Koronabirusak eragindako egoeraren aurrean, asko izan daitezke herritarrek izan ditzaketen zalantzak, enplegu arloan zein dirulaguntzetan, esaterako. Eta horiei erantzuteko, informazio eta aholkularitza zerbitzua jarri du martxan Beterri-Buruntzak.
Norbanako, langabetu zein familientzako laguntza zerbitzua izango da: «helburua da, herritarrek enplegu arloan zein dirulaguntzen inguruan dituzten kontsulta espezifikoei erantzuna ematea, eta egoera bakoitzaren arabera jarraitu beharreko prozedura-jarraibideei buruzko informazioa, orientazioa eta aholkularitza ematea», azaldu dute.Zerbitzua jaso nahi dutenek, bi bide dituzte horretarako. Batetik, kontsulta egin dezakete internet bidez, beterriburuntza.eus web orrian, COVID-19 atalean sartu eta galdetegia beteta. Bertan aurkituko dituzte, baita ere, zerbitzuaren ezaugarri gehiago.
Eta bestetik, telefonoz ere eskatu daiteke laguntza, zenbaki honetara deituta: 688 774 650. Bi kontsulta mota egin ahal izango dira. Alde batetik, enplegu orientazioa eta hainbat kudeaketa izapidetzeko laguntza teknikoa eskatu daiteke. Eta bestetik, dirulaguntza eta neurriei buruzko informazio eta aholkularitza zerbitzua ere eskainiko dute.