Gipuzkoako Foru Aldundiak 15,5 milioi euro bideratuko ditu guztira, COVID-19ak eragindako krisiaren aurrean lehen sektoreak dituen erronkei erantzuteko. Jarduera ardatz nagusiak hauek izango dira: jarduera ekonomikoari eta enpleguari eustea, kalterik gehien jasan duten azpisektoreei laguntzea, eta lurraldeen arteko oreka. Imanol Lasa Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak, eta Xabier Arruti Nekazaritzako eta Lurralde Orekako zuzendariak, «Gipuzkoaren etorkizunerako funtsezkoa» den jarduera honen oinarriak blindatzea helburu duen plan baten nondik norakoen berri eman zuten.
Planaren bidez, Aldundiak departamentuko «partida ekonomikoak eta programak berregokitu» ditu, «aurrekontu orokorra ukitu gabe», pandemiak eragindako beharrei erantzuteko eta horiek berreskuratzeko oinarriak «COVID-19aren osteko agertokian jartzeko». Asmo horretan, Foru Aldundiak, besteak beste, «inbertsioen eta hitzarmenen kapitulua gutxitzearen eta, alderantziz, sektorearen lehiakortasunerako eta modernizaziorako funtsezkotzat jotzen diren laguntzen multzoari eustearen aldeko apustua» egin du, guztira 10 milioi euroko zenbatekoa bideratuta horretarako: «gure lehentasuna ekoizpen jardueraren biziraupena eta errentagarritasuna bermatzea da, baserritarrei zuzenean lagunduz».
Nekazaritza lantzen duten horientzat, laguntza plana
Horien artean, nekazaritza lantzen dutenentzako laguntza planak daude (nekazaritza, abeltzaintza eta basogintza), eta besteak beste, honako alderdi hauek hartzen ditu kontuan: enpresa kudeaketa hobetzea edo ekoizpen gaitasuna haunditzeko inbertsioak egitea; Mendialdeetarako Konpentsazio Ordainak; gazteak baserrian gelditzeko plana (Gazte Plana), zeinak belaunaldi erreleboa bultzatzen baitu ustiategiak martxan jartzea edo eskualdatzea babestuz; nekazaritza ingurumeneko neurriak; edo nekazaritza ekologikoari laguntzeko programa, ingurumenean eragin mesedegarria eta esanguratsua izatea ahalbidetzen duten ekoizleei zuzendua.
Baserritarrentzako ordezkapen zerbitzua ere, bere hartan utzi du, birusak sor ditzakeen gaixotasun bajei edo konfinamendu egoerei aurre egiteko. Oporrak eta bajak estaltzeko zerbitzua da, eta Aldundiak horretarako laguntzak ematen dizkie baserritarrei.
Era berean, planak hainbat neurri berri aurreikusten ditu, 5,5 milioi euroko zenbatekoarekin, eta funtsezko bi jarduera eremu dauzka: sektoreari eta COVID-19ak kaltetutako azpisektoreei laguntzea, jarduerari eusteko funtsezko jarduerak sustatuz (4,5 milioi euro); eta udalerri txikietako biztanleen eta udalen funtsezko premiei erantzutea (milioi bat euro).