Ez da fase aldaketarik izango aste honetan, Gipuzkoan eta Nafarroan, osasun alarma egoeraren deseskalatzean. Baina zenbait aldaketa bai, izango dira. Horiek, Urumea bailararen barnean, egoera batzuk parekatzea ekarriko dute, eta beste kasu batzuetan, ezberdintasun berriak sortuko dituzte.
Batetik, gaurtik aurrera, gipuzkoarrek ere izango dute aukera, probintzia osoan barrena mugitzeko, kirola egiteko zein paseatzeko. Bigarren bizilekura joateko aukera ere izango da (betiere probintzia berean bada), egun batzuk pasatzera zein bertan bizitzen geratzera. Gainera, orain aukera izango da kalean 10 laguneko taldeetan elkartzeko, bi metroko tarteak gordez.
Nafarroan dagoeneko baimenduta zegoen mugikortasun hori, baina mugatua zegoen EAEn, eta muga horiek kendu ditu Eusko Jaurlaritzak orain.
Mantenduko direnak, lurralde guztietan, ordutegien mugak dira. Baina bada nobedade bat: Espainiako Gobernuak adierazi du, 10.000 biztanletik beherako herrietan, ordutegiak ezabatuko direla. Aste honetan zehar izango da hori, Estatuko Boletin Ofizialean argitaratzen den momentuan. Horrek zuzenean eragingo dio Astigarragari, eta Arano eta Goizuetari batuko zaie, ordu mugarik gabeko herrien zerrendan.
Elkarteetan biltzeko baimenik ez, Nafarroan
Nafarroako Gobernuak, bestalde, bertan behera utzi du elkarte gastronomikoetan zein bajeratan elkartzeko baimena. Salbuespen bakarra dira, 500 biztanle baino gutxiago eta tabernarik ez duten herrietakoak.