Fabrika eta enpresak martxan, komertzioak berriro zabalik, tabernak pixkanaka terrazak irekitzen... Bere onera bueltatu nahian ari da jarduera ekonomikoa orain. Baina Koronabirusaren eragina ez da berehalakoan gaindituko, lan munduan. Eta hala erakusten dute, apirileko langabezia eta kontratu berrien datuek: martxoan izandako datu txarrek, nabarmen egin zuten okerrera apirilean, aurreikusita zegoen bezala.
Maiatzaren aurreneko egunetan eman zituzten aditzera Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako datuak. EAEn, 10.430 langabe gehiago izan ziren apirilean, martxoan baino, eta %13ko hazkundea suposatu zuen horrek. «Pandemiak oso modu bortitzean eragin dio euskal ekonomiari. Ezin dugu neurtu noraino iritsiko den, baina datuek erakusten dute, egoera larria dela dagoeneko», nabarmendu zuen Borja Belandiak, Lanbideko zuzendariak.
Nafarroan, berriz, 3.077 langabe gehiago izan ziren apirilean, martxoan baino %8,23 gehiago. Carmen Maeztu kontseilariak onartu zuen, datuek baieztatzen dutela COVID-19ak «denbora gutxian eragin duen lanpostu suntsiketa izugarria; oso zaila da azkeneko urteotan eta historian zehar antzekorik topatzea». Baina era berean, nabarmendu zuen Nafarroa dela «lanpostu gutxien suntsitu den erkidegoa», eta bertako ekonomiaren indarguneetan konfiantza dutela.
1.337 langabe Urumea bailaran, eta soilik 466 kontratu berri
Herriz herrikako datuak, berriz, beranduago eman dituzte enplegu zerbitzuek. Eta Urumea bailaran ez dago salbuespenik, lurraldeetako datuak bezain kezkagarriak dira bertakoak ere. Guztira, 1.337 langabe izan ziren apirilean, martxoan baino 135 gehiago (1.202 ziren orduan). %11,23ko igoera suposatzen du horrek, eta aspaldiko kopururik altuena. Otsailetik, 247 langabe gehiago dira bailara osoan (%22,66 gehiago).
Kontratu berrietan nabaritu zen kolperik haundiena martxoan, eta egoera ez da hobea izan apirilean. 466 kontratu berri besterik ez zituzten jaso bailarako herritarrek, martxoko 728etatik oso urrun, eta otsaileko 1.130etatik beherakada etengabea izanda. Bi hilabetetan, beraz, %58,76 gutxitu da kontratu berrien kopurua, Urumea bailarako herritarrentzat.
Langabeziak gora, Aranon eta Goizuetan ere
Kopuru txikiagoak izanagatik ere, ez dira arinagoak, Aranon eta Goizuetan, Koronabirusaren eraginak. Bietan egin du gora langabeziak, apirilean. Aranok hirugarren langabea pilatu du, azkeneko urte erdian izan ez duena. Eta gainera, kontratu berririk ez zuten jaso aranoarrek, hilabete osoan: otsailean bederatzi eta martxoan lau izatetik, hutsera.
Kontratu berrietan aurkituko dute goizuetarrek, argi izpi bakarra. Izan ere, otsaileko 27 kontratuetatik martxoan zortzi izateraino, beherakada izugarria jaso ondoren, apirilean koxka bat egin zuten gora berriro, eta 10 izan ziren. Pozteko arrazoi gutxi izango dute, ordea, eta kezkatzeko asko: 20 langabe izan ziren apirilean, martxoan baino lau gehiago, eta urtebetean izan duen kopururik haundiena.
27 astigartar gehiago lanik gabe, eta kontratuak erdira
Nabarmenagoa izan da krisiaren eragina, Astigarragako datuei erreparatuta. Apirilean 288 langabe izan ziren, martxoan baino 27 gehiago (261 ziren orduan). Eta otsailetik, dagoeneko 46 langabe gehiago dira, Astigarragak dauzkanak. Hori bereziki nabaritu da zerbitzuen sektorean, martxotik apirilera gehitutako 27 langabeetatik, 21 izan baitira zerbitzuetakoak.
Astigartarren kasuan ere, kontratu berriena ez da salbuespena izan, apirilean. 101 kontratu berri jaso zituzten herritarrek, martxokoen erdia baino gutxiago (222 izan ziren). Eta otsaileko datuen aldean, are kezkagarriagoa da, 376 kontratu berri jaso baitzituzten orduan: %73,14 egin dute behera, bi hilabeteko epean.
1.000 langabetik gora aspaldiko partez, Hernanin
Eta Astigarragan bezala, oso kezkagarriak dira apirileko datuak, Hernanin ere. Oso aspaldiko partez, 1.000 langaberen langa gainditu du Hernanik: 1.026 izan ziren apirilean, martxoan baino 103 gehiago (923 ziren), eta otsailean baino 194 gehiago. %23,32 egin du gora langabeziak, bi hilabetetan.
Astigarragan bezalaxe, zerbitzuen sektoreko langileek jaso dute kolpe haundiena, 81 lanpostu galdu baitituzte hilabetean, eta 163 otsailetik: 550 langabe izatetik, 713 izatera. Eraikuntzan bederatzi langabe gehiago izan dira martxotik, eta industrian, zortzi gehiago.
Kontratu berriei dagokienez ere, martxoak erakutsitako larrialdia areagotu egin zen apirilean. 355 kontratu berri besterik ez zituzten jaso hernaniarrek, martxoan baino 139 gutxiago (494 izan ziren), eta otsaileko 718etatik urrutiegi.
Adin tarte guztietan, antzeko eragina
Bailara osoari erreparatuz, eta adin tarteak aztertuta, antzeko eragina izan du krisiak denetan. Horrela, 25 urtetik beherako langabeak 104 izatetik 127 izatera pasa dira. 25 eta 44 urte bitartekoak, berriz, 503 izatetik 574 izatera igo dira. Eta 45 urtetik gorakoetan, beste horrenbeste: 595 langabe ziren martxoan, eta 636 apirilean.
Sexuari dagokionez ere, ez da alde haundirik nabari. Emakumezkoetan, 671 langabe ziren martxoan, eta 724ra igo zen apirilean. Eta gizonezkoetan, martxoan 531 izatetik, 613 izatera pasa zen apirilean.