Gaur berreskuratuko ditu igandetako mezak Goizuetako elizak, eguerdiko 12:30etan; eta baita Urumea Harana Pastoral Barrutiak ere, bere eliza guztietan. Hernaniko Agustinetakoa izango da salbuespen bakarra: bertan 09:00etan egiten den meza, San Joan Bataiatzailea parrokiara aldatuko dute.
Hori horrela, Hernanin hiru meza izango dira: bi San Joan Bataiatzailean, goizeko 09:00etan eta eguerdiko 12:00etan; eta beste bat Floridako San Jose Langilean, goizeko 11:00etan.
Ereñotzun, berriz, 10:00etan egingo dute meza San Antonio elizan, ohi bezala.
Eta Astigarragako Andre Maria elizan, 10:30etan izango da.
Zenbait ohar eman dituzte, hala ere. Batetik, osasun arazoak dituztenei, edota urte asko dauzkatenei, gomendatu diete etxetik parte hartzea mezetan, irratian zein ETBn emandako eukaristietan. Elizara joatekoak direnei, berriz, eskatu diete eskuak ondo garbituta joatea, eta maskarillarekin bada, hobeto.
Gainera, gogora ekarri dute elizako tokien heren bat bete daitekeela bakarrik, oraingoz.
Astean zehar, hiletak bakarrik
Ohiko mezarik ez da izango astean zehar. Egingo diren bakarrak, hiletak ospatzeko mezak izango dira, Astigarragan, Hernanin, Ereñotzun eta Goizuetan. Hernaniren kasuan, San Joan Bataiatzailean egingo dituzte denak.
Jakinarazi dute, gainera, ospatu gabeko hileta mezak, ekaineko eta uztaileko larunbatetan ematea proposatuko dietela beren senitartekoei.
Aranon, oraindik ez
Aranoko elizan, ordea, oraingoz ez da elizkizunik izango, ez astegunetan eta ez igandeetan.