HEZKUNTZA

Hernani Institutuko eta Lanbide Heziketako ikasleak ez dira etzi klaseetara bueltatuko

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 16a, 00:00

Hernaniko Institutua atzo ateak itxita.

Aste nahasia izan dute bi ikastetxeetako zuzendaritzakoek, azken egunetan mezu aldakorrak jaso ondoren. «Oraindik ez dakigu klaseak noiz, ezta sikiera hasiko diren edo ez».

Hernaniko Institutuak eta Hernani Lanbide Heziketak ez dituzte ateak irekiko, etzi astelehenean. Eta maiatzaren 25ean zer gertatuko den oraindik ere argitzeko dago.

Cristina Uriartek, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, atzo azaldu zuenez, maiatzaren 25era arte atzeratu dute DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako laugarren mailako ikasleen itzulera, «berme eta ziurtasun juridikorik ez» diolako eman Espainiako Gobernuak.

Hezkuntza sailburuak gogorazi nahi izan zuen Espainiako Gobernuarekin adostu zutela maiatzaren 18tik aurrera euskal ikasleen eskola presentzialak berriz hastea, baina data atzeratu egin dela, Jaurlaritzaren araua ez delako astean zehar iritsi, eta «segurtasun juridikorik
eza» sor litekeela. 

Erabakia ikastetxe bakoitzaren esku, kritikak entzun eta gero

Uriartek azaldu zuenez, ikastetxe bakoitzak erabakiko du eskola presentzialetara itzuliko den ala ez. «Zentro bakoitzaren errealitatea desberdina da azken asteetan egin duten jardueraren arabera. Batzuek hezkuntza- errefortzu haundiagoa behar dute, eta egoera guztiei
erantzun behar diegu».

Hezkuntza sailburuak azpimarratu zuenez, ikastetxe bakoitza da bere egoera ondoen ezagutzen duena eta, beraz, berak hartuko du ikasgeletara itzultzearen inguruko azken erabakia, baina Hezkuntzako ikuskaritza zerbitzuen aurrean justifikatu beharko duela gogorarazi
du, «horiek izango baitira azkenean abala emango dutenak edo ez dutenak».

Cristina Uriartek esan zuen bere saila datorren ikasturtea prestatzen ari dela eta hainbat eszenatokitan lanean ari direla. «Zer gerta daitekeen ez dakigulako prestatu behar gara. Kontingentzia plan bat izan behar dugu», gaineratu zuen Hezkuntza arduradunak.

Uriartek maiatzaren 7an, adierazi zuen, Batxilergoko ikasleak eta Lanbide Heziketako laugarren mailako ikasleak, klaseetara maiatzaren 18an itzuliko zirela. Hortik aurrera mezu asko eta desberdinak zabaldu ziren ikaskuntzaren arlo eta sektore desberdinetatik.

Sindikatuek ez zuten ongi ikusi erabakia eta egon ziren kritikak ikusita, mezu desberdinak zabaltzen joan dira.

«Lehenengo fasean eskolak irekitzea ez da aipatzen» Denis Itxasoren esanetan

Asteazkenean Denis Itxaso, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak adierazi zuen:  «Lehenengo fasean, eskolez esaten den gauza bakarra da irekitzea, desinfektatzea, garbitzea eta prestatzea dela posible, baina ez eskoletako gelak ireki eta bertan haurrak sartzea».

Hori «azkarregi joatea» zela-eta, printzipioz ez dago lehenengo fasearen aukeren artean. Azaldu duenez, arintze prozesuan baldintza zorrotzagoak jarri nahi badira, ez dago arazorik; bai, ordea, arintze prozesua «gehiegi azeleratu» nahi duten neurriei buruz hitz egitean.
«Ikusiko dugu, bigarren fasera begira, zein diren aukerak». Hala ere, gogorarazi du «oso gutxi » falta dela ikasturtea amaitzeko.

«Eskola kontseiluek erabaki behar dute klaseetara itzuli edo ez»

Kronika astean zehar Hernani Institutuko eta Lanbide Heziketako zuzendaritzekin jarri da harremanetan beraien egoera nolakoa den jakiteko. Aste guztian zehar bilerak egiten aritu dira, baina jakin gabe zeri eutsi.

Asier Mendizabal Institutuko zuzendariaren hitzetan «egunero mezu desberdinak izan ditugu eta ezin zen ezer ere erabaki. Zain gaude. Gainera, zuzendaritzak eskola kontseiluaren erabakiaren zain egon behar du. Kontseiluan daude irakasle, ikasle eta gurasoak eta bertako
erabakia izango da funtsezkoa». 

Hala ere, Hernaniko Institutuan prestaketa lanak eta planak hasi dituzte. Solairuak prestatzen ari dira eta Batxilergo eta DBH 4ko ikasleentzat gelak prestatu dituzte. Gela bakoitzean ikasle erdiak egongo lirateke. Beraz, gela gehiago jarri behar dira martxan eta distantziak mantentzeko lurra seinaleztatuta dago. Datorren astean zehar bilerak mantenduko dira zer egin jakiteko bigarren faseari begira
eta gobernu desberdinetatik zer erabaki eta arau iristen diren.

Egoera berean aurkitzen dira Hernaniko Lanbide Heziketan. «Eskola guztiak berdin gaude, jakin gabe zer erabaki hartuko dugun egunetik egunera gauzak aldatzen doazelako». 

Sindikatuek ez dute ongi ikusten «gauden egoeran» klaseetara itzultzeko erabakia

Sindikatuak ez daude gustora Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakiarekin. Honela, asteartean, ohar bateratu bat kaleratu zuten ELAk, LABek, Steilasek, CCOOk eta UGTk, aurrez aurreko eskoletara itzultzeko aukera ikastetxe bakoitzaren esku uzteko erabakia «are arduragabeagoa » dela iritzita. «Hezkuntza Sailari eskatzen diogu bere ardurak bere gain hartzeko, osasuna bermatuko duten
baldintzak ahalbidetzeko eta itzulera neurriak eragileokin negoziatzeko». Egoera ikusita, protestara deitu zuten, Bilboko Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, Hezkuntza komunitatearen osasuna bermatu, neurriak negoziatu lelopean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!