskalatzean pentsatu dugu ateak ireki zaizkigula eta dena libre dela, eta zentzua ez zen hori».

Balkoietako poliziak deitutakoak ez zaizkio gustatu, hala ere. «Gaizki ulertutako herritarren lankidetza eredua da. Ez zait gustatzen figura hori. Beraiek arauak oso zorrotz bete dituztelako nahi dute besteek ere betetzea, eta guk kontrolatzea».

Bestelako elkarlanean ere aritu dira, hala ere. Hasieran Sandiusterriko zaharren egoitzara egindako bisitak oso hunkigarriak izan zirela aipatzen du, «oso egoera larrian zeudenean». Gero, konfinamenduan zehar hainbat herritar zoriontzera balkoietara ere gerturatu dira. «Bazuk izan dira oso gogorrak, zoriontzea minbizia duen haur bat, edo aniztasun funtzionala duten pertsonak... Baina haien irrifarrak beste indar bat dauka. Alderdi horretatik, esker pila bat jaso ditugu».

«Ohitu beharko dugu»
Guztia lasaitzen ari dela dirudien honetan, datorrenarekiko kezka ere adierazten du Udaltzainburuak. «Ohitu beharko dugu honetara. Denbora dezentean ez dugu biziko martxoaren 15a baino lehen bizitutakoa. Uste dut ez garela ohartzen benetan honek edukiko duen bilakaeraz. Astetik astera bizi gara orain. Baina 2008an konpondu ez zena hor dago, eta krisialdia sakonagoa izango da. Drama soziala hortik etorriko da. Udako pozarekin ez gara konturatuko, baina udazkenean azaleratuko dira itxialdiaren eraginak. Nonbaitetik aterako da orain arte eutsitakoa».

Udaltzaingoak lanean jarraitu besterik ez du izango. «Ari gara berreskuratzen bigarren mailan geratutako lanak, Udaltzaingoa ez baita bakarrik koronabirusaren ingruan aritzeko. Pandemiaren jarraipena eguneroko lanarekin uztartu beharko dugu. Hemen lan faltarik ez dago!».   

«Distantzia eta garbiketari buruzko neurriak gogoraraztea komeni da»

Azken egunetan jendea «erlaxatuago» dabilela sumatu dute Udaltzaingoak eta Udalak. Diote, nahiago luketela isunik ez jarzea.

ASTIGARRAGA  UDALTZAINGOA

Herritarren jarreretan «denetik» izan dela dio Astigarragako Udaltzaingoak.


Koronabirusari aurre egiteko alarma-egoera ezarri zenetik, lanak gehitu egin zaizkiela azaltzen dute Astigarragako Udaltzaingoak eta Udalak. «Lehen egiten genituenekin berdin jarraitzen dugu: trafikoa zaindu, obrak kontrolatu... nahiz eta orain mugimendu gutxiago dagoen kaleetan. Baina, alarma egoera ezarri duen dekretoak zehaztutako baldintzak betetzen direla kontrolatzeko lana berria dugu, batez ere, jendeari adierazten zer egin daitekeen eta zer ez».

Orokorrean herritarrak ondo portatu badira ere, lana «zailagoa» dela aitotzen dute.

Etengabeko aldaketetan, zailtasuna
Denei bezala, Astigarragako Udaltzaingoari ere neurrien etengabeko aldaketen berri jakiteak zaildu dio lana. «Zailagoa bihurtu da, neurri asko jarri dira eta horiek guztiak zaindu behar izan ditugu. Gainera, egun batetik bestera aldatu dira arauak eta horrek are gehiago zaildu du lana. Egoera oso berezia izan da denontzat; herritarrentzat, Udaltzaingoarentzat, inoiz ezagutu gabekoa».

Dena den, txandekin ondo moldatu dira, bajarik izan ez dutelako. Segurtasun protokoloekin ere bai: «argi daukagu, distantzia mantentzea eta garbiketa direla neurri eraginkorrenak».

Neurrien etengabeko aldaketetara egokitzeko, berriz, «aldaketak izan direnean Ertzaintzak Udaltzaingo guztiari jakinarazten dizkigu. Irizpide horiek irakurriz gero, garbi geratzen da zer egin daitekeen eta zer ez. Irizpide horiek publikoak dira eta edonork irakurri ditzake Ertzaintzaren webgunean. Guri galdera egiten digunari emailez bidaltzen dzkiogu».

Isunik gabe, hobe
Herritarren jarrerari dagokionez, «denetik» dagoela diote, eta gehiengoak neurriak bete dituela, baina «azken egunotan jendea erlaxatuago ikusten» dela, batez ere, distantziak errespetatzeari dagokionez. Horregatik, «distantzia eta garbiketari buruzko neurriak gogoraraztea komenigarria iruditzen» zaie.
Izan ere, kasu batzuetan isunak ere jarri behar izan dituzte. «Bat bera ere ez jatzea gustatuko litzaiguke, horrek adieraziko lukeelako neurri guztiak bete direla».

«Taberna eta soziedadea itxita daude oraindik»

Herritarren artean halako beldur edo errespetua nabaritu ditu Jabier Ansa aguazilak. Ondoen, umeak portatu direla dio.

ARANO  JABIER ANSA

Jabier Ansa da Aranoko aguazila.
 

Alarma-egoera modu arinagoan bizi dute Aranon, Jabier Ansa aguazilaren arabera. «Hemen mendian gaude. Gehien nabaritu dena izan da, kontenedoreak eta udaletxeko ateak eta horrelakoak desinfektatu beharra. Hemen jende gutxi gara». Motozerra eta horrelako makinekin ez ibiltzeko agindu zioten hasieran, «zerbait pasaz gero, ospitaleak beteta zeudela-eta. Beraz, lasaiago ibili naiz, ura kontrolatu, baserrietako edadetuak bisitatu zerbait behar ote zuten jakiteko...»

Herritarren artean, hain zuzen, «beldurra edo errespetua hasieratik» nabairtu dira bere ustez, baina ederki bete dituzte neurriak. «Umeek egokien». 
Irizpide aldaketek ere ez diote buruhauste nabarmenik sortu. «Gaurko egunean denek dute telebista edo internet, eta ni baino lehenago enteratzen dira! Orain paseatzera atera daiteke, eta hemen, etxetik atera eta mendian zaude. Hernanira joaten naiz ni erosketetara, eta maskarilla eta eskularruak jarrita, nahiko. Bestela, distantzia mantentzea hemen erraza da».

Jendea ondo portatu dela-eta, «taberna eta soziedadea itxita daude oraindik, eta ea pixkanaka irekitzen diren», dio. Ehiza ere, «ez da sumatu». Abuztuan hasi beharko luke denboraldiak; «ea zerbait arreglatzen duten», dio.  

«Hemen positiboa izan dugu, ez dela izandu koronabirus kasurik»

Desinfekzio lanak egin eta prebentzio neurriak hartu beharra da Fernando Goia 'Pollo' aguazilak gehien nabaritu dituen aldaketak.

GOIZUETA  FERNANDO GOIA

Aguazil eta suhiltzaile aritzen da Goia.
 

Normalean Angel Salaberriarekin txandaka egiten ditu aguazil lanak Fernando Goia, 'Pollo'k, baina lehenagoko lesio bat medio hura bajan dagoenez, bakarrik harrapatu du alarma egoerak. Hala ere, ez du eguneroko lanean aparte eginbehar askorik izan.

Jendearekin, tratu gutxi
Alarma egoera ezarri berritan nabaritu zituen aldaketak, bereziki, funtsezko lanak bakarrik baimendu baitziren. «Hor aldatu ziren gauzak. Orain, berriro, normal ari naiz. Kontenedoreen desinfekzioa, Land Roverrarena, eskuak noiznahi garbitzea, jendearekin egon behar izanez gero maskarilla janztea. Horrelakoak egiten ditut, baina bestela, berdintsu ari naiz, eta horietara nahiko ongi moldatu naiz».

Udaleko langileak ere etxetik ari direla dio, telelanean, eta beraz, jakinarazpenak etxeetara eraman behar izaten dituenean, sinatu behar direnez, neurriak zorrozten dituela. «Baina ahal den neurrian saihestu dira. Bestela, jendearekin ez dugu tratu zuzen-zuzenik».

Polizia lanik ez, «zorionez»
Herritarrek neurriak betetzen dituzten, ordea, ez du bere lana. «Guk ez dugu polizia lana egin beharrik, ez dugu obligaziorik, zorionez, hemen denok ezagutzen dugu-eta, elkar!». Horretan, astero txandaka, Guardia Zibila eta Foruzaingoa dabiltza. Baina «ez da isunik edo deus ailegatu».

Egoerak ere lagundu duela uste du. «Hemen positiboa izan dugu, ez dela izandu koronabirus kasurik. Zorionez, lasai ibili gara. Ez da gauza bera 700 biztanleko herri bat, edo Hernani bezala, 20.000koa».   

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!