Errenta aitorpena presentzialki egin daiteke gaurtik Gipuzkoan, eta zabalik egongo da Hernaniko bulegoa

Kronika - Erredakzioa 2020ko mai. 13a, 00:00

Dagoeneko eskatu daiteke hitzordua, aitorpen mekanizatua egiteko: 943 11 30 00 telefonora deituta, edo 'www.gipuzkoa.eus' webguneko Ogasuna atalaren bitartez. Nafarroan, aitorpen gidatua egin daiteke, bulegokoaren antzekoa.

Martxan da gaurtik, Gipuzkoan, errenta aitorpena aurrez aurre egiteko modalitatea, mekanizatua. Eta zabalik egongo da, horretarako, Hernaniko bulegoa ere, Latsunbeberriko 8 eta 9 zenbakietan dagoena.

Horrez gain, beste 10 bulego ere egongo dira zabalik; Urumea bailaratik gertukoenak, Donostiako hiruak: bulego nagusia, Errotaburu pasealekuko 2garren zenbakian; beste bulego bat, Secundino Esnaola kaleko 10 eta 12 zenbakietan; eta hirugarrena, Sancho El Sabio kaleko 9an.

Gainerako bulegoak, egongo dira Azpeitian, Beasainen, Bergaran, Eibarren, Irunen, Errenterian eta Tolosan.

Bulegoak goizez egongo dira zabalik, 08:00etatik 14:00etara, astelehenetik larunbatera. Eta aitorpena aurrez aurre egiteko, hitzordua eskatu beharko da aldez aurretik. Bi modu daude aukeran, horretarako: telefonoz deituta 943 11 30 00 zenbakira; eta www.gipuzkoa.eus webgunean, Ogasuneko sailean, Errenta mekanizatuaren hitzordua atalean: www.gipuzkoa.eus/eu/web/ogasuna/errenta/hitzordua.

Beste modalitateetan bezala, uztailaren 29ra arte izango da epea, aurrez aurreko aitorpena egiteko ere. Hitzordua, uztailaren 7ra arte eskatu daiteke. 

Gomendioak, bulegoetara joan aurretik
Errenta aitorpena era mekanizatuan egin nahi dutenei, eta zita hartu ondoren, zenbait gomendio kontutan hartzeko eskatu diete. Batetik, garrantzitsua da dokumentazio egokia aurkeztea; eta horretarako, web orrian zein telefonoz kontsultatu daiteke, zein den aurkeztu beharrekoa. Bestetik, NAN originala eraman behar da. Eta hirugarrenik, idatziren bat aurkeztu behar izanez gero, duplikatuta eraman behar da.

Bestalde, gaurtik aurrera bulegoan egin daitekeen arren, aitorpena online egiteko gonbitea luzatu dute berriro, osasun alarma egoera dela eta. Hori, Zergabidea programaren bitartez egin behar da, ondorengo webgunean: zergabidea.gipuzkoa.eus.

Hemen ikusgai daude, Kronikak argitaratutako jarraibideak, online egiteko.

Nafarroan aitorpen gidatua, bulegokoaren antzeko
Martxan da errenta aitorpenaren kanpaina, Nafarroan ere; baina aurten, ez da aurrez aurre egiteko aukerarik izango, osasun alarma egoeragatik. Aukeran dagoena, internet bidezkoarekin batera (renta.navarra.es), aitorpen gidatua da. Alegia, Ogasunak egingo du zure aitorpena, zuk emandako datuekin.

Horretarako, hitzordua eskatu behar da aurrena, telefonoz: 948 50 55 05 edo 948 50 55 06, astelehenetik ostegunera 08:3017:00 ordutegian, eta ostiraletan 08:30-15:00 ordutegian. NAN eta izen-abizenak eskatuko dizkigute, eta telefono zenbaki bat. Orduan, esango digute posible ote dugun aitorpen gidatua egitea, ez baita posible denentzat. Eta horrela bada, SMS bat bidaliko digute, jarraibideekin. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!