Indarkeria matxista

«Ez dakigu oraintxe bertan zer ari den gertatzen; hori da kezkatzen gaituena»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 16a, 00:00

Maialen Apezetxea, Leire Goiburu, Amaia Paz eta Maite Perurena teknikariak.

Konfinamendu egoera ezarri zenean uste zenaren kontra, «itxialdi egoerak indarkeria matxistagatik salaketa gutxiago jartzea ekarri du», baina «horrek ez du esan nahi indarkeria kasuak ez daudenik, baizik eta zailtasunak daudela salaketak jartzeko».

Urumea bailarako berdintasun teknikariek bat egiten dute: «egoera hau amaitzean arreta berezia jarri beharko dugu, egoera honetan kontenituta egon direnen jarraipena eginez eta erreparaziorako baldintza eta zerbitzu egokiak eskainiz». 

Izan ere, «indarkeria matxista testuinguruaren arabera moldatu» egiten da, eta, beraz, «orain emakumeak ikaragarrizko kontentzio lanak» egiten ari dira, eta horrek halako batean «plof» egitea espero da. «Honek aldaketa bat ekarriko du, seguru». Hala azaldu dute Maialen Apezetxea Lujanbio, Leire Goiburu Perez eta Amaia Paz Vallejo, hurrenez hurren, Hernani, Astigarraga eta Goizueta eta Aranoko berdintasun teknikariek, eta Maite Perurena Loiarte, Goizueta eta Aranoko gizarteratze hezitzaileak.

Bitartean, «komunitate izaera indartzeak» duen garrantzia azpimarratzen dute. «Estrategia komunitarioak sostengu eta laguntza garrantzitsua dira indarkeriaren biktima diren emakumeentzat, eta egoera honetan, are gehiago». 

Kasuak antzematea, arazo
«Itxialdian erasotzaileen kontrol sentsazioak gora egiten du». Horregatik, konfinamendu egoeran indarkeria matxista kasuek gora egiteko arriskua bazegoela ikusi zuten berdintasun teknikariek. «Aurreikusten dugu emakume asko etxean geratu direla beren erasotzailearekin. Orduan, uste genuen kasuek gora egin zezaketela. Baina, emakumeek laguntza eskatzeko ere arazo gehiago dituzte. Lehen bide ezberdinak bazeuden: Osakidetzatik, Gizarte Zerbitzuetatik… Baina orain ezin da atera etxetik. Hor muga ikusten genuen. Telefono deiak ere, segun eta zein den zure egoera, ezin dituzu egin. Izan ere, azken batean, indarkeria da kontrola ezartzeko modu bat. Ez dakigu oraintxe bertan zer ari den gertatzen, hori da kezkatzen gaituena. Ikusten genuen kasuak antzemateko arazoak zeudela».

«Indarkeria da kontrola ezartzeko modu bat»

Hori horrela, indarkeria matxista kasuak bizi dituztenentzako arreta zerbitzuak egokitu eta zabaldu behar izan dituzte, baina protokoloak ez dira aldatu. Urumea bailarako udaletxeetan martxan jarraitzen dute berdintasun sailetako eta Gizarte Zerbitzuetako telefonoek. Emakundek ere, whatsapp bidezko arreta zerbitzua dauka martxan, telefonoz hitz egin ezin dutenentzako. Eta larrialdi zerbitzuek berdin-berdin egiten dute lan, 112 eta 092 telefonoetan.
Era berean, «kontutan hartuta duela gutxi arte etxetik kanpo ateratzeko aukera bakarrenetakoa erosketak egiteko momentua zela, eta, ondorioz, erasotzailearengandik aldenduta egoteko momentu bakarra», laguntza eskatu edota emateko baliabide eta zerbitzuen berri emateko herrietako dendak erabili dituzte. «Dendetan kartelak jarri ditugu. Harrera ona izan da». Aldi berean, konfinamendu egoera ezartzearekin batera jarri zen martxan farmazietan ‘Maskarilla19’ kanpaina. «Farmaziatan laguntza eskatzeko modua da, badelako baliabide bat nahiko erraza, farmaziara joan zaitezkeelako.

Hor egon zitekeen irtenbide bat». Dena den, azpimarratzen dute, «larrialdi egoera batean bazaude, atera zaitezke kalera. Badirudi ezin duzula atera, eta laguntza eskatzeko bai, atera zaitezke».

Etxean geratzeko mezuari, kritika
Hain zuzen, «zabaldu den mezu horrekin, etxean geratu, kritiko xamarrak bagara», diote, «etxeak ez baitira seguruak emakume guztientzat». Eta aldi berean, «laguntza eskatzeko zailtasuna areagotu» dezake.

«Zabaldu den mezu horrekin, etxean geratu, kritiko xamarrak bagara»

«Normalean erasotzaileak inguruko pertsonak izaten dira. Badago mitoa, esaten duena erasotzaileak kanpokoak, ezagutzen ez zaituztenak direla, baina, normalean, izaten dira bikoteak, bikote ohiak edo ingurukoak. Bat-batean esan digute denoi etxean geratu behar dugula. Emakume asko etxean geratu dira beren erasotzailearekin, kartzela batean bezala, harrapatuta». Modu honetan, «ikusezin gelditzen da mugimendu feministatik eta berdintasun politiketatik behin eta berriro mahai gaineratu dena; etxebizitzak direla maiz emakumeentzako arrisku lekuak. Desagerrarazten du eraso sexista gehienak etxe eta familiaren baitan gertatzen direla. Baita indarkeriak maiz familiaren konplizitatea duela ere, eta etxe barruko kontu gisa hartzen da».

Salaketak behera, kontsultak gora
Etxean geratu behar horrek eraginda, seguru asko, «salaketak jaitsi egin dira, baina horrek ez du esan nahi indarkeria egoerak murriztu direnik». Hain zuzen, toki guztietako datuak oraindik bildu ez badira ere, egoeraren beste irakurketa bat ahalbidetzen duten datuak badira.

«Berdintasunerako Ministeritzak argitaratutako datuen arabera, itxialdiko lehenengo hamabostaldian telefono bidezko kontsultek %12,43 egin zuten gora. Online kontsultek, berriz, %269,57, batez ere, whatsapp bidez, informaziorako oinarrizko tresna bihurtzen ari dena, bereziki, kontentziorako». 

Bestalde, «Emakunderen apirilaren 16ko datuen arabera, salaketa kopurua erdira jaitsi da. Dei kopurua, berriz, antzekoa izan da, baina kontsulten artean berehalako beharra dutenak areagotu dira, bisita erregimenak eta kustodiekin lotutakoak. Egunero zazpi bat dei jasotzen dituzte. Gipuzkoan ere emakumeek laguntza eskatzen jarraitzen dute, eta indarkeria sexista kasu berriak ezagutu dira, arreta telelanera moldatu behar izan bada ere».

Nafarroari dagokionez, «oraingoz konfinamendu osoko daturik ez» dago. «Nafarroa mailan iazko datuekin alderatuz salaketa gutxiago jasotzen ari da». Baina, esan bezala, «horrek ez du esan nahi indarkeria kasuek behera egin dutenik». Hain zuzen, «salaketez gain badago beste mundu bat», diote.

Gertuagoko datuak biltzen ari dira. «Astigarragan ere kasu berriak ezagutu dira, eta telematikoki jarraipen pertsonala eskaini zaie, ohiko baliabideetara bideratzeaz gain».

Emakumeak, kontentzio ariketan
Salaketez gain dagoen beste mundu horretaz hitz egitean, kontentzioa aipatzen dute. «Indarkeria egoeretan emakumeak dira erasotzailearen indarkeria eusten dutenak eta baita indarkeriaren aurreko haien erreakzioa ere. Bestalde, itxialdiak bizikidetza kudeatzeko emakumeen kontentzio gaitasuna modu ez osasuntsuan areagotzea ekarri du. Haien buruekiko kontentzioa eta haiekin bizi direnekikoa. Baina, garrantzitsua da ulertzea kontenitzeak ez duela esan nahi ez ezer egitea. Arretarako zerbitzuek, maiz, kontentzio hori laguntzea da egiten dutena».

«Ikusezin gelditzen da mugimendu feministatik eta berdintasun politiketatik behin eta berriro mahai gaineratu dena; etxebizitzak direla maiz emakumeentzako arrisku lekuak»

«Testuingurua aldatu den honetan, iruditzen zaigu indarkeria bera aldatuko dela. Emakumeak egiten ari dira ikaragarrizko kontentzio lanak; ez indarkeriarekin bakarrik, baizik eta, oro har, bizikidetzan, umeekin... Denak gaude etxe berean sartuta. Ikaragarrizko kontentzio lana egiten ari dira, ikaragarrizko saiakera, ez haserretzeko, baina momenturen batean plof egingo du honek, eta azalduko dira ezinegonak edo depresioak... Ez dakigu ondo zer, baina generoarekin lotutako sintoma batzuk, indarkeria gisa identifikatzen ez ditugunak, baina badirenak. Garai batean indarkeria zen indarkeria fisikoa, eta gero ikusi zen indarkeria psikologiko potentea ere bazegoela. Ez dakigu oso ondo zer etorriko den, baina iruditzen zaigu buelta dezentea etorriko dela».

Komunitatea, zaintzatik
Etorriko denaren zain egon baino lehen, ordea, badago zeregina. «Denon arteko sostengua eta komunikazioa ezinbestekoak» direla azpimarratzen dute. Zentzu horretan, herritarrak erantzuten ari dira. «Herritarrek badakite konfinamenduan indarkeria egoerak larriagotu daitezkeela eta laguntza eskatzea zailagoa dela. Horrek arreta gehiago jartzea dakarrela uste dugu, eta baita indarkeria egoerekiko ardura gehiago sentitzea ere». Hala behar duela nabarmentzen dute, gainera. «Ez dugu ahaztu behar indarkeria sexista egiturazkoa eta soziala den arazoa dela. Guztion ardura da egoera hauei erantzuna ematea». 

Baina moduetan arreta jarri behar da. «Pentsatu behar dugu kezka adierazten duenak lagundu nahi duela, nahiz eta, batzuetan, moduarekin asmatu ez». Gakoa, laguntza behar duena entzutean dago. «Guztion ardura da emakumeei laguntza eskaini eta ahal den neurrian beraien iritzi eta nahia errespetatzea». 

«Azalduko dira generoarekin lotutako sintoma batzuk, indarkeria gisa identifikatzen ez ditugunak, baina badirenak»

Zentzu horretan, komunitatearen garrantzia azpimarratzen dute, bereziki konfinamendu egoera honetan, denok etxean gaudenean, sortu diren kontrol moten artean desberdintasunak nabarmenduz. «Ukaezina da kontrol sozialak gora egin duela, baina ez dago argi horrek indarkeria kasuetan kontentzio gisa joka dezakeenik. Aktibo ditugun edota aktibatu ditzakegun herritarren sareak aztertu behar dira, jakiteko ea emakumeei sostengua emango dietenak diren, edota erasotzaileenganako kontrol soziala egiten dutenak. Kontrol sozialak jokaera erasokorrak kontrolatzeko funtzioa egin dezake, eta muturreko erasoak saihestu. Baina horrek ez du esan nahi biktima diren emakumeei sostengua ematen ari zaienik». 

Horretarako behar dira, hain zuzen, komunitateak. «Emakumeentzat eta neskentzat seguruak diren komunitateak dira indarkeria egiturazko arazo gisa ulertzen dutenak, eta ez, zerbait pertsonala bezala». Eta emakumearengan jarri behar dute arreta. «Indarkeria egoerak oso konplexuak dira, eta kontuz ibili behar da egiten dugunarekin. Oro har, laguntzeko joera dago, erasoa jasotzen duena, biktima, babesteko. Baina ea nola babesten dugun. Agian gero ondorioak okerragoak izan daitezke, segun eta zer egiten dugun. Erasoa jasaten ari denari galdetzea izango litzateke egokiena: ea laguntza behar duen, ondo ote dagoen... Berarekin harremana mantendu, jarraipen egin, galdetu zer moduz dagoen, entzun. Momentu honetan estrategiak bilatu behar dira horri aure egiteko, baina, beti, erasotua den horren baimenarekin». 

Lagundu nahi duenak zalantzak ere izan ditzake, noski. «Beste gauza bat da builak entzun eta larrialdi kasu bat bizi denean. Orduan, zuzenean larrialdietara deitu egiten duzu. Baina bestela, komunitate izaera hori indartu behar da ardurarekin jokatu eta pertsona hori zaintzeko, eta ez denaren gainetik pasatzeko. Positiboa da komunitatea hor egotea, baina gehiago zaintza ikuspegitik, eta ez hainbeste, polizia ikuspegitik. Oreka bilatzeak garrantzia du».  

INDARKERIA MATXISTARI AURRE EGITEKO BALIABIDEAK

ASTIGARRAGA

GIZARTE ZERBITZUAK
943 33 52 32. Zalantzak argitu eta ahokularitza eskatzeko.

BERDINTASUN SAILA
943 50 57 01 edo 638 206 586 (whatsappez ere bai). Zalantzak argitu eta ahokularitza eskatzeko.

GERTU ZERBITZUA
688 804 672 (07:00-21:00). Informazioa eta aholkularitza zerbitzua emateaz gain, sostengu emozionala eta behar den horretan laguntzeko erraztasunak ematekok telefonoa, psikologo eta gizarte langileek erantzuten dutena.

UDALTZAINGOA
943 33 50 50 / 943 33 52 30 / 699 487 587

ARANO, GOIZUETA, LEITZA, ARESO

GIZARTE ZERBITZUAK
948 51 08 40 (08:00-14:00). 
Harrera  eta orientazioa eskaintzen da, beharrezko zerbitzuetarako eta zerbitzu espezifikoetara sarbidea erraztuz.

GENERO INDARKERIAREN BIKTIMEI ARRETA INTEGRALA EMATEKO LANTALDEA
948 00 49 52 / 948 00 49 53 / eaiv.norte@pauma.es
Informazioa, aholkularitza eta esku-hartze psikosoziala eskaintzen ditu. Arreta eta aholkularitza juridikoa ere bai.  

HERNANI

ZERBITZU SOZIALAK
943 55 78 54 (08:00-14:30)
zerbitzusozialak@hernani.eus
Aurrez aurreko arreta ematen dute, orain, telematikoki egiten bada ere. Hitzordua eskatu.

BERDINTASUN ARLOA
943 33 70 17 (08:00-14:30)
berdintasuna@hernani.eus

UDALTZAINGOA
943 24 89 00

ERTZAINTZA
943 53 88 40

LARRIALDI EGOERETARAKO

112 edo 092

GENERO INDARKERIAREN BIKTIMEI LAGUNTZEKO TELEFONO BIDEZKO ZERBITZU ESPEZIALIZATUA

900 840 111 (24 orduz martxan).
Berehalako zerbitzuak, doakoak, konfidentzialak eta anonimoak dira. Ez du arrastorik uzten telefono fakturan. 51 hizkuntzetan erantzuten da. Entzumen edota mintzamen urritasunen bat dutenei Telesor app bidez erantzuten zaie.

ESTATU MAILAKO ZERBITZUA

016
016-online@mscbs.es
Informazioa eta aholkularitza juridikoa, estatu mailakoa (24 orduko arreta)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!