Astelehenetik aurrera, kaleetako bizia neurri haundi batean itzuli zen, izan ere, herrietako merkataritza lokal txikiek eta hainbat ostalaritza establezimenduk euren ateak bi hilabeteren ostean zabaltzeko aukera izan zuten. Hala ere, segurtasun baldintza ugari betetzea beharrezkoa izan da euren zerbitzuak eskaini ahal izateko.
Tabernariek ere baimena jaso zuten euren establezimenduen ateak zabaltzeko. Hori bai, beti ere lehenengo faseak ezartzen dituen baldintza edo neurriak betez. Horrek ekarri du tabernari gehienek tabernak ez irekitzea. Horrela, Hernanin, Astigarragan, Goizuetan eta Ereñotzun gutxi batzuk ireki dituzte. %15era ez da iristen kaleetan terrazak jarri dituzten tabernak. «Kaxkoan taberna bakarrak ireki du oraingoz, Txokok, beste gutziak itxita gaude» esan du Hernaniko Joxe Mari tabernako arduradunak.
Nahiz eta terraza izan eta lekua, mahaiak kalean jartzeko, Joxe Mari taberna da oraindik ateak zabaldu ez dituen establezimendu horietako bat eta euren nagusiek arrazoiak ematen dituzte. «Oraindik ere ez daukagu ziurtasunik baldintzak betetzeko gai izango garen hasieratik eta nahiago dugu itxaron. Datorren astean ere itxita jarraituko dugu».
«Baldintzek baldintzatzen gaituzte»
Nahiz eta lehenengo fasea heldu den, bete beharreko segurtasun neurriek oso modu nabarmenean mugatuko lukete hainbat establezimenduren aktibitatea, izan ere, terrazaren edukieraren erdia erabili ahal izatea, segurtasun tartea mantendu behar izatea eta bestelako aspektuek oso muga haundia izan daitezke.
Tabernari askoren kasuan, ekonomia arloko kontuak egitea izan da irekiera atzeratzearen arrazoia. «Baldintzek baldintzatzen gaituzte itxita mantentzearen erabakia hartzera». Joxe Mari tabernako nagusiak ez dira salbuespena.
Bigarren fasean irekiko dute sei mahairekin
«Arazo eta aldaketa asko dakarzki denak. Pintxoentzako ere bitrinak jarri beharko ditugu derrigorrez. Detaile asko airean daude» diote Joxe Marikoek.
Udalak terrazen haundiagotzea ahalbideratu dezake. «Sei mahai ezartzeko aukera eskainiko digu, orain duguna baino bat gehiago. Hori bai, mahai artean bi metroko distantzia egon behar da eta mahai bakoitzeko bi pertsona gehienez». Joxe Mari tabernak irekitzen duenean bigarren fasean sartuta egongo da printzipioz Gipuzkoa eta fase horretan barrua ireki dezakete tabernek, nahiz eta edukiera mugatua izan. «Terrazetan hasieran %30 zen eta gero %50era zabaldu zuten, fase horretan printzipioz %30ekoa izango da».
Maiatzaren 25etik aurrera mahai-zerbitzua duten lokalen barruan kontsumitu ahal izango da, edukieraren herena mugatuta eta beti eserita. Beraz, ezin izango da tabernetako barretan egon, eta ez dira martxan egongo gaueko tabernak eta diskotekak.
Taberna prestatu edo egokitu beharra dago baldintza berrietara eta horretan ari dira Joxe Marin. «Komunen gaia nola doan oso ongi ere ez dakit».
Zalantza asko sortu dira eta oztopo guztiak gainditzea zaila da. «Auzoetan taberna gehiagok ireki dituzte terrazak. Agian errazagoa da egokitzea, baina Kaxkoan zailagoa da».
1. fasean terrazak bakarrik, %50eko edukieran eta distantziak mantenduz
Mahai bakoitzean gehienez 10 pertsona egon daitezke, beti ere, mahai horiek horretarako aukera ematen badute, eta ez dago ordutegirik.
Hala nahi duten ostalaritza-establezimenduetako terrazak ireki daitezke, gehienez ere %50eko edukierarekin. Lokalaren barruan ezin da kontsumitu; 1. fase honetan terrazetan bakarrik kontsumitu daiteke, beti ere aipatutako edukiera mantenduz eta mahaien arteko segurtasun-tartearekin. Horietako bakoitzean gehienez 10 pertsona egon daitezke, beti ere mahai horiek horretarako aukera ematen badute. Hau da, lauko mahai batean ezingo dira 10 lagun eseri. Lokal barruko kontsumoa ezin da hurrengo fasera arte onartu, hau da, 2. fasera arte. Teorian, fase hori bederatzi egun barru sartuko litzateke indarrean.
Teorian edozein ordutan joan daiteke terrazetara. Edozein pertsona, adina edozein dela ere, establezimendu horietara joan daiteke.
Terrazetan ondorengo segurtasun-neurriak aplikatuko dira: mahaien arteko urruntzeaz gain, kontaktua saihesteko ahalegina egingo da. Kartak arbeletan erakutsiko dira; adibidez. Txarteldegiak egongo dira langileek beren gauzak utzi eta batak bestea ez ukitzeko, eta, besteak beste, erabiltzeko eta botatzeko mahai-zapiak erabiltzea gomendatzen da. Halaber, egunean bitan desinfektatuko dira establezimenduak.
Nolanahi ere, gutxienez bi metroko distantzia mantendu beharko da mahaien edo mahaien multzoen artean. Bezero baten eta bestearen artean, mahaiak desinfektatuko dira eta baita erabilera partekatuko edo harremanetarako azalera guztiak ere. Erabilera komuneko kartak erabiltzea saihestuko da eta txartelarekin ordaintzea sustatuko da. Gainera, mahaietatik autozerbitzuko produktuak kenduko dira, hala nola, olio-ontziak, ozpinak, eskuzapiak edo zotzak emateko gailuak.