Kimera

«Oso pozik gaude jendeak emandako erantzunarekin»

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 16a, 00:00

Roberto Dos Santos, Kimerako fisioterapeuta.

Kimera fisioterapia zentroa gaur hamar egun hasi zen lanean, eta emaitza, Roberto Dos Santosen ustez, «aurretik egindako lan onaren seinale da».

Kimera fisioterapia zentroa da le­he­nengo fasearekin batera ateak ireki dituen beste zerbitzuetako bat. Hori bai, neurri zorrotzak har­tu dituzte errealiate berri honetara egokitzeko. Roberto Dos Santos da bertan lanean aritzen den fisioterapeutetako bat eta lanera nola eta zer moduz itzuli diren azaltzen dio Kronikari.

«Orain erritmoa aldatu da. Protokolo berria jarri dugu martxan eta bezero bakoitzarekin denbora gehiago egoten gara. Lehen erritmo biziagoa izaten genuen paziente bakoitzarekin, orain denbora gehiago eskatzen digu eta bezero bakoitza sartu eta joaten den garaian desinfektazio-garbiketa protokoloa bete behar da». Horrek dakar bezero batetik besterako tarteak zabaldu egiten direla. Betiko lanaz gain, garbiketak eta prestaketa lanak (arropa egokiarekin) egin behar dituzte fisioterapeutek.

Tratamenduarentzako onurak ekarri dituela esaten du Robertok. «Ez gara geratzen, denbora gehiago behar dugu, baina ez gara kexatzen». Fasetik fasera baldintzak aldatzen joango dira eta itxaron-gelak fase honetan, Kimeraren Donostia, Astigarraga eta Hernaniko zentroetan,  ez daude gaituta edo habilitatuta. «Pazienteari eskatzen zaio ahalik eta puntualena izatea; batez ere, berandu ez etortzea eta ahal badu, aurretik ere denbora askorekin ez iristea, bestela kanpoan egon behar baitu zain».

«ERTEa onartu ziguten»
Hiru zentroetan hartu dute erabaki hau nahiz eta gauden lehenengo fase honetan itxaron-gelak erabili daitezkeen, beti ere bi metroko segurtasun neurria errespetatuz. «Guk erabaki dugu oraingoz itxaron-gela gabe jarraitzea. Aurreko asteko asteazkenean hasi ginen horrela, eta horrela jarraituko dugu. Horrek bi metroko segurtasun eremua ziurtatzen digu».

«Pazienteari eskatzen zaio ahalik eta puntualena izatea; batez ere, berandu ez etortzea eta ahal badu aurretik ere denbora askorekin ez iristea; bestela, kanpoan egon behar baitu zain»

Aurreko asteko asteazkenean, maiatzaren 6an ireki zituen ateak berriz ere Kimerak. «Konfinamenduan linboan egon gara arauetan ez gintuztelako aipatzen. Badirudi lehen premiazko zerbitzua zela gurea, baina erabaki genuen ateak ez zabaltzea. Badaude zentroak erabaki zutenak lana egitea, baina horretarako jantzi egokiak, kasu honetan EPI egokiak, behar ziren. Guk borrokatu genuen lehen premiazkoak ez izateko, funtzeskoak ez ginela esan genuen eta honela lortu genuen ez derrigortuak egotera irekitzera. ERTEak ematea lortzeko pauso bat zen eta beste batzuei berriz ez diete eman». 

Lanean protokolo zorrotza betez hasi dira
Ziurgabetasunez betetako hilabetea izan dela aipatzen du Roberto Dos Santosek.»Gu egia esan ongi egon gara eta maiatzaren 6an berriz ere lanean hasi ginen protokolo berriarekin». Protokolo horren arabera bezeroa etorri aurretik dena garbi, desinfekatua egon behar du gelak. «Itxaron-gelarik gabe fisio bakoitza bezero banarekin egoten da. Euskadiko fisioterapeuten eskolak ezarritako protokoloari moldaketak gehitu dizkiogu segur­ta­suna oraindik eta gehiago ziurtatzeko; bai gurea eta baita bezeroena ere. Bezeroari eskatzen diogu plastikozko galtzerdi edo kaltza batzuk jartzeko, gel hidroalkoholikoarekin garbitzeko eskatzen diogu eta maskarilla eta eskularru kirurgikoak janzteko esaten diogu. Prestatuta, salara sartzen da eta arropa erantzita berriz ere gel hidroalkoholikoarekin garbitzen da. Tratamendua egiten zaio EPI egokiarekin eta behin amaituta berriz ere garbitzen gara fisioak eta bezeroa jantzi den gela. Ordaintzeko txartela eskatzen dugu».

Behin amaituta, bezeroak eskularruak eta maskarilla etxera eraman ditzake. Joan aurretik eskuak berriz garbituko dira. Hori bai, behin joanda, sala, kamilla eta bezeroa egon den edozein leku berriz ere desinfektatzen da (aulkiak, arropa uzteko zurtoina) hurrengo bezeroa sartu arte. «Eremu komunak (pasiloa, komunak eta itxaron-gela) bi aldiz desinfektatzen dira egunean zehar». 

«Bezeroekin erritmoa jaitsi egin dugu, baina denbora gehiago erabiltzen dugu garbiketan»
Bezero bakoitzari denbora gehiago eskaintzeak bere onurak ditu Roberto Dos Santosen hitzetan. «Erritmoa jaitsi egin da pazienteekin, denbora eskatzen du eta lasaiago ari gara lanean bezeroekin. Hori bai, ez gara geratzen eta lana egiteko era aldatu egin da protokoloarekin».

Lanean hasi direnetik jendearen erantzuna oso ona izan da Kimeran. «Jendek nola erantzungo zuenaren zalantza genuen, baina 16 urte daramatzagu eta horrek bezeroen fidelizazioa ekarri du eta gure kasuan mesede egin digu. Maiatzaren 4tik jendea deika hasi zen ordua hartzeko eta asko eskertzen diegu. Aurreko urteetako lanaren fruitua da eta oso pozik gaude jendeak emandako erantzunarekin. Zalantza genuen ea paziente asko mugitzen den leku batean jendeak beldurra edukiko zuen edo ez bertara etortzeko, baina erantzuna ezin hobea izan da. Segurtasuna bermatu dugu».

«Tratamendua egiten da EPI egokiarekin eta behin amaituta, berriz ere garbitu eta desinfektatzen gara fisioak eta bezeroa jantzi den gela. Ordaintzeko txartela eskatzen dugu»

Segurtasun eta lasaitasun hori ziurtatzeko Kimeratik infografia lana egin dute eta bezeroa iritsi aurretik protokoloa zein den azaltzen zaio, kontuan zer eduki behar duten eta nola prestatu. «Baliabide guztiak jarri ditugu eta oso ongi doa gauza oraingoz».

Bi motako lesioak, aktibitate faltagatik eta neurriz pasatzeagatik
Arazo fisiko edo lesioen aldetik konfinamenduaren eragina ere nabaritu dute Kimeran. «Fisioen artean komentatu dugu. Bezeroak bi motako arazoekin etorri dira. Batzuek, gorputzean mina nabaritu dute jarduera edo aktibitate faltagatik eta besteek, arazoak izan dituzte gorputza gehiegi estutu dutelako ohitu gabeak zeudenean edo lehen erabiltzen ez zituzten artikulazioak erabili dituztelako». YouTubeko tutorialen eragina nabarmendu du Roberto Dos Santosek. «Edozeinek jarri  dezake YouTube eta bertan esaten zaiona egin dezake, pertsonalizatu gabe enrenamendua edo jarduera, bere maila kontuan hartu gabe edo gai dela pentsatuz. Askok lasaiago hasi behar zuten. Eliptika, zinta, bizikletarekin... Neurriz kanpo aritu dena ere etorri da arazoekin». 

Faseen aldaketekin Kimerak berdin jarraituko du bere jarduera. «Fase berrietan murriztu egingo dira mugak, askatasun gehiagorekin, baina guk gure protokoloarekin segiko dugu. Modu honetan lanean jarraituko dugu ekainaren 26ra arte. Presarik ez zaigu sartuko eta konfinamendu honek ere erakutsi digu gelditu eta erritmo frenetiko hori jaisten. Denbora eskainiko diogu gauzak ongi egiteari, zutabe sendoak jarri nahi ditugu».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!