Maskarillak derrigorrezkoak izango dira gaurtik aurrera, distantzia mantendu ezin denean

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 21a, 00:00

Maskarillak derrigorrezkoak izango dira gaurtik aurrera, zenbait eremutan.

Alarma egoerak irauten duen bitartean egongo da indarrean, eta aire librean eta erabilera publikoa duten espazio itxietan izango da derrigorrezkoa, bi metroko segurtasun distantzia ziurtatu ezin denean.

Maskarillaren erabilera derrigorrezkoa izango da, gaurtik au­rrera, aire librean eta erabi­lera publikoa duten espazio itxietan, bi metroko segurtasun distantzia ziurtatu ezin denean. Aste­arte iluntzean, Espainiako Gobernuak argitaratu zuen leku pu­blikoetan maskarillen erabi­le­ra arautuko duen agindua. Gaur jarriko da indarrean, eta 6 urtetik gorako pertsonei eragingo die (sei urtekoak barne): erabilera publikoa duten espazio itxi guztietan eta aire zabalean izango da derrigorrezkoa maskara jartzea, bi metroko segurtasun tartea gorde ezin den tokietan.


Salbuespenak badaude, maskarilla ez erabiltzeko

Arnasa hartzeko arazoak dituztenak salbuetsita daude, baita beren osasun egoeragatik edo mendekotasunen bat dutelako maskaren erabilerak kalte egin diezaiekeen pertsonak ere. 3 eta 5 urte bitarteko haurrentzat, beharrezkoa ez, gomendagarria izango da, arau horren arabera.

Maskara higienikoak edo terapeutikoak izan beharko dute «ahal izanez gero», eta ahoa eta sudurra estali beharko dute. Espainiako Gobernuaren aginduak dio, maskara janztea ez dela derrigorrezkoa izango zenbait ekintza burutzeko, «euren izaeragatik»; esate baterako, jateko eta edateko kendu daiteke.

Azkenengo hamar egunetan erabaki hau hartu zitekeela ikusi zen, Gobernuko ordezkari desberdinek agerraldietan esan zutenaren arabera. Orain arte, garraio publikoan zen soilik derrigorrezkoa. Astearte gauean argitaratu zen aginduan Espai­nia­ko Gobernuak argudiatu zuen Osasunaren Mundu Erakundeak eskatu duela murriztu egin behar dela Koronabirusa kutsatzeko arriskua ahalik eta gehien, leku itxietan eta jendea pilatzen den tokietan.

Gobernuak gaineratu zuen, frogatuta dagoela maskarek gaitzaren hedapena saihesteko gaitasuna dutela. Arauak zehazten du, maskara jarrita izanagatik, COVID-19aren hedatzea era­gozten duten gainontzeko osa­sun neurriak baliatzen jarraitu behar dela: segurtasun distantzia mantentzea eta eskuak garbitzea, besteak beste.

Alarma egoerak iraun bitar­tean erabili beharko dira mas­karillak. Atzo, hain zuzen, alar­­ma egoera beste bi astez luzatzea erabaki zuen Espainiako Gobernuak, Kongresuaren babes haundiarekin. Hilabete bateko luzapena planteatu zuen Gobernuak, baina azkenean hamabost egunekoa adostu da.

Ertzaintzak ere atzo berritu zituen, aurreneko fasean eta une honetan dauden irizpideak, eta beheko loturan ikusi daitezke.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!